Kontzentrazioak deitu dituzte gaur palestinar herriaren alde Irunen eta Hondarribian

Antxeta Irratia 2025ko api. 8a, 09:51

Palestinar herriarekin elkartasunean eta Israelen basakeria salatzeko Gernika Palestina Herri Ekimenak elkarretaratzera deitu du gaur 19:00etan Euskal Herriko 128 udalerritan, udaletxe aurrean. “Lurra, Justizia eta Bakea. Genozidioa Stop!” lemapean, Irungo San Juan plazan eta Hondarribiko Kale Nagusian ere deialdia luzatu dute.

“Lurra, Justizia eta Bakea” lemarekin mobilizazioak izango dira gaur arratsaldeko 19:00etan Euskal Herriko 128 herritan. Gurean Irungo eta Hondarribiko udaletxe aurrean, eta Ziburun ere egin dituzte elkarretaratzeak. Gernika Palestina Herri Ekimenak mobilizatzera deitzen du, «Israelen basakeria eta Europako ordezkarien pasibotasuna salatzeko, eta palestinarrei elkartasuna adierazteko». 

Mobilizazioaren lema “Lurra, justizia eta bakea” da oraingoan, Ibon Meñikak, Gernika Palestina Herri Ekimeneko bozeramaileak esplikatzen digunez, azken hilabeteetan Gazaren egoeran zentratu eta gero, Cisjordania ere lehen planora ekarri nahi dutelako. 

Hitzaldia Hondarribian

Gaurko mobilizazioez gain, apirilaren 11an, Etxara elkarteak hitzaldia antolatu du Hondarribian. Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan izango da, eta Susana Mangana nazio arteko analista gonbidatu dute «Gazako krimenak: noiz arte isiltasuna?» hitzaldia ematera. Ikasketa arabiar eta islamikoetan aditua da Mangana, eta Nazioarteko Giza Eskubideen ikuspegitik, Gazan emandako eskubide urratze bortitzen, garbiketa etnikoaren arriskuaren, eta herri baten sufrikarioaren aurrean isilik ez geratzeko betebehar etikoaren inguruko analisia egingo duela iragarri dute. Etxara elkarteak argitu du, ez dela gonbidapenik behar eta hitzaldia gaztelaniaz izango dela.