"ALERT-PYR" proiektua

«Hendaiako eta Irungo suhiltzaileok mugaz gaindiko elkarlanerako hizkuntza badugu, euskaraz egiten dugu»

Antxeta Irratia 2025ko ots. 25a, 12:20

Irailetik aurrera Hendaiako eta Irungo (Bidasoko) suhiltzaileen kasernak senidetu egingo dira, ALERT-PYR proiektua kari. Azken urteetan mugaz gaindiko lankidetzan urratsak egin ondoren, orain sute eta hondamendien aurrean Bidasoaren bi aldeetan eskuhartu ahal izango dute elkarlanean. Ellande Moustirats eta Arkaitz Orbegozo Hendaia eta Irungo suhiltzaileek aitortu digutenez, mugaz gaindiko elkarlanerako komunikazio-tresna euskara dute modu naturalean.

Heldu den irailetik aurrera Hendaiako eta Bidasoko suhiltzaileak ALERT-PYR proiektuan murgilduko dira bete-betean. Eskualdeko suhiltzaile-etxeak senidetu egingo dira, eta haien elkarlanean urrats bat harago joango dira horri esker. Frantziako eta Espainiar Estatuen arteko mugaren bi aldeetako suhiltzaile zerbitzuak elkarlana sendotzen ibili dira azken hamarkadan, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa berretsi zuten joan den ostiralean (otsailaren 21ean) Hendaiako suhiltzaileen kasernan egindako ekitaldi ofizialean.

Beharretik sortutako elkarlana

Azken urteetan Europako POCTEFA proiektuen baitan garatutako ALERT elkarlanerako proiektua zena, ALERT-PYR da orain, eta Pirinioen aldebietan sute eta hondamendi handien aurrean elkarrekin lan egiteko tresnak plantan ematea dute helburu. Nahia bada batetik, baina beharretik ere azkartu da ekimena. Erakunde publikoek zein suhiltzaileek elkarlanari begira garatutako proiektuen mugarri izan baitzen 2021eko Larhungo sutea. Beran hasi eta Lesakara ez ezik, Irungo Bidasoa eta Meaka auzoetako Aiako Harrira natur parkera, baita Urruña eta Azkainera ere hedatu zen suteak mugaz ez zekien deus, eta hala aurre egin zioten suhiltzaileek ere, larrialdiak behartuta elkarlanean, ordu arte teoria zena praktikara eramanez.

Mugaz gaindiko hainbat ekimen bultzatu ditu sutea horrek. Besteak beste, mendiaren kudeaketa politikak hari beretik garatzeko Lesaka, Bera, Sara, Biriatu, Urruña eta Azkaineko herriek sortu duten Mendi Batzordea. Suhiltzaileen zerbitzuen kudeaketak, aldiz, goragoko administrazioen lankidetza eskatzen du. 

Eta lortu dute akordioa. Hala, datorren irailetik aurrera, Hendaiako eta Irungo suhiltzaile kasernek praktikara eramango dute elkarlan hau, proiektu berri honi esker. Eta hori formalizatze aldera, irailean bi parkeak ofizialki senidetuko dituzte. Aurreratu dutenez, elkarrezagutza hobetzea, komunikazioa eraginkortzea eta koordinazio amankomunak sortzea izan dira azken urteetako lan batzuk, baita hainbat entrenamendu elkarlanean egitea ere. Baina hemendik aurrera, sute eta hondamendien aurrean Bidasoaren bi aldeetan erantzun eta lan egin ahal izango dute, suhiltzaile egoitza bakar bat bezala.

Euskara eguneroko lanerako tresna

Lankidetza horretarako suhiltzaileek elkar ulertu beharko dute. Eta otsailaren 21ean Hendaiako suhiltzaileen kasernan aldebietako agintariek egindako aurkezpen ofizialean gaztelania eta frantsesa erabili zuten bitartean, euskararekin apaingarritzat jo daitekeen keinu batetara mugatuz, suhiltzaileen egunerokoa erabat ezberdina da.

Kanboko kasernan sei urte eman ondoren, Hendaiakoan azken bost urteetan lan egin duen Ellande Moustirats suhiltzailearekin, eta Irun-Donostiako suhiltzaile ofiziala eta 10 urteko eskarmentua duen Arkaitz Orbegozo irundarrarekin elkartu gara. Kontatu digutenez, suhiltzaileen mugaz gaindiko harremanetarako tresna dute euskara, ez erakundeek bultzatuta, «suteek bezala, euskarak ere ez duelako mugetaz ulertzen» baizik. Moustiratsek aitortu digunez, Hendaian euskara dakiten suhiltzaile gutxi dira, baina beharrezkoa ikusten dute haien egunerokoan ere. «Hendaian badira euskaldunak, eta Irun edo Hondarribiko jende anitz bizi denez, larrialdi baten aurrean ikusten duzu haiekin euskaraz egiterakoan lasaitu egiten direla», dio Hendaiako suhiltzaileak. Horregatik eta mugaz gaindiko elkarlana sakonduko duen ALERT-PYR proiektua dela eta, «agian euskara ikasteko kurtsoak proposatzea egokia izan daiteke suhiltzaileen artean». 

Irungo Bidasoko egoitzan ari diren 40 bat suhiltzaileen kasuan, aldiz, denek dakite euskara. Izan ere, suhiltzaile izateko hizkuntz eskakizuna derrigorrezkoa daukate. Hala ere, euskara erabiltzen dute naturalki. Orbegozok argitu digunez, «gure zerbitzua euskaraz eskaintzen dugu, eta barne mailan aginduak eta harremanak euskaraz egiten ditugu». Irungo suhiltzaileak umorez hartu du mugaz gaindiko lankidetzak batzuen ustez suposa dezakeen hizkuntza traba. «Esan digute eta nola komunikatuko zarete elkar? Frantsesa ikasi beharko duzue?», dio Orbegozok, baina erantzuna argi dauka, «zertarako ikasi beharko dut nik frantsesa euskaraz baldin badakit, euskaraz egiten dugu eta euskara da eskualdean batzen gaituena».