Bidasoko muga zeharkatzen duten migratzaileen auzia erdigunean jartzen duen ‘Faisaien irla’ filma Euskal Herri osoko 110 aretoetan estreinatzen da aste honetan. Nazioarteko hainbat jaialditatik igaro ondoren, Euskal Herri osoko zinema aretoetara aldi berean helduko da euskarazko filma orain: gaur Ipar Euskal Herrikoetara, eta ostiralean Hego Euskal Herrikoetara. «Areto bat dagoen herri guztietan filma egoteko asmoa» adierazi du Asier Urbieta zuzendariak, eta horietako askotan solasaldiak egingo dituzte emanaldien ondotik.
Hala egingo dute, Irungo Ocines Mendibil aretoetan, apirilaren 25ean, 18:00etan. Asier Urbieta zuzendaria ez ezik, Jone Laspiur aktorea, Irungo Harrera Sareko kide Oihana Galardi eta Gari Garaialde argazkilariak ere hartuko dute parte solasaldian. Izan ere, filmaren istorioan Bidasoko migratzaileen errealitatea kontatzen duten pertsonaiak eta Harrera Sarearen rolak agertzen baitira. Alde horretatik, zinemara joatearen garrantzia ez ezik, solasaldiena nabarmendu du Urbietak estreinaldiaren atarian.
Joan den apirilaren 20an Urruñako Itsas Mendi gelan egin zuten aurreneko proiekzioa, eta solasaldia izan zen ere Bidasoa Etorkinekin elkarteko kideekin. Iparraldeko zinema aretoetan gaur estreinatzen bada, nabarmendu beharra dago Urruñako Itsas Mendi gelako karteleran datozen hiru asteetarako programatua dagoela. Hendaian, aldiz, apirilaren 27an 15:00etan Varietes zinegelan eginen dute proiekzioa, eta ondoren Asier Urbieta zuzendaria gonbidatu dute solasaldira.
Ikusmin handiko filma
Bidasoko mugan kokatua, migratzaile maliar batek bizi duen drama eta hari laguntzen dioten herritarren istorioa du ardatz filmak. «Ikusi nahi ez den» errealitatea fikzio baten bidez kontatuz publikoarengana errazago iristea espero du Asier Urbietak. Lehen film luzea du Faisaien Irla, baina errealitatetik hurbil diren istorioak kontatzen eskarmentua badu, besteak beste, 2020an Altsasu sortu baitzuen, izen bereko muntaia polizialean oinarritua. 2018tik Bidasoa ibaiaren inguruan pertsona migratzaileek bizi duten muturreko egoera izan du inspirazio oraingoan.
Ez da ohikoa errealitate sakonki politiko batean oinarrituriko filma bat errealitate hori gertatzen ari den bitartean egitea. Hautu hori egin du Urbietak, baita defendatu ere: «Errealitatearekiko hain gertukoa den filma bat egiteak ardura sortzen du, ondoan dituzun pertsonen inguruan hitz egiten ari garelako. Niretzako behar bat da gaur egun gertatzen ari diren istorioekin lan egitea». Ildo beretik mintzatu dira Antxeta Irratian Jone Laspiur eta Sambou Diaby aktoreak ere haiekin izandako solasaldietan.
Thriller iluna da Faisaien Irla, engaiamendu politikoa eta galdera etiko hori erdigunean dituena. Polizia absurdoaren pareko ageri da, eta ikuspundu humanista batetik lantzen du Bidasoa igerian gurutzatzera behartuak diren migratzaileen egoera, paternalismoa edo Laspiurrek aipatu zuen “salbatzaile zuriaren sindromea” saihestuz. Ikerketa eta murgiltze lan baten ondorio da lanketa txukun hau, Asier Urbietak azaldu digunez: «2021ean Bidasoa gurutzatu ezinik bere buruaz beste egin zuen migratzaile baten istorioa irakurri ondotik piztu zitzaidan filma egiteko gogoa». Azken lau urteotan, Irungo Harrera Sareko laguntzaileekin, migratzaileekin eta adituekin ikerketan aritu da, filmaren gidoia idazten zuen heinean.
Gotenburgoko (Suedia), Malagako (Espainia) eta Bartzelonako jaialdietan izan ondotik, Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian egin zuten Euskal Herriko lehen proiekzioa, apirilaren 4an. Orain zinema areto komertzialetara heldu zaigu.