Txingudi Data Driven Bay proiektua Europako Next Generation funtsek finantziatuko dutela iragarri zuten Txingudiko Mankomunitateko agintariek 2024ko irailan. 2026ko ekainaren 30era arte, uraren zikloaren digitalizazioan urrats kualitatiboa emango zutela iragarri zuen orduan Leire Zubitur, Txinzerreko kudeatzaileak. Endarako urtegitik Higerreko araztegira, etxe guztietako kontagailuetatik eta karriketako arketetatik pasaz.
Hain zuzen ere, dirulaguntza berriari esker, «bi urte eskasean burutzen ahalko baitute bestela hamar urteko epean garatzekoa zuten modernizazioa». Izan ere, urte eta erdian, Txinzerren ur banaketa eta bilketa azpiegituretan sentsore elektroniko andana sartuko dute, egon daitezkeen isuriak kontrolpean edukitzeko, baita kalitatearen mementuko jarraipena egiteko ere.
Asmo handiko proiektua
Gogoan hartu behar da, espainiar estatuan aurkeztu ziren 238 proposamenen artean hirugarren postuan suertatu zela Txinzerrena, eta proiektuak kostatuko dituen 7,2 milioi eurotik 5.5 milioi finantziatuko dute Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministerioak banatu dituen Europako funtsek. Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuen kudeatzaileak azpimarratu duenez, azken hamarkadako dinamikaren jarraipena da proiektua, 2009an hasi baitziren jadanik Txingudiko Zerbitzuak ur kontagailuen tele-irakurketa egiten, oraindik teknologia batere zabaldua ez zenean. Zehazki, 2009an instalatu zituzten tele-irakurketako lehen unitateak Irunen, eta 2015ean Hondarribian. Eta orain teknologia aurreratuagoarekin sistema hobetzen ari dira.
Prozesu honi lotuta dago, orain uraren kudeaketa eraginkorragoa eta jasangarriagoa ahalbidetuko duten etxeko ur-kontagailu berrien ordezkapena. Guztira 9.350 ur-kontagailu ordezkatzen ari dira, teknologia aurreratua duten gailuekin, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) baitan. Eta iragarri dutenez, milaka etxebizitzari onura ekarriko die neurketa zehatzagoa egin eta ur-hoditeria sisteman eman daitezkeen itoginen ondorio diren ur-ihesak goiz detektatzeko.
Izan ere, berrikuntza honi esker, gailuen konektibitatea hobetuko da, eta datuak denbora errealean bildu eta aztertzeko aukera emango dio Txinzerri. Honek ere, erantzun azkarragoa ahalbidetuko du, eta beraz, bezeroari arreta hobetu.
Kontagailu berriak ordezkatzeko epeak
Txinzerrek aurreratu duenez, TD2B proiektuaren modernizaziorako 1.092.199 euroko inbertsioa egingo dute, eta horietatik 797.199 euro (%73) diruz lagunduko du Europatik. Gainera, ekimen honek konektibitate zerbitzu bat beharko du 12 urtez irakurketak bidaltzeko, eta horrek 296.301,50 euroko kostu gehigarria izango du.
Bestalde, kontagailuak aldatu aurretik, herritarrei jakinarazpena egingo zaiela iragarri dute, eta etxeko atarietan informazio oharrak ezarriko dituzte. Kontagailuak etxebizitzen barruan dauden kasuetan, aldiz, Txingudiko Zerbitzuak harremanetan jarriko da abonatuekin hitzordua adosteko. Sistemaren ezarpena kontratua sinatu ondorengo 8 hilabetetan egingo dira lan hauek, eta honako egutegia jarraituko dute: kontagailuen %35 lau hilabetetan instalatuko da, %70 sei hilabetetan eta zortzi hilabeteko epean kontagailu guztiak ordeztuta izango dira.
Proiektuari buruzko informazio osoa www.td2b.txinzer.eus webgune berrian dago eskuragarri.