Gaur egungo gizartea teknologiaren menpe bizi da, eta horrek dakarren erosotasunarekin batera arazo larria ere dakar: zabor teknologikoa. Bi atal nagusitan banatu dezakegu: alde batetik, zabor fisikoa —gailu elektroniko zaharrak, plastikoak, metalak— eta bestetik zabor digitala —argazki bikoiztuak, dokumentuak eta abar. Gaurkoan, zabor fisikoan jarriko dugu arreta.
Gailu elektronikoak botatzen direnean, ez dira desagertzen. Ecoembesen arabera, mugikor tona batek urrea, zilarra, kuprea, paladioa eta kobaltoa izan ditzake kantitate esanguratsuetan. Zehazki, 300-400 gramo urre, 3-4 kilo zilar, eta 100 kilo kupre atera daitezke. Hala ere, osagai horiek berreskuratzeko aukera oso mugatua da: gailuen %30 bakarrik birziklatzen da, eta gainerakoa zabortegira doa edo inzineratzen da. Paradoxa bat da: gaur egun urre gehiago ateratzen da birziklapenetik, meatzeetatik baino.
Zabor teknologikoa, gainera, tamaina handiko arazo bihurtu da. INEk adierazi du Espainian 110 milioi tona zabor sortzen direla urtero, eta horietatik %4 inguru zabor digitala dela kalkulatzen da: hau da, 2 eta 4 milioi tona artean. Zifra horiek kontuan hartuta, premiazkoa da kontzientzia hartzea eta alternatibak bilatzea.
Horrelako alternatiba bat da Bikonet proiektua, Elkartenet eta Aulas Sin Fronteras erakundeen eskutik. Proiektu hau ikastetxeetan sortu zen Eskola 2.0 programaren ondoren, eta helburua argia da: zaharkitutako ordenagailuak birziklatu eta garapen-bidean dauden herrialdeetara bidaltzea. Ram memoria eta disko gogorra aldatuta, makinak berriz martxan jartzen dira, eta software librea —Txikilinux, tamazigh hizkuntzarekin— instalatzen zaie.
Proiektuak lanbide heziketako ikasleen parte-hartze aktiboa du, eta ordenagailuak ez dira zabor bezala bidaltzen, baizik eta gela informatikoak osatzeko tresna baliagarri gisa. Gaur egun, makinak Errachidia, El Aaiun edo Mauritaniara bidaltzen dira, eta Aulas Sin Fronteras elkartearen bitartez bertako gazteek formakuntza jasotzen dute.
2024an, Errachidiako bigarren fasea abiatu zen, Arizmendi ikastetxearen laguntzaz. Bertako wifi antenak ere birziklatu dira, sare azpiegiturak hobetzeko. Kurioski, 2022an ordenagailuak bateria gabe bidali behar izan ziren, legediak hala aginduta. Ironikoki, egunero bidaltzen dira funtzionatzen ez duten gailuak eta bateriak Afrikako zabortegietara inolako trabarik gabe.
Beraz, gure esku dago teknologia arduraz erabiltzea. Gailuak botatzea ez da beti beharrezkoa. Bigarren bizitza bat eman diezaiekegu, eta, gainera, hezkuntza proiektu baten parte bihur daitezke.
Eta gogoratu: zaborrik hoberena, sortzen ez dena.
Iturriak eta baliabideak: