"Ikusi nahi ez den" errealitatea fikzio baten bidez kontatuz publikoarengana errazago iristea espero du Asier Urbietak. Lehen film luzea du Faisaien Irla, baina errealitatetik hurbil diren istorioak kontatzen eskarmentua badu, bertzeak bertze, 2020an Altsasu sortu baitzuen, izen bereko muntaia polizialean oinarritua. 2018tik Bidasoa ibaiaren inguruan pertsona migratzaileek bizi duten muturreko egoera izan du inspirazio oraingoan.
Ez da ohikoa errealitate sakonki politiko batean oinarrituriko filma bat errealitate hori gertatzen ari den bitartean egitea. Hautu hori egin du Urbietak, baita defendatu ere: “Errealitatearekiko hain gertukoa den filma bat egiteak ardura sortzen du, ondoan dituzun pertsonen inguruan hitz egiten ari garelako. Niretzako behar bat da gaur egun gertatzen ari diren istorioekin lan egitea”. Ildo beretik mintzatu dira Antxeta Irratian Jone Laspiur eta Sambou Diaby aktoreak ere.
Thriller iluna da Faisaien Irla, engaiamendu politikoa eta galdera etiko hori erdigunean dituena. Polizia absurdoaren pareko ageri da, eta ikuspundu humanista batetik lantzen du Bidasoa igerian gurutzatzera behartuak diren migratzaileen egoera, paternalismoa edo Laspiurrek aipatu zuen “salbatzaile zuriaren sindromea” saihestuz. Ikerketa eta murgiltze lan baten ondorio da lanketa txukun hau, Asier Urbietak azaldu digunez: “2021ean Bidasoa gurutzatu ezinik bere buruaz beste egin zuen migratzaile baten istorioa irakurri ondotik piztu zitzaidan filma egiteko gogoa”. Azken lau urteotan, Irungo Harrera Sareko laguntzaileekin, migratzaileekin eta adituekin ikerketan aritu da, filmaren gidoia idazten zuen heinean.
Estreinaldiarekin batera solasaldiak zinemetan
Nazioarteko aurkezpenetan interes berezia nabaritu dutela aipatu du Asier Urbietak, “mugarik gabeko Europan dagoen muga gogorra” interesgarri baitzaie atzerritarrei. Hala ere, Euskal Herriko zabalpenean eman nahi du indarra, errealitate hori gurean zabaltze aldera. Hala, Euskal Herri osoan aldi berean estreinatuko dute zinegeletan: apirilaren 23an Ipar Euskal Herrian eta 25ean Hegoaldean. Zirkuitu komertzialetan euskarazko filma bat aldi berean estreinatzen den lehen aldietako bat da, banaketaren gorabeherak direla-eta.
Estreinaldiarekin batera, hainbat hitzaldi antolatu dituzte zine geletan. Apirilaren 18an Baionako Atalanten izanen dira, Doketan Topa festibalaren karietara eta biharamunean, Donibane Lohizuneko Le Sélecten. Igandean, hilaren 20an Urruñako Itsas Mendin proiektatuko dute filma, eta ondotik solasaldia izanen da Bidasoa Etorkinekin elkarteko kideekin. Hendaiako Variétés aretora ere iritsiko dira beranduago.