Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sindikatuekin abiatu duen negoziazio ziklo berrian akordiorik lortu ezean, irakasleek bost greba egun egingo dituzte Eskola Publikoan maiatzaren 12tik 16ra. Ikasturte honetan dagoeneko egin dituzten 9 greba egunetan ez bezala, oraingo honetan hezkuntza komunitate osoa mobilizatzeko deia luzatu dute sindikatuek.
Deialdi horri erantzunez, Bidasoko hezkuntza komunitatea antolatu egin da, eta hurrengo astelehenean (maiatzak 12) elkarretaratzera dei egin dute Irungo San Juan plazan, 18:00etan. Martxoan Irun eta Hondarribiko hainbat irakaslek indarrak batu zituzten aurreneko aldiz eskualde mailako mobilizazioetan. Eta oraingo honetan arratsaldez deitu dute, ikasleek eta gurasoek ere bat egin dezaten. Kalitatezko hezkuntza baten alde irtengo direla aurreratu dute eta «eskola hobe baten aldeko» borrokara batzeko deia ere luzatu dute, larunbatean, maiatzaren 10ean (17:00etan) Donostiako Boulevarretik abiatuta egingo den manifestazioan parte hartuz.
Honi lotuta, intersindikalak abian jarri duen atxikimenduarekin (3.000 eragile eta norbanako baino gehiagok izenpetu dute) bat egin dute Hondarribiko Talaia Eskolak eta Txingudi Ikastolako BHI ikastetxeak eta Txingudiko Guraso Elkarteak ere.
Bidasoaldeko guraso elkarteak
Alde horretatik, joan den martxoaren 27an Txingudi Ikastolako Guraso elkarteak plazaratu zuenoharraren hari beretik, oraingo honetan, Irungo hainbat guraso elkartek bat egin dute grebalarien aldarrikapenekin. Txingudi Ikastolako guraso elkarteak, Toki Alai eskolako 'Alaikiro' guraso elkarteak, Eguzkitza eskolako guraso elkarteak eta Leka Eneako 'Zabalduz' guraso elkarteek komunikatu bat adostu dute, irakasleei babesa adierazteko, eta hezkuntza komunitate osoari mobilizatzeko deia eginez. «Gure seme alabek merezi duten arreta eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko baliabideak jokoan daude» azpimarratu dute sare sozialetan plazaratu duten ohar horretan. Hezkuntza zentro hauetako gurasoek «ezinbestekotzat» jo dute inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea. Lau eskola hauetako guraso elkarteek ohartarazi dute, eskaera horiek defendatzea ez dela soilik irakasleen kontua, ikasle, irakasle, eskolako langile eta guraso guztien ardura baizik.
Horrenbestez, irakasleek hamaika bider aldarrikatu dituzten neurriak exijitzen dituzte gurasoek ere. Hala nola; ikasle-ratioak txikitzea, hezkuntza laguntza beharretarako eta aniztasuna artatzeko baliabideak handitzea, plantillen egonkortzea eta gazte-berritzea, ordezkoen lana duintzea, zuzeneko eskola orduak murriztea, burokrazia murriztea, eta abar.