Markel Adin: «Herri oso baten kontrako erasoa da eta olatu honi segida eman behar diogu»

Paola Oskoz 2025ko mai. 8a, 12:36

Maiatzaren 19tik 23ra epaituko dituzte Aroztegiko auzian auziperatutako zazpi baztandarrak. Desobedientzia zibilagatik eta talde kriminal antolatu bat izateagatik epaituko dituzte, kartzela zigorra eta 56.000 euroko isuna ezarriz. Hauen absoluzioa eskatzeko eta, zazpi herritarren kontrako erasoa ez ezik, herri oso baten kontrako erasoa dela argi uzteko, Elizondoko plazan elkartasun kanpaldia egiten ari dira aste honetan zehar. 

Maiatzaren 4tik hainbat herritar Elizondoko plazan lo egiten ari dira Aroztegiko auzian auziperatutako zazpi baztandarrei elkartasuna adierazteko. Igandean, Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideek eman zuten prentsaurrekoaren ondotik, lau arrats pasatuko dituzte bertan eta bertze hiru dituzte aitzinetik. Bertan lo egiteaz gain, egunean zehar ekitaldi desberdinez osatutako egitaraua ere eskaintzen ari dira. 

Markel Adin Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideak aipatu duenez, ez da lehen aldia Elizondoko plazan akanpatzen dutena: “Bertze bi akanpada egin ditugu Elizondoko plazan aroztegiko auziarengatik. Oraingo honetan, helburua ere aroztegiko auziperatuei elkartasun adieraztea da, babestuak sentitu behar direlako, ez soilik zapalduak”. Honez gain, zazpi auziperatu hauen absoluzioa ere eskatzen ari dira egunotan. Adinek jakinarazi du, “desobedientzia sibila egiteagatik eta talde kriminal antolatu bat izateagatik” epaituko dituzte zazpi baztandarrak heldu den maiatzaren 19tik 23ra eta hori “onartezina” dela argi dute. 

Hasiera batean, epaiketa otsailaren 3tik 7ra egitekoa zuten, baina guti lehenago data aldatuko zutela jakin zuten Komiteko kideek. Edonola ere, otsailaren 1ean, kalera atera ziren 18.000 lagunekin batera, Iruñean egin zen manifestazio nazionalean. Aurreikusitakoa baino gehiago izan zen Adinen arabera eta olatuaren gainean segitzeko, elkartasun akanpada antolatu dute orain, data berriaren atarian: “Presio bat sortu nahi genuen epaiketara begira. Nabaria da neke sentsazioa, baina beharrezkoa da olatu horretan segitzea. Beti ezin da olatuaren gaineran egon, baina hor gaude oraindik ere fuerte”. 

Azken hogei urtean borrokan pasatu dituzte baztandarrak Aroztegiko proiektuaren kontra. Adinek aipatu bezala, “errepresioa eragin du horrek”. Baztango alkateak deitu zituzten deklaratzera eta diru zigorrak ere egon dira, kontatu duenez. Azken erasoan berriz, zazpi pertsonen kartzeleratzea eskavtu dute eta 56.000 euroko isuna horientzat ere. Adinek azpimarratu duenez, “ez dugu ulertzen zazpi pertsona soil horien kontrako erasoa, herri oso baten kontrako erasoa da eta herriak ordaindu zuen dirua. Orain, azken kolpean, 43 milioi euroko isun bat jasotzeko arriskua dago”. 

Honen guztiaren kontra borrokatzeko egiten ari diren elkartasun akanpadaren inguruan, “balorazioa positiboa” egin du Adinek. Jende dezente hurbildu dela onartu du eta hurbildu ezin denak ere ahal duen guztian laguntzen duela, bazkaria prestatzen, bertze ekitaldietara agertzen. “Giro polita, berotasuna eta goxotasuna nabari da”, gaineratu du. Bertso saioak, zirkua, kotxe karabanak, eta bertze hainbat ekitaldi dituzte egunero Elizondoko Plazan. Tartean, egunero errepikatzen den bat ere: “19:00etan elkartasun keinua egiten dugu, elkarretaratze modukoak direnak. Baztango herri eta fragile desberdinak gonbidatzen ditugu bertara”. Ondotik, aisialdi eskaintze izaten dute arratsero.

Azken egun hauetan, larunbateko hitzordu garrantzitsuenetariko batera begira ari dira Komiteko kideak. Maiatzaren 10ean, 12:00etan, elkarretaratze zaratatsu bat eginen dute Elizondoko Plazan. Adinek jakinarazi duenez, "herri oso baten kontrako eraso bat bezala ulertzen dugu hau eta jendea hurbiltzea behar dugu. Olatu honi segida eman behar diogu eta uste dugu hortik lortuko dugula. Jendea animatu nahi dugu bertaratzera, hor emanen baititugu baita ere epaiketako gako eta aurrerapen batzuk”. Hain zuzen ere, maiatzaren 19tik 23ra Iruñeako Auzitegiaren aitzinean elkartuko dira baztandarrak, zazpi herritarren absoluzioa eskatzeko, baita babesa adierazteko ere.