Osasun langileak Bidasoa eskualdean lan egiteari uko egiten diotela dio plataformak, eta horren ondorioz, apirilaren 13tik Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdiekin gertatu den bezala, haur eta gazteen psikiatriako eta urologiako kontsultak ere kendu ditu Osakidetzak.
Larunbateko manifestuan arigtu dutenez, anbulategietako Lehen Arretako pediatrak ere falta dira arrazoi beragatik, eta bertan astegunetako zerbitzua teorian 15:00etatik 17:00etara luzatu badute ere, Dunboan ez dira hori ere bermatzen ari. Dunboako anbulategian familia-medikuen eta pediatren artean, zazpi plaza bete gabe daude gaur egun. Eta ohartarazi dutenez, Irun-Hondarribiko Bidasoa ESIn dauden 9 pediatretatik zazpik trasladoa eskatu dute.
Era berean, Urdanibia plazan eskaintzen zen haur eta gazteentzako psikiatria zerbitzua martxoan itxi egin zuten, eta F Salud Mental taldeak salatu du eskualdeko 500 bat espedienteak hara bideratu dituztela. Egoera jasanezina dela salatu zuten larunbatean, eta promesek iada ez dutela balio. Eskaera zuzenak egin dituzte Bidasoa eta Bortzirietako 40 eragile biltzen dituen Osasun Bidasoa plataformatik:
- Pediatriako larrialdi zerbitzuaren berehalako irekiera Bidasoa Ospitalean.
- Haur eta gazteen psikiatriako zerbitzuaren lanpostua berehala eta behin betiko ezartzea.
- Osasun-zentroetan familia-medikuntzako eta pediatriako profesional nahikoak eta espezialistak itxaron-zerrendak murrizteko eta urologiako eta haur eta gazteen psikiatriako kontsultak berriro irekitzea.
- Plangintza serioa eta epe luzerakoa, beharrezko baliabideak bermatuko dituena.
- Osasun agintariekin elkarrizketa irekia eta eraikitzailea.