txik txak

Irun eta Hendaia gero eta hurbilago, autobusez

Koldo Nausia 2025ko api. 22a, 12:46

Behobia-Zokoburu (14. linea) eta San Juan-Hendaiako EHPAD (15. linea) lotzen dituzten Txik Txak autobusen maiztasun berria urtarrilaren 6an plantan eman zutenetik, %77 bidaiari gehiago lortu dute. 2016tik zerbitzu ematen duen mugaz gaindiko Hegobusaren hitzarmena 2032 urtera arte «berritu eta indartu» egin dute Irungo Udalak eta Euskal Hiri Elkargoko Mugikortasun Sindikatuak.

Orain artean 50 minutuero zerbitzu ematen zuten San Juan-Hendaia (L31) eta Behobia-Hendaia (L33) mugaz gaindiko autobus zerbitzuek 30 minutuko maiztasuna dute joan den urtarrilaren 6az geroztik. Hegobus gisa ezagunak ziren bi linea hauek, Euskal Hiri Elkargoko Txik Txak sarean barneratu dituzte, eta orain 14. eta 15. lineak bilakatu dira. Ez dute ibilbidea aldatu, baina maiztasun azkarragoari esker, San Juan-Hendaiako hondartza arteko lineak %77 bidaiari gehiago lortu zituen joan den otsailean, eta «ibilgailu pribatuak bideetatik gutxitzeko eta Irun-Hendaia arteko eguneroko mugikortasuna errealki hobetzeko» helburuarekin 2016 urtean antolatutako zerbitzuak «herritarren benetako behar bat estaltzen duela frogatutzat» eman du Joseba Erremundeguy, Euskal Hiri Elkargoko Europa eta Mugaz gaindiko Lankidetza kontseilariak. 

Zerbitzua martxan jarri zenez geroztik, bidaiari kopuruak gora egin du urtetik urtera. Eta Euskal Hiri Elkargoak Txik Txak sarea 2022an berritu zuenez geroztik, hobekuntza nabarmena izan da. 2023an 55.000 bidaiarien langa gainditu zuten bi autobus lineen artean (15. lineak 42.507 bidaiari jaso zituen, eta 14. lineak 12.444). Iaz %20ko hobekuntza lortu zuten.

Hobekuntzak eta intermodalitatea

Horren arabera, hasierako zortzi urteko lankidetza hitzarmena berrestearekin batera, 2032. urte arteko akordio berrian zerbitzua urte osoan zehar indartzea adostu dute Irungo Udalarekin. Baita ekainetik irailera bitartean, udako sasoian Puiana ibilbidearen abiapuntu bilakatzea ere. Horrela, Irungo hainbat auzotara heltzeko aukera emango baitu, eta gainera, udako hilabete horietan gaueko 22:30ak arte zerbitzu emango du.

Cristina Laborda, Irungo alkateak «mugaz gaindiko garraioan aurrerapauso handia» suposatzen duela azpimarratu du ere. Alde horretatik, 15. lineak (lehengo 31) astelehenetik larunbatera 07:00etatik 20:30era ordu erdieroko maiztasunarekin, eta igandetan 08:00etatik 20:00etara orduero Irungo San Juan-Hendaiako EHPAD adinekoen etxea lotzen dituen bitartean, 14. lineak Behobia eta Zokoburuko Orangers karrika elkartzen ditu.

Jean-François Irigoyen, Cristina Laborda eta Joseba Erremundeguy agintariak Irungo San Juan plazako geltokian.

Agintariek udako zerbitzuaren indartzean fokua jarri badute ere, Joseba Erremundeguyk bi autobus linea hauek egunerokoan eskaintzen duten mugikortasun alternatiba nabarmendu du. Izan ere, uda garaian Hendaiako hondartzara joan-etorriek eragiten dituzten autolerroak arintzeaz haratago, egunerokoan beste garraio publikoekin intermodalitatea ere bultzatzen dute egunerokoan. «Irungo erdigunea Hendaiako industriaguneko lantegi, hainbat auzo eta bi tren geltokiekin lotzen du, eta beraz, herritarren eguneroko beharrei egokitutako zerbitzuak dira», azpimarratu du Hiri Elkargoko kontseilariak. Irungo San Juan plazatik ala Behobiatik abiatuta, Hendaiako Intzura-Joncaux industriagunera ez ezik, tren geltoki nagusira eta Lizardiko Deux Jumeaux geltokira, edota Irandatz, Beltzenia, Orio eta Agerria auzoetara joateko aukera ematen baitute autobus linea hauek.

Txik Txakean Mugi txartelik ez

Hala ere, Gipuzkoako eta Lapurdiko garraio-administrazioen arteko lankidetzatik sortutako zerbitzua bada ere, Europako araudiek alde bateko zein besteko bidaia-txartel sistemarekin ordaintzeko aukera saihesten dute oraindik. Hiri Elkargoak argitu duenez, Gipuzkoako Mugi txartela Txik Txak sarean erabili ahal izateko aukera aztertzeko proiektua aurrera eraman dute azken urteetan, eta orain Euroeskualdeak garraio publikoaren alorrean bideratzen duen POCTEFA laguntza funtsaren bidez ere, hau aztertzea aurreikusten dute.

Hala ere, Erremundeguyk argitu duenez, «mugaz gaindiko garraioa sustatzea erraza eta oso zaila da aldi berean. Erraza autobus bat kilometro gehiago ibilaraztea besterik ez delako, baina administrazio ezberdinen arteko arauek eta akordioek lan handia ematen dute». Kasu honetan, Espainiako Gobernuaren baimena behar izan dute zerbitzua indartzeko. Eta ordainketa sistemaren kasuan, aldiz, «arazoa teknikoa edo operazionala da, eta mugikorrarekin ordaintzen hasia garen garaiotan, ez dakigu noraino merezi duen diru publikoa inbertitzea ordainketa sistema komuna antolatzeko, berehala teknologia berriek bestelako aukera emango dutenean», aitortu du kontseilariak.