"Gazteak On: elikadura erronka" azken txanpan sartu da, herritarrek bozkatzekoa

Antxeta Irratia 2025ko mai. 6a, 10:54

Txingudiko 100 ikasle baino gehiagok parte hartu dute elikadura erronka honetan. Eskolan elikadura jasangarriaren baitan lantzen dituzten proiektuak erakusteko 14 bideo sortu dituzte. Orain, herritarrek bideo irabazlea bozka dezakete, eta sari banaketa eta bideo guztien proiekzioak ekainaren 6an egingo dute Bioterra azokan. 

Labore Txingudi, HendaiaKoop eta Maia Permaculture eragileek Irun-Hondarribiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Hendaia-Urruña-Biriatuko kolegioko adinean dauden gazteak eta haien irakasleak "Gazteak On: Elikadura Erronka" lehiaketan parte hartzera gonbidatu dituzte aurten. Orotara, 100 ikasle baino gehiago inplikatu dira eta guztira hamasei taldek eman dute izena Gazteak On lehiaketan, eta horietatik hamalauk hartu dute parte. Talde gehienek osasunaren ikuspegitik landu dute elikaduraren jasangarritasuna eta menu kontzeptua sarritan ageri dela azaldu dute antolatzaileek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan antolatutako Ideiak 2024, mugaz gaindiko aurrekontu partehartzailean saritutako proiektua da. Bideoak egin eta aurkezteko deia luzatu diete, eskolan elikadura jasangarriaren baitan lantzen dituzten proiektuak erakusteko, gazteek sortu nahi dituzten egitasmoak aurrera eraman eta ideiak garatzeko aukera emateko. Etorkizuneko elikadura bertakoa, ekologikoa eta osasuntsua izan dadin gazteen ikuspuntua ere, beharrezkoa dela sinetsita baitaude.

Bozkatzeko fasea

Orain fase erabakigarrian sartu da lehiaketa. Orain, herritarrek bideo irabazlea bozka dezakete eta horretarako lotura honetara sartu behar da. Pertsona bakoitzak behin bozka dezake eta hiru bideori eman ahal dio botoa. Herritarren Saria izango da bozketa honen bidez banatuko dena eta epaimahai espezializatu bat ere egongo da saria nori eman baloratzen. 

Ikastetxeak ere saritu nahi dituzte eta parte hartu duten ikastetxe guztiek bideoak zabaltzeko material kit bat jasoko dute. Kit horretan sare sozialetarako irudiak, QR kodeak, kartelak eta mezu proposamenak topatuko dituzte, hainbat euskarri eta plataformatan promozioa egin ahal izateko. Sari banaketa ekainaren 6an egingo da Ficoban, Bioterra azokaren barruan. Ekitaldiak ordubete iraungo du eta aurkeztutako hamalau lanak ikusteko aukera egongo da.