Ulises (Odiseo) greziar mitologiaren kondairazko heroiak 10 urte eman zituen itsasoan Itaca uhartera itzultzea lortu zuen arte. Homerok idatziriko Iliadaren protagonistak egin zuen antzera, aldiz, bestelako erronka batean murgilduta gaude gaur egun itsasoen kontserbazioari dagokionez: plastikoen odisea.
Zientzia dibulgatzaileek ozeanoetan plastikozko uharteak erabili ohi dituzte itsas-kutsaduraren arazo larria irudikatzeko. Eta Bizkaiko Golkoan, gure Kantauri Itsasoan halako uharte ikusgarririk ez badago ere, hondakin plastikoak itsas-korronteen menpe dabiltza. Azalean eta itsas hondoan ere. Hondakin hauen iturria eta ibilbidea identifikatu nahian dabiltza AZTI ikerketa zientifiko eta teknologikoko itsas biologoak.
Aldiz, Ulises ez bezala, plastikoa ez da 10 urteren buruan etxera itzultzen. Adituen arabera, gizakiak sortutako itsas-hondakinen %90 polimero aniztasun handiko plastikoa da. Eta ororen %70k itsas-hondoan bukatzen du. Edo zehatzagoak izateko, gizakiak jaurti ondoren bertan hasten da milaka urte beharko dituen prozesua egiten, etengabe txikitu baina desagertu ez, oraindik ere jakinak ez diren ondorioekin.
«Abiapuntua hori da, gure ekosisteman ez zen plastikorik egon behar, badago eta asko gainera! Gure hipotesia zen Kantauri Itsasoan kutsadura maila txikiagoa zela, baina ohartu gara Mediterraneo Itsasoan dagoen makroplastiko eta mikroplastiko antzeko dagoela», dio Oihane Cabezas Basurko irundarrak. Itsas biologoa eta itsas kontserbazioan aditua da, eta AZTI erakundea 2016an «itsas-hondakinen errealitate kezkagarria» aztertzen hasi zenetik dabil horretan buru-belarri.
Hondakinak ur-korronteen menpe
Eskuartean duen proiektuak ULISES du izena. Haatik, argitu digunez, azken urteetan proiektu batek hurrengoari jarraipena ematen ari dio etenik gabe. «Hasieran oso gutxi genekien itsasoan dagoen plastikoari buruz, eta asko dago oraindik argitzeko itsas-hondakinetaz, baina ikertzen hasi eta garapena esponentziala izan da», dio Oihane Cabezasek.
Proiektu horietariko bat LEMA izenekoa izan da. Kontatu digunez hiritar-zientzia egiteko helburuarekin, eskolartekoekin eta Albaolarekin lankidetzan abian jarri zuten 2020 urtean. «Egurrezko mila itsasontzi txiki itsasoratu genituen, aurretik eskoletan haurrek apaindu egin zituzten, eta ur-korronteen menpe utzita, hondakinek egiten duten ibilbidea identifikatzeko helburua genuen», dio, «askatu genituen mila horietatik %40 berreskuratu dugu honezkero eta informazio oso interesgarria lortu dugu».
Izan ere, Albaolak sortutako txalupa txiki horiek ikerketa zientifikoaren berri emateaz gain, AZTIrekin harremanetan jartzeko informazioa inskribatua daukate. Hala, Euskal Herriko txoko askotan topatu izan dituzte, baina Azoreetara (Ozeano Atlantikoa) edo Frantziako iparraldeko kostaldera ere iritsi dira, handik deitu baitiete urteotan halako baten aurkikuntza egin dutela esanez.
Proiektu honekin zenbait pista lortu dituzte, baina hiritar-zientziaren garrantzia azpimarratzen du itsas biologoak. «Haurrek eskolan itsas-hondakinen arazoaz jabetu, ikerketan parte hartu eta zientzia egitea zer den ezagutzea inportantea da etorkizuneko zientzialariak beraiek izango direlako», dio AZTIko ikerlariak.
Aurreratu digunez, urrats bat harago joango dira orain, eta egurrezko itsasontzi garatuagoak lantzen ari dira, GPSz hornituta monitorizatzeko aukera emango dietenak. Izan ere, teknologia berriak erabiltzen dituzte. Eta aitortu digunez, Europan aitzindariak diren ULISES eta SUMIDEROS proiektuetan biltzen ari diren datu kopuru itzela aztertzeko, diziplina anitzeko zientzialari-taldea osatzen dute. «Zorte handia dugu, itsas biologoak gaude, baina kimikoak, ingeniariak, matematikoak, informatikoak, ekonomialariak ere badira, denetarik», nabarmentzen du.
Itsas hondoko mapa eta ibaiak
Haien azken proiektuan Bizkaiko Golkoko itsas hondoan pilatzen den zaborra biltzeko kanpaina ozeanografiko bat egin berri dute. Ondarroako Eguzki Lore arrantzontzi arrastreroan ibili dira 10 egunez «arrantzan». «Itsas hondoa nolakoa den aztertu eta bildu nahi genituen laginen arabera 15 minutuz askatzen genituen arrantza-sareak hondalezean ala sakonera ezberdinetan, eta jasotzerakoan beti topatu ditugu plastiko hondakinak», dio goibel, «beti irudikatzen dut horrela, itsasoa hustuko bagenu, plastikoz kutsatutako larre zabalak ikusiko genituzke, egoera kezkagarria da».
Datu bilketa egun gutxitan egin daiteke, baina bildutako informazioa laborategian aztertzeak lan handia emango die aurrerantzean. Hala ere, dagoeneko zenbait ondorio atera dituzte euskal kostaldeko hondakinen iturriaz. Baita haien joan-etorriaz ere. «Argi dago hondakin gehiena lehorretik datorrela, eta erreka eta ibaietatik itsasoan amaitzen duela», kontatu digu. Horregatik, proiektu honetan itsasoa ez ezik, ibaiak eta itsas-adarrak ikertzea funtsezkoa da.
AZTIko zientzialariek ULISES proiektuaren baitan, Zadorra, Nerbioi eta Deba ibaiak aztertuko dituzte urtaro ezberdinetan laginketak eginez. Cabezasek dioenez zenbait arraun elkarterekin ere harremanetan sartu dira, haiek topa ditzazketen hondakinak jasotzeko. «Zenbat eta datu gehiago errazago har daitezke neurriak, kopuruaren arabera udal ezberdinekin hitz egin dezakegu, iturria zein den argitu edo neurriak hartu ahal izateko», segurtatzen du, ekimenak ondorio praktikoak dituela argituz. Bestalde, bokaleetan ere bideo-kamera adimendu batzuk jarriko dituzte zabor mota identifikatu eta monitorizatzeko.
Bestalde, hondakin plastiko asko arrantza sektoretik eta itsas-jarduera ekonomikoetatik eratorria dela aitortu digu. Zentzu honetan, egindako ikerketa hauek guztiek Europa mailan lege berriak sustatzeko eta material berriak ikertzeko baliagarria dela dio. Arrantza sektorean, adibidez, deskonposatzen ez diren polimerozko sareak erabili beharrean, material biodegradagarriengatik ordezkatzeko ikerketan dabiltza orain.
Dena dela, hondakinen jatorri garrantzitsuena ibaiak izan ohi direla argitu ondoren, haien helburua itsasoaren kontserbazioa da. Eta gure kostaldeak itsasoaren osasunaren ispilu dira. «Ekaitza dagoen bakoitzean ikusten dugu gero, ibaietatik itsasora doan eta gizakiok jaurtitzen dugun zaborraren parte bat itzultzen digula», dio Oihane Cabezasek, «tamalez, gehiena itsas hondora doa, eta denboraren poderioz txikitzen doa, eta diotenez zeluletaraino iritsi daitezkeen nanoplastiko bilakatzen dira».
Ondorio zenbaitzuk
Dena argitzeko dago oraindik. Baina zientzia eginez hainbat ondorio atera dituzte garbian dagoeneko. «Itsasoan, urarekin batera, hondakinen errekak edo ibaiak sortzen direla ohartu gara, eta akumulazio guneak sortzen dira», azaldu digu, «adibidez, Lapurdin eta Landetan lauzpabost aldiz plastiko gehiago dago Gipuzkoa pareko itsasoan baino, ez gehiago kutsatzen dutelako, hondakin-korronteak eramaten dituelako baizik».
Proiektua garatzen ari dira, eta SUMIDEROS delako ekimenean puntako teknologia eta Adimen Artifiziala (IA) ere erabiltzen ari dira itsas-hondakinak satelite bidez monitorizatzeko. Elecnor Deimos enpresa aeroespazialarekin ari dira lankidetzan. «Konturatu gara satelitez hondakin errekak ikusten ditugula, baina arazoa da Euskal Herrian maiz hodeiak ditugula eta lanketa zailtzen du», argitu du AZTIko ikerlariak.
Asko dute oraindik egiteko. Eta plastikoen arazoari neurri hartzea, ingurumenaren ikuspegitik gizakiok dugun erronkarik handienetakoa dela uste du. Horregatik ere, abiapuntu izan zuten LEMA proiektuan askatutako egurrezko 1.000 txalupetatik berreskuratzea falta diren 600 horiek noizpait agertuko direlako esperantza ez dute galtzen. Eta ikerketa ozeanografiko eta goi mailako teknologiaz harago, eskolartekoekin halako proiektu gehiago garatu ahal izatea espero du Oihane Cabezas Basurkok. «Etorkizuna haiengan dugu, eta sentsibilizazioa garrantzitsua da, baina bokazio zientifikoak sustatzeko aukera ematen digu eskoletan, izan ere, joera dute karrera batzuetara jotzeko eta emakumeen presentzia ere indartu behar dugu zientzian».