Osasun Bidasoa plataforma 2018an mobilizatzen hasi zenetik inoiz egindako manifestaziorik jendetsuena espero du maiatzaren 31n (18:30ean). Bien bitartean, Irungo Cristina Laborda alkateak eta Hondarribikoak, Igor Enparanek, Bidasoa eskualdean osasun-arreta hobetzeko beharra helarazi zioten atzo berriro Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari. Azken asteetan Bidadosa ESIn apirilaren 13az geroztik ospitaleko Pediatria Larrialdi zerbitzuen kentzeko erabakia edota Haur-psikiatria Zerbitzua Donostira bideratzeko erabakiaren aurrean, bi udalerrien ekimenez hitzartutako bileran, tokiko agintariek adierazi zuten ez daudela ados hartutako azken neurriekin.
Pediatriako arreta-eredua aldatzeak eskualdeko familiak ospitaleko zerbitzu pediatrikorik gabe uzten dituela oroitarazi diote Osasun sailburuari. Osasun Bidasoa plataformak salatu duenez, Osakidetzatik «hobekuntza dela diote, baina praktikan 17:00etatik goizeko 8:00ak arte, baita asteburu eta jaiegunetan ere Larrialdiko Pediatrikoen zerbitzurik gabe utzi dute Bidasoaldea». Manel Ferran mediku eta plataformakideak joan den astean zehaztu zuenez, 99 ordu gutxiago ematen da zerbitzu haur eta gazteentzat orain.
Irun eta Hondarribko alkateek Haur-psikiatria Zerbitzuko langile gaituen gabeziaren inguruan kezka jakinarazi diote sailburuari ere, eta espero dute iragarritako plaza berria bete ahal izatea. Gogoan hartu behar da, zentzu honetan, Urdanibia plazako zerbitzuan zeuden 500 bat espedienteak Donostiara lekuz aldatu dituztela gogor salatu duela F Salud Mental Irun taldeak. Hunkitutako pazienteen senideek Osakidetzara jo dute, eta Igor Medrano taldeko bozeramaileak salatu du, EHUn psikiatria espezialitate sortu berria dela argudiatu duela Osakidetzak, eta lehen profesionalak 2028an graduatu eta lanean hasiko direnez itxaron beharko dela. «Baina gure seme-alabek ezin dute hainbeste itxaron», diote, eta aitzakia hutsa dela leporatzen diete Eusko Jaurlaritzako agintariei, izan ere, edozein psikiatra gai da haur eta gazteekin lan egin edo espezializatzeko, orain arte egin izan den bezala.
Labordak eta Enparanek Osasun sailburuarekin egindako bilkuran adierazi zioten, oso aukera garrantzitsua galdu dela ospitaleko larrialdien haurren osasun-arreta bezalako gai garrantzitsu eta sentikor batean adostasuna lortzeko. Eta azpimarratu zuten euren eskaerek bat egiten dutela herritarrek adierazitakoekin. Alde horretatik, gogora ekarri zuten lehen bileretatik Eusko Jaurlaritza bat zetorrela eskualdean osasun-arreta hobetzeko beharrarekin, eta horregatik, erabakitako aldaketak berriz azter zitezela eskatu zuten.
Udal agintariak herritarren eskaerekin bat
Bi udal-ordezkariek konpromisoa berretsi dute Bidasoan osasun-arretaren hobekuntza integralaren alde lanean aktiboki jarraitzeko. Bi alkateek zain dauden proiektuen premia errepikatu diote sailburuari, hala nola, Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoaren berritzea, Oinaurreko osasun-zentro berria, Alarde kalean partzela bat lagatzea eta Irun Zentroko anbulatorio berria, azken honetarako Eusko Jaurlaritzako lursail eta bertako erabilpen lagapen eskaerak beharrezkoak izanik, berehala tramitatzera konprometitu dira.
Hala ere, alkateek azpimarratu dute horrelako aurrerapenak ez direla soilik azpiegitura berrien eskaera historikora mugatu behar, arreta asistentzial egokia bermatu behar delako, eta dauden zerbitzuetan atzerakadarik gabe, Irungo eta Hondarribiko familiek eskatzen duten bezala. Era berean, Bidasoko ESIko Gizarte Kontseilua deitzea eskatu dute berriz ere, organo horrek biltzen baititu eskualdeko osasun-arretan inplikatutako eragile instituzional, profesional eta sozialak.