Joan den abuztuaz geroztik marea biziekin auzoan jasan dituzten uholde episodio desberdinak arduratzen ditu Mendeluko bizilagunak. Tartean alerta berriei auzolanean eta hondar zakuekin aurre egiteko epe laburreko neurria adostu zuten udaberri hasieran. Baina klima aldaketaren ondorio zuzena izanik, epe luzera begira jarri da Hondarribiko Udala. Eta enkargatutako Azterketa Hidrologikoaren «emaitza kezkagarriak» duela 10 egun jaso zituztela, Udal Gobernuak «auzora bertara joan eta emaitza partekatzeko beharra» ikusi du.
Atzo Mendelu eta Gibeletako bizilagunekin bilera irekia egin zuten Igor Enparan alkateak eta Estitxu Urtizberea alkateorde eta Hirigintza hautetsiak. Eguzki auzo elkartea jendez gainezka topatu zuten. Estitxu Urtizbereak aitortu du «txundituta» geratu zirela hainbeste jende ikusita. Izan ere, Mendelu-Gibeletako 900 bat bizilagunetatik 100ndik gora bildu ziren bilera ireki honetan. Halere, «gaiak auzoaren inundagarritasuna eta TAO sistemaren ezartzea zirela ikusita», ulergarritzat jo du alkateordeak.
Uholdeen gaiari buruz, bilerak erdixka baizik ez zituen lasaitu auzokideak. Udalak neurriak hartzeko prestutasuna badu ere, aipatutako azterketaren emaitzak aurreikusi dituen hiru eszenatokiak ez baitira lasaitua hartzeko modukoak izan. Gaur egungo egoera, 2045 eta 2100 urtera begirako aurreikuspenak egin baitituzte adituek. «Larria da gaur egungo egoera, marea altuenetan metro bateko inundagarritasuna eman daitekeela auzoko zenbait eremutan, eta pentsa zer nolako triskantza handiak eragin ditzakeen etxebizitzen beheko solairuetan», azpimarratu du Urtizbereak.
Are larriagoa da 2045 urterako eszenatokia. «Kasu horretan 1,50 metroko uholdegarritasunaz hitz egiten ari gara», argitu du alkateordeak. Eta 2100 urterako beste bi aukera aurreikusten dituzte, «oraindik ere badagoelako esperantza gizateriak aldaketa klimatikoa arintzeko neurriak hartzeko gai izango dela» desiratzen du hautetsiak. Baina edozein kasutan ere 2 metro arte igo daiteke uraren maila marea bizienetan. «Pertsonen bizitzak arriskuan jar dezaketen egoera batetaz ari gara», argitu du. Eta hala bada, Mendelu ez ezik, Hondarribiko hainbat eremu hunkituak egongo lirateke. Baina Mendeluk du neurriak hartzeko premiarik gorriena une honetan. Hortaz, atzoko bileran egoeraren berri emateaz gain, konponbide posibleak ere aztertu zituzten bizilagunekin.
Klima aldaketa Hondarribiak ez du geldiaraziko. Beraz, neurriak hartzerako garaian, Ura Agentzia edo Espainiako Kostaldeko Agintaritza bezalako administrazioen oniritzia beharrezkoa izango du Udalak. Baina araudiaren arabera, Letxunborro errekastoa ezin da okupatu eta ezin dituzte elementu finkoak ezarri. Baina ingeniariek 6 hilabeteko epean egingarriak diren Mendelu auzoa babesteko zenbait neurri proposatu dituzte. Urtizbereak azaldu duenez, mendebaldean piszina moduko bat egitea da aterabidea. Argitu digunez, «urbanizatua dagoen eremuaren inguruan Josu Langile eta Lauhaizeta etxebitzak babesteko lurrezko mendixka bat egin beharko litzake». Ekialdera, aldiz, Mendelu errekastoan desmuntagarriak diren konportak ezarri beharko lituzkete, eta egin beharrkeo inbertsioa Udalak hartu beharko luke bere gain. Aipatutako beste bi eszenatokietan, berriz, izan 2045 zein 2100 urtera begirakoak, neurri latzagoak hartu beharko liratekeela onartu du udal agintariak. «Etxe realojoetaz ari gara, adibidez, eta jarduketa handiagoetaz, beste administrazioen inplikazioa eskatuko luketenak», dio Hirigintza udal ordezkariak.
TAO sistema eztabaidan
Atzoko bileraren bigarren eztabaidagaia, TAO aparkaleku sistema izan zuten. «Kotxea ukitzen dugun bakoitzean jendea asaldatu egiten da, eta normala da, denok lanetik bueltatzen garenean buruhausteak ditugulako aparkatzeko», dio alkateordeak. Baina auzoan TAO sistema ezartzeko erabakia, hain justu, arazo hau konpontzeko hartu dela azpimarratu du Urtizbereak. Izan ere, Irungo Udalak El Pinar-San Miguel auzuneetan TAO sistemarekin arautu zuenetik, aparkalekuen presioa Mendelu eta Gibeletara hedatu dela ondorioztatu du Udalak. «Jende asko bertan aparkatu eta Irunera doa bere gauzak egitera, eta auzokoek pairatzen dute gero ondorioa», esan du hautetsiak.
Bestalde, Mendelu osorako TAO sistemak ez du dirua biltzeko helbururik bere esanetan. «Makinan ez da dirurik sartu behar, botoiari eman eta tiketa ematen du. Helburua ez da rekaudatorioa izan, bizilagunak babestea baizik», azpimarratu du. Bileran emandako azalpenak ez ditu auzokide guztiak asetu dirudienez. «Batzuk ondo ikusi dute, neurri hau eskatu izan baitute askok, baina beti badaude egoera partikularrak eta konforme ez dauden bizilagunak ere», argitu du Estitxu Urtizbereak. Eta beraz, kasu guztiak aztertuko dituztela eta aldaketak egin behar baldin badira egiteko prest daudela gaineratu du.
Haatik, Mendelun ez ezik, herri osoari eragiten dion aparkaleku arazoari buruzko ikerketa bat abian jarri du Hondarribiko Udalak. Bereziki turismo sasoi handienetan. Zinegotziak aitortu du, ez dela TAO sistemarekin koponduko den arazo bat, eta beraz, hausnarketa sakona behar dela. «Herritarrak benetan haserretzen dituen gai bat da, baina disuasio aparkalekuak, autobus zerbitzuak indartzea… neurri asko hartu beharko ditugu, aldaketak ekarriko dituztenak», iragarri du.