Bidasoaldetik Donostiako ospitalera autobus zuzena hilaren 20an jarriko dute martxan

Antxeta Irratia 2025ko eka. 10a, 13:34

Bidasotarren «aldarrikapen historiko» bati erantzungo dio Lurraldebusek, Hondarribia eta Irundik Donostiako ospitalera joateko autobus zerbitzu berria martxan jarriaz. Gipuzkoako Foru Aldundiak kontzesio berrian aurreikusita bazuen ere, Irun eta Hondarribiko udalek adierazitako beharrari erantzunez aurreratu dute E29 linearen martxan jartzea. Hilaren 20an emango du bere lehen zerbitzua, 07:00etatik 21:00etara, Hondarribitik, eta 08:15etik 22:15era, Donostiatik.

Irun eta Hondarribia Donostiako Ospitalearekin lotuko dituen E29 autobus linea Lurraldebusek Oarsoaldea Bidasoan egingo duen kontzesio berrian aurreikusita bazuen ere, Bidasoa ospitaleko obrak eta kanpo-kontsulten beharrak bultzatuta, zerbitzua aurretik martxan jartzea erabaki dutela aitortu du Azahara Dominguez Mugikortasunerako diputatuak. «Aldarrikapen historiko» bati erantzungo dio, Bidasoko herritarrek urteak baitaramatzate Donostiako ospitalera zuzenean joan ahal izateko zerbitzu hau eskatzen. Eta azken urteetan, Bidasoko ospitalean desgaertu diren hainbat espezialitate kontuan hartuta, geroz eta behar handiagoa dago. 

Alde horretatik, E29 lineak Donostiako Ospitalera eta Miramongo Parke Teknologikora joateko aukera emango du Irundik eta Hondarribitik, Donostibus eta bestelako trasbordorik egin gabe. Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak dioenez, aldundiaren helburua da «gipuzkoar bakar batek ere ibilgailu pribaturik eduki behar ez dezan bere bizitza garatu ahal izateko». 

Akordioarekin kontent azaldu dira Irungo eta Hondarribiko alkateak. Cristina Laborda Irungo alkatearen ustez, linea berri honek mugikortasuna hobetzeaz gain, «herritarren benetako behar beti» erantzungo dio. Eta herritarrentzat ez ezik, ospitaleko langileei ere fabore egingo diela gaineratu du Igor Enparan Hondarribiko alkateak. «Herritarren egunerokoa erraztu behar dugu, eta halako neurriak lortzeko eta hobetzen jarraitzeko» lanean ari direla azpimarratu du.

Hilaren 20tik aurrera martxan

Linea berria Hondarribiko Ama Guadalupekoa Ikastetxetik abiatuko da, eta Sabino Arana, Amute eta Mendelu kalean gelditu ondoren, Irungo Hondarribia kaleko Gurutze Gorritik sartuko da Irunera. Colon pasealekuan, Gipuzkoa etorbidean, Elizatxo Hiribidean (lau geraleku) eta Letxunborron geratu ondoren, G-20etik abiatuko da Donostiara. Loiolako Erriberatik sartuko da han, eta ospitaleetara igo ondoren, Parke Teknologikoa dagoen Mikeletegi pasealekuan amaituko da. Han Miramon, Onkologikoa, Ospitaleak, Illunbe, Arcco, Toribio Alzaga eta Bartzelona etorbidetik egingo du Donostiatik itzulerako bidea, lehen aipatutako Bidasoaldeko geltoki beretsuetan berriz geratuz, eta aireportuan ere geldialdia egingo du. Joan ala etorriko ibilbideak 45 minutuko iraupena izango duela iragarri dute, eta autobusaren ordutegia langileen ordutegietara egokitu egin dute.

Horiek hala, Hondarribitik 7:00etan abiatuko da lehen zerbitzua, eta ondoren 08:10etik 17:10era bitartean orduan behin irtengo da 14:10ean izan ezik. Ordu horretako autobusak 14:00etara aurreratuko baitu irteera arrazoi beragatik. Azkenik, autobus bat egongo da 19:10ean eta beste bat 21:00etan.