Maiatzaren lehenetik aurrera Bidasoa ospitaleko larrialdi pediatrikoen desagertzeak sortu duen harrabotsa ikusirik, kazetariekin bilkura bat antolatu du Osakidetzak gaur, tokiko arduradunen bidez neurria azaltzeko. Maria Eugenia Ekiza Bidasoa ESIko zuzendariak eman ditu azalpen nagusiak, eta erabakia “datu ikerketetan oinarritua” dela zehaztu du.
Hiru argudio nagusirekin babestu dute itxieraren erabakia: pazienteen larritasun maila, arreta hurbileko osasun zentroetan konfiantzazko pediatrek ematea eta azkenik pediatren lan baldintzak. Emergentziak sailkatzeko bost hein erabiltzen ditu Osakidetzak: 1etik 5era, larrienetik arinenera. Ekizak azaldu duenez, Bidasoa ospitaleko larrialdi pediatrikoen %90 baina gehiago 4 eta 5 mailakoak dira, eta %0,8 baizik ez da 1 mailakoa. Hortaz, larritasun apaleko kontsulta horiek arreta gune arruntetan tratatu daitezkeela azaldu du zuzendariak. Gaur egun, goizez bakarrik daude kontsulta pediatrikoak anbulatorioetan, eta arratsaldez nahitaez larrialdietara joan behar dute familiek. Antolakuntza berriak 17:00ak arte anbulatorioetan arreta pediatrikoa ematea ahalbidetuko du.
Iratxe Salcedo pediatrak azaldu du “lehen arreta indartsu batera bidean” dela Osakidetza eta mediku taldea, eta orain arteko antolakuntza trabagarri dela. Are, gehitu du Bidasoaldea ESI bakarra dela ospitalizatze plantarik izan gabe pediatria larrialdiak izaten.
Ainhoa Zabaleta pediatrak bere aldetik aldaketa medikuen eguneroko lan baldintzetan onuragarria izanen dela zehaztu du. Orain arteko antolaketan, pediatrek guardiak egin behar izaten zituzten, bertze ESIetan ez bezala. Horrek lanpostuak ez zituen erakargarri egiten, eta osasun zentroetako kontsultetan ere eragina zuen, errotazioa baitzegoen pediatra guztien artean. Antolakuntza berriarekin haatik, pediatra bakoitzak bere postu finkoa izanen du, ordutegi finko eta erregularra, eta arreta pertsonalagoa ematen ahalko die haur eta familiei, “epe luzerako lana” egiteko aukerarekin. “Gaixotasuna hobeto artatzea eta ospitalera gutxiago joan behar izatea” dakar lan mota horrek, Zabaletaren hitzetan. Bertzalde, argi utzi dute antolaketa berriak ez duela inolako lanpostu galerarik ekarriko.