07:30ean egin zen atzo ere hitzordua Elizondoko plazan, eta 08:30ean jendea biltzen hasi zen Justizia Jauregiaren parean. Atzo ere jendetza bildu zen elkarretaratzean, eta auzipetuak txalo artean sartu ziren. Goizeko mahai inguruan Jardun koordinadorak, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Baztan-Bidasoa Aldeko pentsionistak eta Onekak parte hartu zuten. Goizean, berriz, Ernaik ere adierazpenak egin zituen.
Goizane Vegas eta Markel Adin solastatu ziren Ernaien izenean. Auzipetuei elkartasuna eta babesa adierazi zieten, «herri burujabe baten aurkako epaiketa dela» argi utzita. Zazpi pertsona horiek auzipetu izana «kasualitatea ez dela» nabarmendu zuten, «militantzia politikoan eta herri mugimenduan parte hartzeagatik izaten ari baitira epaituak».
Epaiketa
Atzo akusatuek hartu zuten hitza. Lehendabiziko akusatuak fiskalaren galderaren bitartez azaldu zuen «urte luzetan proiektuaren kontrako jarreran aunitz informatu dela, eta herritarrak behin baino gehiagotan proiektuaren kontra posizionatu direla». Asteazkenean Joseba Otondok adierazi zuen gisara, Aroztegia eta gero zer? plataformaren funtzionatzeko modua «horizontala» dela, eta «bileren bidez hartzen zituztela erabakiak». Kanpaldiaren erabakiak ere «batzarretan kolektiboki eta inolako hierarkiarik gabe» hartzen zirela aipatu zuen, eta egunez egun erabakitzen zutela zer egin. Erabaki nagusia «makinen aitzinean indarkeriarik gabe eta modu pasiboan paratzea» izan zen eta gaineratu zuen «ez zuela ez sabotajeetan ez bortizkeria ekintzetan parte hartu». Gainera, ez zuen bidezkotat jo «epaiketaren azken egunetan bere kontra egin diren akusazioak», eta argi utzi zuen «ez dela pertsona bakarra izan obra gelditu zuena, herri oso bat baizik».
Bigarren akusatua hasi zen solasean ondotik. Makinen paralizazioan «ez zuela parte hartu» adierazi zuen, eta egun horietan konfinatua egon zela koronabirusarengatik.
Hirugarren akusatuak Aroztegia eta gero zer? plataformako kidea izan dela eta «bertako asanbladetan zein ekitaldietan parte hartu zuela» erran zuen. Adierazi zuen proiektua «herritarrek inposaketa gisa ulertu eta kezka handiarekin bizi dutela». UGEP gisa tramitatu izana salatu zuen, «interes orokorrerako disenaturiko figura interes pribatuendako erabili izanagatik». Onartu zuen makinen paralizazioan parte hartu zuela, «baina kanpaldian guti egon zela, eta ez zuela inongo ekintza bortitzetan parte hartu». Azkenik, «Lekarozko enpresaren kontratupeko langileak erasotu zuela» aipatu zuen, hortaz, ez du ulertzen «nola langileak adierazi duen beldurra sentitzen zuela, erasotua bera izan baitzen».
Laugarren akusatuak «ttipitatik proiektua ezagutzen duela» eta «horren kontrako mobilizazioetan parte hartu» duela adierazi zuen. Kanpaldira bertaratu izana onartu zuen, eta grabatutako bideotan «soilik proiektuarekiko kezka» adierazi zuela. Gaineratu zuen «ez zela gehiagotan jarri makinen aitzinean», koronabirusarengatik konfinatuta baitzegoen. Ukatu zuen talde antolatu baten partaide izatea eta gehitu zuen erabakiak hartzeko «batzar irekiak egiten zituztela eta zuela inoiz agindurik jaso».
Borzgarrenaren txanda izan zen ondotik. «Mezu eta bideon bidez» izan zuen obren berri eta «lagunekin zer gertatzen zen ikustera» hurbildu zen. Makinetara hurbiltzean horiek gelditu zirela aipatu zuen eta «ez zirela langileengana mintzatzera hurbildu». Gainera, ez zen gehiagotan bertaratu eta ez zuen kanpaldian parte hartu.
Seigarrenak «obraren hasieran Lekarozko plazara joan izana» onartu zuen eta hirugarren baten proposamenagatik lanetara hurbiltzea erabaki zuela. Ez zuten «makineria gelditzeko asmorik» eta «ez zegoen inoren agindupean». Langileengana hurbildu zen baina «ez zen mintzatu, ez zuen mehatxurik ezta irainik egin». Ez zen gehiagotan hurbildu bertara eta ez zuen kanpaldian parte hartu.
Azken akusatua ere Lekarozko plazara bertaratu zen, eta hor «sortu zen lanetara hubiltzeko ideia». Makinetarantz hurbildu zirenean «langilea ikusi zuen eta adierazi zion lanak ilegalak zirela eta makinak gelditu behar zituela». Langileak honako hau erran zuen: «Ados, baztertu zaitezte makina itzali ahal izateko». Bertan gelditu ziren ondotik, geldirik. Gehitu zuen, «langilea ez zela mehatxatua sentitu eta lasai zegoela».
Elkartasun Komiteak baloratu duenez, «gaurko errelatoan argi gelditu da Aroztegiko eremua eta, oro har, Baztangoa nork ezagutzen duen. Herri mugimendua nola antolatzen den argi ikusi da, horizontalki eta liderrik gabe. Zazpi pertsona horiek egin zutena publikoa izan da beti, eta ez dute deus inoiz altxatu. Argi gelditu ez dena da zergatik dauden zazpi pertsona horiek epaitegietan, eta zergatik sortu den beldurrean oinarritutako errelatoa».
Mahai ingurua
Gazteak eta pentsiodunak elkartu ziren gaur mahai inguruaren bueltan: Malen Gruing Jardun koordinadoratik, Asier Arrieta Euskal Herriko Etxebizita Sindikatu Sozialistatik, Ana Sarobe Onekatik eta Julen Mitxeltorena Baztan Bidasoako pentsiodunen elkartetik.
Gazteen etxebitzarako sarbideaz mintzatu ziren Gruing eta Arrieta. Hala, Gruing-ek adierazi zuen «gazteek sarbiderik ez izatea gentrifikazioaren eta turistifikazioaren ondorio dela; eta legedia jabeak babesteko dagoela egina». Arrieta etxebizitzaren eta turismoaren negozioez mintzatu da, baita horien ondorioez ere: «Langileria osoak deskantsurako eskubidea du, eta hori ez da inoiz bermatuko aisialdi kapitalistaren baitan». Ildo horretatik mintzatu zen Gruing, langile kontraboterean oinarritutako instituzioen beharra aldarrikatuta.
Sarobek, berriz, jendea herrietan gelditzeko planteamenduak galdegin zituen, baita zerbitzu publikoak indartzea ere. Mitxeltorenak Nafarroan etxibizitzari lotutako lege bat behar dela aldarrikatu zuen, «jendearen beharrak lehentasun bezala jarriz».
Egitaraua gaur bukatuko da, epaiketaren bostgarren egunean, alde batekoek zein bertzekoek azken ondorioak helarazten dituzten bitartean:
- 07:30ean auto karabana Elizondoko plazatik
- 08:45ean auzipetuei babesa adierazi
- Epaiketa akitzean auzipetuek adierazpenak eginen dituzte