Lurraldebusek bidaiari marka guztiak apurtu zituen 2024an, Bidasoaldean ere

Antxeta Irratia 2025ko ots. 21a, 11:26

E25 (Hondarribia-Irun) lineak 1,2 milioi bidaiari izan dituen bitartean, ekainaren 20tik irailaren 30era bitartean 110.000 bidaiari izan zituen E30 Hondarribiko aireportua-Donostiaren arteko lotura zerbitzu erregularra izango da 2025ean emakida berria indarrean sartzean. Lurraldebusek aurrekontu historikoa dauka aurten, 61 milioi eurokoa, zerbitzu berezien eta eskualdeen beharrei erantzuteko.

Irungo Udalak Irunbsu zerbitzuekin bezala, Lurraldebusek ere marka guztiak apurtu ditu Gipuzkoan bigarren urtez jarraian. 2024 urtean 28,8 milioi bidaiarirekin itxi du, aurreko urtean baino %8,71 gehiago. Oraso-Bidasoaldeko autobus zerbitzuei dagokienez, batez bestekoaren maila beretsuan emendatu da erabiltzaile kopurua, %8,19 igoerarekin. Eta Lurraldebusek kudeatzen dituen zazpi eskualdeetatik gehien igo den laugarrena dela azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Goierri (% 15,45), Buruntzaldea (%12,52) eta Tolosaldearen (%8,46) atzetik. Baina Debagoiena (% 7,11), Urola Erdia, (%6,58) eta Urola Kosta-Debabarrena (% 5,34) eskualdeek jasotako hobekuntza gaindituz.

Gure eskualdeko autobus zerbitzuei dagokienez, E25 (Hondarribia-Irun) lineak 1,2 milioi bidaiari izan ditu. Hala ere, E02 linea (Oiartzun-Errenteria-Pasaia-Donostia N-I errepidetik) izan da erabiliena, 1,6 milioirekin. Era berean, Lurraldebusek 12.231 errefortzu eskaini dizkie linea arruntei, egun berezietan, jaietan eta jende asko bildu diren ekitaldien beharrak asetzeko. Horietatik Oarsoaldea eta Bidasoan 1.595 zerbitzu berezi eman dituzte.

Halaber, udako hilabeteetan, ekainaren 20tik irailaren 30era bitartean E30 Lurraldebus linea zuzen berri batekin indartu dute Hondarribiko aireportua eta Donostiaren arteko lotura. Zerbitzu honekin iaz E21 linearen erabiltzaileek pairatu behar izan zituzten eragozpenak errepika ez zitezen bilatzen zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta esperientzia baikorki baloratu dute agintariek. Zentzu honetan, Hondarribiko Udalak linea horretan Foru Aldundiarekin elkarlanean jarraituko duela iragarri zuen urrian. Eta Dominguezek argitu duenez, zerbitzu hau erregularra izango da Oarsoaldean eta Bidasoan emakida berria martxan jartzen denean. Joan den ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean 110.000 pertsonak baino gehiagok erabili dituzte zerbitzu horiek.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik garraio publikoa sustatzeko politikak bultzatzen jarraituko dutela azpimarratu du Azahara Dominguez diputatuak. Eta iragarri duenez, Lurraldebusek bere historiako aurrekonturik handiena izango du 2025ean, zerbitzua hobetzen jarraitzeko eta gipuzkoarren benetako beharretara egokitu dadin. «Garraio publikoa inor bazterrean utzi gabe, herritarrei hezkuntza, osasuna, lana edo aisialdira sarbidea bermatzen die, eta horren erabilera bultzatzen jarraituko dugu errenta-maila edo bizilekua edozein izanda ere», adierazi du Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru arduradunak. 

Azahara Dominguezek argitu duenez, Gipuzkoako garraio publikoaren historian egindako inbertsiorik handiena izango da aurten. Mugikortasun eta Garraio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak dituen 73,4 milioi euroetatik, 61 milioi
Lurraldebusi zuzenduko baitzaizkio, «bereziki erabiltzaileen hazkundeari erantzuteko, eta eskualdeetan sortzen ari diren beharrei erantzuteko errefortzuak eta zerbitzu berezien aldeko aspotuari eusteko».