Akats txiki, kolpe handi: Teknologiaren zoritxarreko istorioak

Aitor Errazkin 2025ko api. 22a, 11:00

Gaurko Teknofrekuentzia saioan Interneteko ustekabeko istorioak eta erorketa kuriosoenak komentatuko ditugu. Batzuetan arazo tekniko batek sare oso bat eten dezake eta beste batzuetan, agure baten pala batek herrialde oso bat internetik gabe utz dezake. Teknologiaren munduan, akats txiki batek ondorio erraldoiak sor ditzake eta gaurko atalean horietaz arituko gara.

2021eko urriko egun batean, Facebook, WhatsApp eta Instagram ustekabean desagertu ziren Internetetik. Mantentze-lan batean egindako akats batek Facebooken zerbitzariak Internetetik deskonektatzea eragin zuen. Facebookek Internet sareari bere zerbitzariak aurkitzeko erabiltzen diren BGP (Border Gateway Protocol) bideak oker eman zituen eta, ondorioz, sareko gainerako nodoek ezin izan zuten Facebooken IP helbideetara sartu. CloudFlare bezalako zerbitzuak ohartu ziren egoeraz 1359etan, baina konponketa 2100ak arte ez zen iritsi eta bitarte horretan, mundu osoko erabiltzaileek ezin izan zuten sare sozial horiek erabili. Hemen informazio gehiago: https://es.wikipedia.org/wiki/Apag%C3%B3n_de_Facebook_de_2021


Urte berean, 2021ean, OVH hosting enpresaren datu-zentroetako batean sute larria gertatu zen. Frantziako Strasbourg hirian kokatutako instalazioan, lau eraikinetatik bik su hartu zuten. Suhiltzaileen arabera, sutea UPS baterietan sortu zen, metro bateko arko elektriko baten ondorioz. Ondorioz, ehunka webgune galdu ziren, tartean blogariak.eus bezalako euskal plataformak. Erabiltzaile askorentzat hodeian zegoen guztia itzulezin galdu zen. Informazio gehiago: https://sustatu.eus/1616173590


2015ean Ibermaticaren datu-zentro batean, argindarra joan zenean, backup jeneradorea ez zen automatikoki martxan jarri. Inor ez zekien nola piztu eta azkenean bigilari batek saiatu zen eskuz pizten baina sistema kaltetu zuen. Ondorioz, 6 orduz gelditu zen sistema eta hurrengo egunean produkzioa kaos bihurtu zen. Piezen logistika ez zegoen kalkulatuta eta langileek ez zekiten zer egin. Greba batean ere agian ez litzateke produkzio etenik horren eraginkorra lortuko.


2013an Facebookek bere datu-zentroetako batean hozte sistema berri bat instalatu zuen argindar kontsumoa gutxitzeko. Kanpoko airea hartzen zuen sistemak eta ur bidezko hoztea erabiltzen zuen. Baina aire bero eta hezea zentroan sartu zen eta horrek kondentsazioa sortu zuen. Azkenean, ur-tantak zerbitzarien gainean jausi ziren, eta makina asko apurtu ziren. Imaginatu zure nagusiari deitu behar diozula esanez datu-zentroaren barruan euria ari duela.


2011n Armenian 75 urteko emakume batek pala batekin kuprea bilatzen ari zela, Georgiatik zetorren kable optiko bakarra moztu zuen. Horren ondorioz, herrialde osoak Internet konexioa galdu zuen. Anekdota kuriosa baina benetako ondorio larriak izan zituen. Argitaratutako albistea hemen: https://www.theguardian.com/world/2011/apr/06/georgian-woman-cuts-web-access


Urte berean, Antartidako pinguinoei konektatutako gailuak Internet bidezko jarraipena egiteko jarri zituzten. Baina konfigurazio oker baten ondorioz, datuak etengabe bidaltzen hasi ziren. Estatu Batuetako zerbitzarietan trafiko izugarria atzeman zuten Antartidatik zetorrena eta zibereraso baten aurrean zeudela uste izan zuten. Orduak igaro ziren arazoa pinguinoak zirela ohartu arte.
2008an Pakistanen Youtube blokeatu nahi izan zuten agintariek. Baina teknikari batek gaizki konfiguratu zuen BGP bidea eta mundu mailan Youtube.com helbidea Pakistaneko zerbitzarietara bideratu zen. Horrela, mundu osoan Youtube erorita egon zen ordu batzuetan.


2000 efektua ere gogoratu behar da. XX. mendearen amaieran, urtea adierazteko bi zenbaki bakarrik erabiltzen ziren sistemetan eta beldurra zegoen 1999tik 2000ra pasatzean ordenagailuek 1900 urtera itzuliko zirela. Horrek sistemak eroraraziko zituela pentsatzen zen: hegazkinak, bankuak, zentral elektrikoak... Azkenean ezer larririk ez zen gertatu, baina bildurrak eta prestaketek historia egin zuten. Informazio gehiago: https://es.wikipedia.org/wiki/Problema_del_a%C3%B1o_2000


Badira bestelako istorioak ere, egunerokoak, baina benetan harrigarriak. Adibidez, edariak zerbitzari gainean jartzen dituzten langileak edo garbitzaileak routerra deskonektatzen dutenak. Edo nire kasuan bezala, autoz ordubete joan eta bertan konturatzea internetik ez dagoela, eta arazoa routerra itzalita egotea dela.
Serverless horrors webgunean hodeiko arazoen bilduma bat dago, eta batzuk benetan kezkagarriak dira. Adibidez, AWSn makina bat kontratatu eta aplikazio batek bere kabuz backupak bidali eta erabiltzaileari 1200 dolarreko faktura bidaltzea. Edo "free tier" zerbitzu bat kontratatu eta konturatu gabe kostuak sortzea. Edo CloudFlare bezalako hornitzaile batek 10000 dolar eskatzea webgune bat mantentzeagatik eta ez ordaintzeagatik zerbitzua etetea. Hemen kasu gehiago: https://serverlesshorrors.com
https://medium.com/@maciej.pocwierz/how-an-empty-s3-bucket-can-make-your-aws-bill-explode-934a383cb8b1
https://robindev.substack.com/p/cloudflare-took-down-our-website
Teknologia ezinbestekoa bihurtu zaigu, baina ez da infaliblea. Eta atzoko txantxa bihurtzen den hutsegitea, biharko arazo global bihur daiteke. Saio honetan ikusi dugun bezala, batzuetan errore batek Interneten historiako momentu epikoak sortzen ditu