Aroztegiko zazpi auzipetuen epaiketa bukatu da gaur

Paola Oskoz 2025ko mai. 23a, 15:47

Epaiketaren bostgarren eta azken egunean, fiskala, akusazioa eta defentsako bi abokatuak mintzatu dira eta beren ondorioak azaldu dituzte. Fiskalak eta akusazioak zigor eskaerak mantentzea erabaki dute. Bertzalde, bi abokatuek azpimarratu dute azken egunotan argi gelditu direla auzi honetako zazpi auziperatuak epaituak izan direla direnagatik, eta ez egin dutenagatik. 

07:30ean egin da hitzordua Elizondoko plazan, epitegira hurbildu nahi zutenen artean auto karabana egiteko; 08:30ean jendea biltzen hasi da Justizia Jauregiaren parean. Gaur ere jendetza bildu da epaitegiaren aitzinean egin duten elkarretaratzean, eta auzipetuak txalo artean sartu dira barnera.

Gaur ez da mahai ingururik egin, auzipetuak saiotik ateratzeko esperoan egon dira herritarrak. Hain zuzen ere, defentsak, fiskaltzak eta akusazioak ondorioak aurkeztu dituzte, eta bai fiskaltzak bai akusazioak zigor eskaerak mantentzea erabaki dute.

Fiskalak adierazi du “talde kriminal antolatua” direla, zeinak Aroztegiko lanak “indarkeriaz” gelditu zituen. Orain arte errandakoaren bidetik mintzatu da: modu bertikalean funtzionatzen zutela, eta auzipetuetako baten aginduak jarraitzen zituztela. Are, fiskalaren erranetan, “indarkeria fisikoa eta psikologikoa” erabili zuten.

Akusazioak, berriz, erran du aste honetako saioan “frogatua” gelditu dela zazpi auzipetuek talde bat sortu zutela, eta horietako bat zutela buru. “Ez dago proiektua legez kanpokoa dela adierazten duen administrazio egintza edo ebazpen bakar bat ere, eta baimen guztiak ditu”, erran du.

Defentsako bi abokatuek zazpi auzipetuen absoluzioa eskatu dute. Lehenbizikoak nabarmendu du auzipetuetako lauri egozten dietela obretara sartu, seinaleak hautsi eta makinak indarrez geldiaraztea, baina frogatua gelditu dela hori ez dela egia. “Lekukoek berretsi dute ez zela indarkeriarik izan, eta modu baketsuan jardun zutela; eta langileek ukatu zuten mehatxu egin zietela”, gehitu du. Are, nabarmendu du enpresak larritasuna eman nahi diola auziari, 43 milioi euroak eskatu ahal izateko, “horregatik behar dute talde kriminalaren akusazioa”.

Bide beretik mintzatu da bigarren abokatua, eta adierazi auzipetuek egin duten guztia bideoetan jasota dagoela: “Arriskuan jarri zuten bakarra beren bizitza izan zen, ez zuten inolako indarkeriarik erabili. Guardia Zibilak berak berretsi zuen desobedientzia zibila zela egin zuten bakarra”. Horrez gain, defentsak nabarmendu du mugimendu sozial orok behar duela antolaketa minimo bat, baina auzi honetan izaera kriminala eman nahi zaiola horri. “Horrek mugimendu sozial guztiarendako eta, oro har, adierazpen askatsunarendako aurrekari larria ezartzen du”.

UGEPa ere aipatu du, eta adierazi Baztani boterea kendu zaiola tresna horren bidez, boterea Iruñerat eramateko. “Hemen gaude enpresaren helburua delako 43 milioi euro lortzea, eta helburu hori erdiesteko gertatutakoa arras larria izan zela dion sententzia bat behar duelako”, gehitu du. Akusatuetako bat epaitegietara lau aldiz eraman dutela adierazi du, eta beti absolbitu dutela; “hori bai dela mehatxatzea”. Gehitu duenez, auzipetuak ez dituzte egin dutenagatik epaitu, direnagatik baizik: proiektuaren kontra dauden herritarrak. “Badirudi nahikoa dela proiektuaren kontrakoa izatea talde kriminal baten parte izateko”, borobildu du.

Zazpi auzipetuen hitzak

Epaiketa bukatuta, herritarrek txalo artean jaso dituzte zazpi auzipetuak. Hauetako batek, Itziar Torresek, hitza hartu du:

"Egun on, milesker hurbiltzeagatik! Gaur akitu da gure kontrako epaiketa. Aste luze honetan bizitu dugunak berretsi du Espainiako justiziak historian barna herritarrak zapaltzeko izan duen erabilera gaur egun ere mantentzen dela. Inoiz abiatu behar ez zuen epaiketa honetan zenbait bidegabekeria bizitu ditugu.

Prozesuan barna enpresa eta fiskaltza eskutik hartuta ikusi ditugu, herri mugimendua kriminalizatu nahian. Ikusi dugu epailearen irizpide partzial nabarmena, behin eta berriz ukatu diete gure abokatuei epaiketara egiazki eraman gaituen testuingurua aurkezteko aukera. Hau da, ez digute utzi erraten enpresak, diru publikotik 43 milioi euro lortzeko, gure kriminalizazioa behar duela, eta horretarako nahita nahiez talde kriminal hierarkiko eta antolatua garela sinestaraztea lortu nahi duela. Helburu hau betetzeko, enpresak eta fiskaltzak bat eginez, gezurretan oinarritutako kontakizun misogino, patriarkala eta klasista asmatu dute. Aurkeztu duten kontakizunean sexuaren araberako rolen banaketa dago, non emakumeak garen beldurgarria den talde honen buru eta gizonak indarkeria erabiltzera agintzen ditugun. Hori dena, asmatutako talde honetako partaideen itxuraren araberako aurreiritziak (“antisistema”, “motxiladunak”, “rastadunak”) nabarmenduz. Argi gelditu da epaitu gaituztela garenarengatik eta ez egin dugunarengatik.

Euskaldun bezala, bigarren mailako herritarrak bagina bezala tratatuak izan gara. Nabarmen gelditu da euskaldunon eskubideak ez direla bermatzen, ezta interpretea dagoenean ere. Interpreteari itzulpen amaigabeak eginarazi dizkiote, horretarako beharrezkoak diren baldintzak bete gabe. Honek gure testigantzen zehaztasuna kolokan paratu du. Bertze aldetik, euskaraz ulertzen ez dutenek edo itzultzaileak ez direnek, guk errandakoaren interpretazioak egitea normalizatu da epaiketan barna. Haiek euskara ez jakitea gure ardura balitz bezala.

Ez dakigu zein izango den sententzia, baina arras posible da talde kriminalaren kondena ezartzea, 43 milioi eurorako bidea errazteko asmoz. Hala ere, epaiketan argi geratu da horrek ez duela oinarri juridikorik, ezta frogetan ere. Beraz kontakizun faltsua erabili behar izan dute, ez dutelako bertzerik. Horregatik, herritarrei eskatzen diegu adi egoteko sententzia argitaratzen denean, une horretan babesa beharrezkoa izango baita. Epaiketatik haratago, azpimarratu nahi dugu herri bezala eraman dugun borrokagatik ospatzeko hamaika arrazoi ditugula. Bereziki garrantzitsua den lorpena izan da ikusaraztea herri mugimenduaren botereaz eta antolakuntzaz eta desobedientzia zibilaz lortu daitekeela makroproiektu espekulatzaileetako obrak gelditzea. Lortu dugu karriketan zein epaitegietan enpresek orain arte izan duten inpunitatea kolokan jartzea. Gehiengo soziala irabazi dugu, baita epaitegietan izan ditugun hainbat auzi ere. Lortu dugu, baita ere, herri hau menpe atxiki nahi duten enpresek eta instituzioetan dituzten aliatuek ikustea hemen herri duin bat dagoela duen indar guztiarekin bere etxea den lurra defendatzeko prest dagoena. Konturatu behar izan dira ez ditugula onartuko gure lurra, kultura eta hizkuntzaren kontrako erasoak, eta hauen aitzinean herri bezala dugun autodefentsa eskubidea erabiltzeko prest gaudela. Borrokak merezi duela erakutsi dugu, eta atzendu gabe, lortu dugu udaberri honetan ere Aroztegiko lur berdea loratzen ikustea.

Nabarmendu nahi dugu borroka luze honetan garaipen handiena bidea bera izan dela. Herriz herri eman ditugun solasaldiak, kanpaldiak, manifestazioak, bideoak, bizikleta martxak, bilerak, prentsaurrekoak... baita egin ditugun haserre, negar, kantu eta dantzak ere. Guztion artean, Nafarroako landa eremuko herri bateko borroka Euskal Herri mailako borroka bihurtzea lortu dugu. Hortaz, eskertu nahi ditugu bide honetan, karrikan, etxean, bulegoan, lantegian eta baserrian bidelagun izan ditugun herritar guziak. Bereziki, aste honetan zehar gu babesten egon zareten guztiei. Zuek gabe ezinezkoa litzateke.

Azkenik, oroitarazi nahi dugu epaiketaren akabera fase baten akabaila eta bertze baten hasiera izaten ahal bada ere, Aroztegiko UGEPa bertan behera gelditzen ez den bitartean makroproiektu espekulatzaile hau garatzeko arriskua bere horretan segitzen duela, eta honekin batera gure borrokak ere horrela eginen duela. Beraz, hemen edota Euskal Herrian ematen diren bertze hainbat borroketan elkar ikusiko dugulakoan, ez agurrik, ez adiorik, gero arte baizik!

Aroztegia Gelditu!"