Hego Euskal Herrian aste sainduko besta egunak diren honetan, eta astelehena Euskal Herri osoan jai eguna izanik, naturarekin konektatzeko hainbat eskaintza ditu Plaiaundiko Ekoetxeak. Azken egunotan tximeletak gertuagotik ezagutzeko aukera eman badute, heldu diren egunetan haur eta helduentzako hainbat bisita izanen dira. Eva Montoya Ekoetxeko arduradunak azaldu duenez, “Plaiaundi-Txingudi Express” ekitaldiak inguruko bioaniztasuna sakonki ezagutzeko aukera emanen die parte hartzaileei. Apirilaren 19 eta 20an eginen dute hau.
Hilaren 18, 19 eta 20an berriz, familiei begirako jarduera antolatu dute, “Abentura Plaiaundin” izendatu duten ginkana. Bertan, parte hartzaileek modu autogidatuan Plaiaundin barrena kokatu dituzten hainbat erronka gainditu beharko dituzte. Jarduera hauetan izena eman behar da, Ekoetxea Txingudiren webgunean.
Apirilaren lehenetik udako ordutegian den Ekoetxea egunero irekia da 10:00etatik 14:00tara eta 15:30etik 19:00ak arte. Jarduera antolatuak egunero ez izan arren, bioaniztasuna ezagutzeko aukerarik egunero dela azaldu du Eva Montoyak, Ekoetxean harrera egiten baitiete bisitariei, bertzeak bertze ikus-entzunezko baten bidez.
Bisitari gorakada nabarmena somatu dute Ekoetxean otsailean Santiago eta Plaiaundiren arteko Pierre Loti bide berria ireki zenetik. Eta bisitariak, noski, ongi etorriak badira, natur gunea errespetatzea ezinbestekoa da. Are gehiago udaberria sasoi bereziki sentsiblea baita, maiatza hastapenean hasiko baita hegaztien migrazio sasoia.
Hendaian, Asporotsttipi etxean Abadia eremuko harrera egiteaz gain, erakusketa ederra inauguratu berri dute. “Etxe bat uretan nork ez du amets izan” Guillaume Mercier ikerlariaren eta Eugénie Chat artista plastikoaren proiektua da, Nekatoenean egin zuten egonaldian sortua. Ingurumenaren bilakaerak eta bereziki erlaitzaren erosioak inspiratu du haien sorkuntza, eta erdi fikziozkoa den etorkizun batean murgiltzen du ikuslea erakusketak. Ekainaren 22ra arte ikusgai da, asteartetik larunbatera, 10:00etik 12:00tara eta 14:00tatik 18:30era.
Aiako Harriko parke naturalean Lapurriturriko informazio gunea gaur irekiko da aurten aurrenekoz, eta aste sainduko egun hauetan egunero irekia izanen da, goizez, 9:30etik 13:30era, astelehenera arte. Ondotik, udan zehar irekiko dute, baita jarduerak antolatu ere. Aiako Harri inguruan egin daitezkeen ibilaldiei buruzko informazioa ematen dute bertan.