“Ramon Esparza, Bidasora itzultzea” erakusketak lortutako arrakasta ikusirik, laugarren bisita gidatua antolatu dute

Antxeta Irratia 2025ko mar. 25a, 15:08

Apirilaren 26ean (18:00) programatu dute Pedro Usabiaga komisarioaren eskutik. 1923an Lesakan jaio eta Irungo modistekin lanean hasi ondoren, Parisen 1972an Chanel frantses moda-etxearen zuzendari kreatibo izatera iritsi zen Esparzaren figura balioan jarri nahi izan dute Amaia Kultur Zentroan maiatzaren 4a arte bisita daitekeen erakusketarekin.

Otsailaren 27an estreinatu zuten Irungo Amaia KZn “Ramon Esparza, Bidasora itzultzea” erakusketa. 25 urtez Cristobal Balenciaga diseinatzaile ospetsuaren kolaboratzaile eta bikote, haren itzalpean aritu zen Ramon Esparzari buruzko erakusketa antolatu dute, Irungo modistak eta Bidasoa ibaia ardatz dituela.

Maiatzak 4 arte bisita daiteke, eta Esparzaren lana ezagutara emateko helburuarekin Irungo Udaleko Kultura Zerbitzutik zenbait bisita gidatu antolatu dituzte. Otsailaren 28an eta martxoaren 15ean egindakoetan plaza guztiak bete ondoren, apirilaren 13an 12:00etan programatutako hitzordurako ere plazak agortu egin dira. Hainbestekoa izan da arrakasta, udalak laugarren bisita antolatzea erabaki duela. Apirilaren 26ean, larunbata, 18:00etan izango da, eta irunkultura@irun.org helbidera idatzi behar da lekua erreserbatzeko. Bisita hauek erakusketaren komisario Pedro Usabiagaren eskutik egiten dira.

Ramon Esparza, Bidasora itzultzea

Irungo modistekin elkarlanean hasi eta Parisen 1972an Chanel frantses moda-etxearen zuzendari kreatibo izatera iritsi zen Esparzaren figura balioan jarri nahi izan du Usabiagak erakusketa honekin. Cosmopolitan eta Vogue aldizkarietan argazkilaria eta jantzigintzan aditua da Pedro Usabiaga. Berak aipatu digunez, Cristobal Balenciaga ez da erakusketaren protagonista, baina bere ibilbidearen bidez ezagutu ahalko dugu 1923an Lesakan jaiotako Ramon Esparzaren bizitza eta obra.