Apirilaren lehenean medikuntza sozialeko langileak Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionan duen egoitzaren aitzinean mobilizatu ziren, “beharren neurriko baliabideak” eskatzeko. Haatik, erakundeen kontrolpean diren sektore guztietan nabari dute baldintzen okertzea sindikatuek, eta LABeko ordezkari Eñaut Aramendik azaldu duenez, hala jo dute gaurko greba antolatzera, bai sektore publiko zein pribatuan.
“Europa gerlari begira jartzen ari den dirua” langileen soldatetara bideratzea galdegin du Aramendik, eta testuinguru politiko honetan, murrizketak tokiko erakunde guztietan nabarituko direla iragarri. Hala, Frantziako gobernua, Eskualdea, Departamendua, Elkargoa eta Herriko Etxeak jarri dituzte fokupean, eta lan baldintzak are gehiago okertu ez daitezen mobilizatzen dira gaur.
Ildo beretik, eta 2024ko Enpresa Oso Txikietako hauteskunde sindikaletan egin bezala, bertan erabakitzeko aldarria errepikatu du LAB sindikatuak. Gaurko mobilizazioa haatik intersindikalean eginen dute Baionan, ospitaletik abiatu eta Euskal Elkargoaren egoitzaren aitzinetik pasaz. LAB, CGT, Unsa, Solidaires, FSU eta CFE/CGC dira bertzeak bertze deialdiaren egileak.