Osasun Bidasoa: «Medikuek ez dute Bidasoan lan egin nahi, alde egiten dute»

Koldo Nausia 2025ko mai. 15a, 11:58

Bidasoaldeak jasaten duen «tratu txarra» salatzeko eta eskualdeak merezi dituen osasun-zerbitzuak exijitzeko manifestaziora deitu dute maiatzaren 31n (18:30) Irungo San Juan plazan. Bidasoko ospitalean apirilaren 13an itxi zituzten Larrialdi Pediatrikoak berriz martxan jartzea, eta «agintarien aurreikuspen faltak» eragindako osasun-langileen baldintzak hobetzeko eskatu du Osasun Bidasoak. Urologia edo Psikiatria Infanto-Jubenil zerbitzuak desagertu ondoren, eskualdeko 9 pediatratik 7k trasladoa eskatu dute dagoeneko.

Osasun Bidasoa plataformak manifestaziora deitu du maiatzaren 31n "Pediatriako Larrialdiak Ixteari Ez!" lelopean. Baina plataformako kideek azpimarratu dutenez, «Osasun Publiko osoaren gainbehera gelditu eta berehalako konponbide eraginkorrak» lortzeko neurriak aldarrikatuko dituzte enegarren aldiz. Ospitalea handitu eta Irungo anbulatorio instalazio berriak aldarrikatzeaz gain, Hondarribia, Irun, Bortziriak eta Hendaiako mugaz gaindiko langileak barne, 100.000 lagun ingururi zerbitzu eman beharko lioketen espezialista eta osasun-zerbitzuak bermatu behar direla aldarrikatzen dute, «itxaron-zerrendak gehiago luzatu gabe, eta Donostiara bideratu gabe, han ere pilatzen ari baitzaizkie dagoeneko».

Oraingo honetan, apirilaren 13an Bidasoko ospitalean itxi zuten Larrialdi Pediatrikoen zerbitzuaren itxierak piztu du haserrea. 2012 urtea arteko eredua berreskuratzeko exijitzen dute. Manel Ferran, familia-medikuak argitu duenez, Mendaron, Arrasaten eta beste hainbat eskualdeetan funtzionatzen duen eredua den bitartean, Bidasoaldean ezarritako esperimentua da gaur egungo «desmasia» ekarri duena.

Bidasoari «tratu txarra»

Hala ere, azken urteetan Bidasoa ESIk emandako osasun zerbitzuen okertze etengabearen oinarrian, «aurreikuspen eta plangintza falta» dagoela leporatu diote Eusko Jaurlaritzari. Jubilatutako profesionalak ordezkatzeko aurreikuspenik ez dutela egin deitoratu dute, eta Mariaje Alfonso erizainak salatu du EAEko beste eskualdeekin alderatuta «Bidasoak tratu txarra jasaten» duela oro har, eta baliabide eta lan baldintza eskasen ondorioz, osasun profesionalek bertatik ihes egiten dutela. «Osasungintzako langileek ez dute Bidasoan lan egin nahi eta beste eskualdetara joaten ari dira, medikuak falta dira, eta hauek alde egiten duten bitartean, geratzen direnak gainezka ari direnez destino aldaketa eskatzen dute, ez daude horrela lan egiteko prest», dio Osasun Bidasoako kideak.

Kontatu dutenez, hala gertatu da ospitalean desagertu diren hainbat zerbitzurekin. «Urologia zerbitzua desagertu egin zen Bidasoko ospitalean, eta Kardiologiaren kasuan ere, hiru espezialista zeuden, baina aipatutako arrazoiengatik lanaldi erdian ari den bakarra dago orain, mementoz». Baina lehen arretan ere, mediku eskas dabiltzala ohartarazi dute: Dunboan, adibidez, familia-medikuak falta dira, 18 plazatik 5 bete gabe daude, eta ezin dira bajak ordezkatu.

Pediatriaren gabezia larria

Pediatria zerbitzuari dagokionez, apirilaren 15ean Bidasoa ESIko zuzendariek zenbait pediatrekin batera egindako agerraldian aurkeztutako "hobekuntza" ez dela hala oroitarazi dute plataformakideek. «Bidasoaldeko profesionalak ez daudenez aldaketarekin ados, beste eskualdeetako profesionalen iritzia jaso zuten agerraldi hartan, eta ez dute eskualdearen errealitatea ezagutzen», dio Manel Ferranek, «hobekuntza dela diote, baina praktikan 17:00etatik goizeko 8:00ak arte, baita asteburu eta jaiegunetan ere Larrialdiko Pediatrikoen zerbitzurik gabe utzi dute Bidasoaldea». Zehazki, astean 99 ordu gutxiago ematen da zerbitzu haur eta gazteentzat. 

Izan ere, orain artean, goizez bakarrik zeuden kontsulta pediatrikoak Irun-Hondarribiko anbulatorioetan, eta arratsaldez nahitaez larrialdietara joan behar zuten familiek. Antolakuntza berriak 17:00ak arte anbulatorioetan arreta pediatrikoa ematea ahalbidetzen du, ospitalean larrialdiak kendu eta Donostiara bideratzen dituzten arren, eta hau hobekuntza bat dela azpimarratu du Osakidetzak lehen arretan 15:00etatik 17:00etara luzatu dutelako zerbitzua. Baina Manel Ferranek argitu du, medikuen falta dela eta, maiatzaren lehenean indarrean sartu beharrean, apirilaren 13tik ez dagoela larrialdi pediatrikorik Bidasoa ospitalean, eta «arrazoi beragatik Dunboan ez da 17:00ak arteko zerbitzu berria bermatzen ari».

Itxiera honen aurrean, haurrak dituzten familiak Donostiako ospitaleko larrialdietara edota Irun erdiguneko anbulatorioko larrialdietara joan beharko dira. Irungo kasuan, familia mediku batekin egingo dute topo paziente txikienek, baina zerbitzu honen narriadura lehenagotik datorrela ohartarazi dute plataformako kideek.

Gainera, egoerak okerrera egingo duela iragarri du plataformak. Une hauetan 9 pediatra daude Irun-Hondarribian guztira, eta zazpik trasladoa eskatu dutela ohartarazi du plataformak, osasun profesionalak egoera prekarioan ari direlako lanean gure eskualdean. 

Haur eta nerabeen psikiatria zerbitzua

Oroitarazi beharra dago, bestalde, Psikiatria Infanto-jubenil zerbitzua ere kendu egin duela Osakidetzak Urdanibia plazako osasun mentalerako gunetik, eta bertan zeuden 500 bat espedienteak Donostiara lekuz aldatu dituztela salatu du F Salud Mental Irun taldeko hunkitutako familien bozeramaileak, Igor Medranok. Maiatzaren 31ko manifestaziora batu dira, haur eta gazte erabiltzaile horien familiak ere. Osasun Bidasoak orain arteko deialdietara nagusiki adineko pertsonak hurbildu direla dio plataformak, baina oraingoan familiak eta haurrak ere asko gerturatuko direla uste dute, «azken aldaketa hauek jende gaztea ere kaltetu dute, eta asko dira ohartu direnak mobilizatu beharra dagoela». Alde horretatik, eskualdeko ikastetxeekin eta guraso elkarteekin harremanetan sartu dira ere, haien sareetan deialdia luzatu dezaten. 

Igor Medranok azaldu duenez, «2025eko martxoan egun batetik bestera kendu zuten psikiatria zerbitzua, eta Eusko Jaurlaritzak esan digu psikiatria espezialitate sortu berria dela, eta lehen profesionalak 2028an graduatu eta lanean hasiko direla, baina gure seme-alabek ezin dute hainbeste itxaron». Aitzakia hutsa dela leporatzen diete agintariei, izan ere, edozein psikiatra gai da haur eta gazteekin lan egin edo espezializatzeko, orain arte egin izan den bezala.

Zentzu honetan, pandemiaren ondoko urteotan arazo psikiatrikoak eta elikaduraren nahasmendu diagnostikoak nabarmen areagotu egin dira txikien eta nerabeen artean. Osakidetzak berak Bilboko Basurtoko ospitaleko Psikiatria Departamenduak emandako datu ofizialen arabera, 2021ean %65 egin zuten gora gazteen artean anorexia eta bulimia bezalako kasuak, eta 2022an %70eko langa gainditu zuen. Egoera larriagoei dagokienez, aldiz, plataformako kide batek salatu duenez, psikiatria zerbitzua Donostiara bideratzeak «itxaron-zerrenda onartezinak» eragiten ditu. «Bidasoaldean buruaz beste egiten saiatzen den gazte bati, adibidez, gaur gaurko 4 hilabeteko itxaron-zerrenda ematen dio espezialistak ikusi eta jarraipena egin orduko», argitu du.

Arrazoi hauengatik guztiengatik, maiatzaren 31n (18:30ean) Behe Bidasoa eta Bortzirietako herritar oro mobilizatzera deitu dute, Irungo San Juan plazatik abiatuko den manifestazioan. Aldi berean, Bidasoa ospitaleko osasun-langileek eta ESK sindikatuak elkarretaratzera deitu dute ostiralean, maiatzak 16, 14:00etan.