Mendelu auzoaren etorkizunak arduratzen du Hondarribiko Udala. Azken urteetan, itsas-koefiziente altuekin eta marea biziekin batera, hainbatetan eman dira uholdeak bertan. Bereziki, Letxunborro errekak gainezka egiten duelako. Eta auzoko hainbat etxebizitza (Josu Langilekoak) zero kotatik behera eraikiak egoteak ez du laguntzen.
Atzo Mendelu auzoaren inguruko arazoei aurre egiteko bilera egin zuten Hondarribiko Udalak eta Uraren Euskal Agentziak (URA). Erakunde honetako zuzendari nagusia Asier Lopez Etxebarria eta Igor Enparan Araneta Hondarribiko alkateaz gain, Jose Maria Saez de Galdeano URAko Planifikazio eta Obretako zuzendaria eta Lorea Zangitu udal arkitektoak ere hartu dute parte. Izan ere, hondar-zakuak jartzeaz gain, bestelako injenieria edota hirigintza neurriak aztertzen ari dira. Eta joan den ekainean aurkeztu zien udalak auzoko bizilagunei iaz egindako Azterketa Hidrografikoaren txostena.
Mendelu auzoak jasaten duen uholde arriskuari buruz ez ezik, Zumardia (Alameda) eta Kosta inguruko arazoei buruz ere mintzatu dira. Eta erakundeen arteko lanketa ezinbestekoa izango dela azpimarratu du alkateak. Gai hau Estitxu Urtizbereak, Hirigintza arloko zinegotziak hartu du bere gain azken urte eta erdian. Antxeta Irratian azaldu digunez, gaur egungo egoera zaila bada ere, egindako Azterketa Hidrografikoak eszenatoki okerragoak aurreikusten ditu epe ertain eta luzera begira.
Klima aldaketaren ondorioei egokitu beharra
Aipatutako azterketaren emaitzak aurreikusi dituen hiru eszenatokiak ez baitira lasaitua hartzeko modukoak izan. Gaur egungo egoera, 2045 eta 2100 urtera begirako aurreikuspenak egin dituzte adituek. «Larria da gaur egungo egoera, marea altuenetan metro bateko inundagarritasuna eman daitekeela auzoko zenbait eremutan, eta pentsa zer nolako triskantza handiak eragin ditzakeen etxebizitzen beheko solairuetan», azpimarratu du Urtizbereak. Are larriagoa da 2045 urterako eszenatokia. «Kasu horretan 1,50 metroko uholdegarritasunaz hitz egiten ari gara», argitu du alkateordeak. Eta 2100 urterako beste bi aukera aurreikusten dituzte, «oraindik ere badagoelako esperantza gizateriak aldaketa klimatikoa arintzeko neurriak hartzeko gai izango dela» desiratzen du hautetsiak. Baina edozein kasutan ere 2 metro arte igo daiteke uraren maila marea bizienetan. «Pertsonen bizitzak arriskuan jar dezaketen egoera batetaz ari gara», argitu du.
Hondarribiak itsasoa du alde batetik, baina padura bestetik. Mendelu, Kosta, Alameda eta Minasoroeta edota Portua auzoa ere hunkitua izan daiteke etorkizun batean. Baina Mendeluk du neurriak hartzeko premiarik gorriena une honetan. Egoera honen aurrean, aurreikuspenez lan egin beharra dago, beste erakundeekin lankidetzan. Aterabide zenbaitzuk aurreikusi dituzte.
Neurriak hartzerako garaian, Ura Agentzia edo Espainiako Kostaldeko Agintaritza bezalako administrazioen oniritzia beharrezkoa izango du Udalak. Baina araudiaren arabera, Letxunborro errekastoa ezin da okupatu eta ezin dituzte elementu finkoak ezarri. Urtizbereak azaldu duenez, mendebaldean piszina moduko bat egitea da aterabidea. Argitu digunez, «urbanizatua dagoen eremuaren inguruan Josu Langile eta Lauhaizeta etxebitzak babesteko lurrezko mendixka bat egin beharko litzake». Ekialdera, aldiz, Mendelu errekastoan desmuntagarriak diren konportak ezarri beharko lituzkete, eta egin beharreko inbertsioa udalak hartu beharko luke bere gain.