Maiatzaren 19tik 23ra izanen da Lekarozko Arotegiko auzian auziperatutako zazpi herritarrei egin beharreko epaiketa. Horri begira, Aroztegiko Elkartasun Komitea mugitzen hasia da eta elkartasun akanpada antolatu du absoluzioa eskatzeko aitzinera eramanen duten kanpainari hasiera emateko. Maiatzaren 4tik 10era, astebeteko akanpada eginen dute Elizondoko Plazan eta atzo, igandean, honen berri emateko prentsaurrekoa egin zuten. Hortik aitzinera egitarau zabalarekin eskatuko dute zazpi herritar horien absoluzioa Baztanen, ekintza desberdinen bidez: solasaldiak, kontzertuak, bertso saioak, kotxe karabanak, bizikleta martxa... Euren eskakizunekin eta protestekin bat egiteko deia ere egin zuten atzo komiteko kideek, akanpadan parte hartuz edota astean zehar eginen dituzten ekintzetara agertuz. Hau da prentsaurrekoan irakurritako oharra:
"Arratsalde on denei! Esker mila etortzeagatik.
Prentsaurreko hau deitu dugu epaiketa artio eginen dugun kanpainaren berri emateko.
Jakinen duzuenez,maiatzaren 19tik 23ra Nafarroako Auzitegian 7 baztandarren kontrako epaiketa izanen da. 2021eko udaberrian, bertze dozenaka herritarrekin batera, Aroztegiko proiektu urbanistiko espekulatzailearen kontra egindako kanpaldian parte hartzeagatik epaituko dituzte.
Gure ingurua suntsitzea helburu zuen obra hura denen artean gelditu genuen, eta berriki erran dugun bezala, guk ere akanpatu genuen!
Oroitarazi nahi dugu Aroztegikoa herritarren borondatearen kontra behin eta berriz inposatu nahi izan zaigun proiektua dela. Nafarroako Gobernuak Palacio de Arozteguia S.M.-ri legez kontrako proiektu eta ekintza guziak onartu dizkion bitartean, herritarrak babesik gabe utzi gaitu. Proiektua UGEP-aren bidez onartu eta enpresari herri lurrak zein nekazal lur pribatuak oparitu zizkion, Baztango entitate zein herritarrei erabakitzeko eskumena ebatsiz.
Egoera honen aitzinean, herria behartua izan da bere burua defendatzera desobedientzia zibila praktikan jarriz. Orain, lurraren defentsan egindako ekintza demokratiko batengatik zigortu nahi dituzte: denera 20 urteko kartzela zigorra eta 43 milioi euroko indemnizazio eskaera 7 lagunen gain paratu nahi dute. Derrigortze eta bortxa delituen akusazioarekin batera, talde kriminal bat osatzea leporatzen zaie.
Argi utzi nahi dugu zigor hau ez dela 7 herritarren kontra bakarrik, herri oso baten kontra baizik. Zigor eskaera hau gauzatzen bada, Euskal Herri osorako alimaleko aurrekaria ekarriko luke, herri mugimendu guzien erabateko kriminalizazioari ateak irekiz.
Tamaina honetako erasoak, tamaina bereko erantzuna eskatzen du. Beraz, baztandar zein euskal herritar guziak: deitzen zaituztegu ondoko asteetan antolatu ditugun mobilizazio eta ekintzetan parte hartzera eta elkartasuna adieraztera.
Gaur hasita, eta heldu den larunbata artio, kanpaldi bat eginen dugu hementxe, Elizondoko plazan.
Egitarau hauxe duzue:
Maiatzak 5, ASTELEHENA:
- Goizean: Plaza apaintzea (materiala eñaut)
- 13:30: Bazkaria
- 17:00: Kotxe karabana baztandik
- 19:00: Elkartasun keinua: Erdiz bizirik + nekazariak eta basaburua kuartelekoekin - 21:00: Afaria
- Ondotik: Bertso saioa
Maiatzak 6, ASTEARTEA:
- Goizean: Herriak apaintzea
- 13:30: Bazkari
- 17:00: Panel margotzea
- 19:00: Elkartasun keinua; batzar nagusia + erbereak
- 21:00: Afaria
- Ondotik: triki panderoa
Maiatzak 7, ASTEAZKENA:
- Goizean: Aroztegira martxa
- 13:30: Bazkaria
- 18:00: Kinbonbo kalejira
- 19:30: Elkartasun keinua: Lekarozko herria
-20:00: Baztango Mindeitzea
- 21:00: Afaria
- Afal onduan: Zirko kabareta
Maiatzak 8, ORTZEGUNA:
- Goizean: N121aren apainketa
- 13:30: Bazkaria
- 17:00: Bolei txapelketa
- 19:00: Elkartasun keinua: Meta + Baztanen bizi nahi dugu + Elizondoko kuartela
- 21:00: Afaria
- Afal ondotik: Madame Birrots
Maiatzak 9, ORTZIRELA:
- Goizean: Solasaldia
- 13:30: Bazkaria
- 17:00: Bizikleta martxa elizondotik
- 19:00: elkartasun keinua: emakumeen mundu martxa + Baztangoiza kuartelarekin - 21:00: Afaria
- Afal ondotik: Triki, panderoa
Maiatzak 10, LARUNBATA:
- Goizean zehar akanpada bildu
- 12:00: Konzenentrazioa
Bertzetik, epaiketaren astean egunero Nafarroako Auzitegiaren parean egonen gara elkartasuna adierazten, aitzinago izanen duzue horren berri.
Akitzeko eta ez atzentzeko, guzi hau 7 auziperatuendako absoluzioa eskatzeko egin nahi dugu, desobedientzia zibila ez baita delitua.
ABSOLUZIOA AROZTEGIKOENDAKO! AROZTEGIKO UGEP-A GELDITU!"