Lurraldebuseko udako zerbitzu bereziek 110.000 bidaiari bildu dituzte

Antxeta Irratia 2024ko urr. 22a, 10:14

Ekainetik irailera bitartean udan zehar Gipuzkoan izan diren kultur, kirol zein herrietako bestetako ekitaldi desberdinen beharrei erantzuteko aparteko zerbitzuak ez ezik, Hondarribiko aireportua eta Donostia lotzeko zerbitzu berezia ondo baloratu dute agintariek. Lurraldebusen 3.500 zerbitzu berezi eta indargarri baino gehiago jarri dituzte abian udan Gipuzkoa osoan. 

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebusen 3.500 zerbitzu berezi eta indargarri baino gehiago jarri ditu abian uda honetan, Gipuzkoan udan sortu ohi diren beharrei erantzuteko. Ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean 110.000 pertsonak baino gehiagok erabili dituzte zerbitzu horiek. Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azpimarratu du datu horiek argi erakusten dutela garraio publikoa sustatzeko egiten ari diren apustua.

Lurraldebuseko udako kanpainaren balantzearen berri emateko agerraldian, Gipuzkoako hainbat udaletako ordezkarik parte hartu dute. «Ez gabiltza bakarrik lanean ari, udalen eskutik egiten ari gara, haiek helarazten baitizkigute beren beharrak, eta, baloratu ondoren, beharrezkoa denean hobekuntzak martxan jartzen ditugu», adierazi du diputatuak. Horri guztiari esker, uda honetan milaka gipuzkoarrek garraio publikoa eskura izan dutela nabarmendu du «ibilgailu pribatuak aparkatuta uzteko».

Igor Enparan, Hondarribiko alkateak ere parte hartu du agerraldian. Aurten eskaera berezi bat egin dutela oroitarazi du, «gaueko zerbitzuek egunekoekin jarrai zezaten», eta garraio publikoko zerbitzu bat izan dute Hondarribian egun gehiagoz eta ordutegi zabalago batekin.

Gainera, uda honetan zuzeneko autobus bat jarri da Hondarribia eta Donostia artean, gainerako erabiltzaileei kalterik ez egiteko. Zehazki, ekainaren 20tik irailaren 30era bitartean E30 Lurraldebus linea zuzen berri batekin indartu dute Hondarribiko aireportua eta Donostiaren arteko lotura. Zerbitzu honekin iaz E21 linearen erabiltzaileek pairatu behar izan zituzten eragozpenak errepika ez zitezen bilatzen zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta esperientzia baikorki baloratu dute agintariek. Zentzu honetan, Hondarribiko Udala Foru Aldundiarekin elkarlanean jarraituko duela iragarri du linea horretan.