Enparan eta Laborda Osakidetzako zuzendari nagusiarekin bildu dira, Bidasoa ESIko larrialdi pediatrikoen desagerpenaren inguruan

Aimar Lopez 2025ko api. 15a, 09:31

Maiatzaren 1etik aurrera Bidasoko Ospitaleko zerbitzua ixteko asmoa aurkeztu zuen Osakidetzak joan den astean, anbulategietan ordutegia zabalduz. Alkateek sailburuarekin biltzea eskatu dute; Osakidetzak azalpenak emanen dizkie hedabideei gaur.

“Kontsentsua” eskatu diote osasun zerbitzuari Irun eta Hondarribiko alkateek, maiatzaren lehenetik aurrera programatua den Bidasoa ospitaleko haurrentzako larrialdi zerbitzuaren itxieraren aitzinean.

Ostiralean bilkura izan zuten Osakidetzako zuzendari nagusiak, Bidasoa ESIko zuzendariak, ospitaleko lehen mailako arretako pediatriakoko arduradunak eta Igor Enparan eta Cristina Labordak, eta alkateek Osakidetzari eskatu zioten erabaki guztiak adostasunaren inguruan hartzea, beti ere eskualdeko profesionalen iritzia eta irizpideak errespetatuz. Egungo egoerari dagokionez, “eskualdeko familien interesak babestu” dituztela zabaldu dute alkateek, eta hala pediatriako larrialdien orain arteko eredua mantentzearen alde jo dute, maiatzaren lehenetik aurrera ere pediatria larrialdiek martxan jarraitzearen alde hots.

Alberto Martinez osasun sailburuarekin bilkura eskatu dute Laborda eta Enparanek, eta ildo beretik jo zuen Irungo oposizioak atzoko bozeramaileen batzordean ere. EH Bilduko Ane Unanuek Antxeta Irratian adierazi du “informazio eskasiaren ardura” Osasun Sailarena dela, eta horrek herritarrengan “ezinegona” eragin duela. Hala, sailburua alkateekin biltzeko beharra azpimarratu dute abertzaleek ere, eta pediatria larrialdiak mantentzeko “neurriak” hartzeko “exijitu” dute.

Osakidetzak gaur goizean Antxeta Irratiari adierazi dionez, eguerdian medioei adierazpenak eginen dizkie osasun zerbitzu publikoak.