Hondarribiatik Cap de Creusera, inklusioa helburu duen 'Transpirenaika solidarioa'

Paola Oskoz 2025ko eka. 11a, 12:51

Hamabigarren edizioa beteko du aurten Transpirenaica Social Solidaria ekimenak. Ekainaren 13an, Hondarribiako Higer lurmuturretik hasi eta Cap de Creusera dauden 700 kilometroak osatuko dituzte 25-30 gaztek, bi helburu garbirekin: bazterketa sozial arriskuan dauden gazteen inklusioa, baita euren inguruan gaiarekiko sentiberatze lana egin ere.

Ekainaren 13an abiatuko da Transpirenaica Social Solidaria ekimena, Hondarribiako Higer lurmuturretik. Hamabigarren edizioa izanen da aurtengoa, baina helburuak bere horretan mantentzen dituzte. Bazterketa sozial arriskuan dauden gazteen inklusioa izanen da lehena eta bigarrena hauen ingurukoengan sentsibilizazioa sortzea. Horrela, hilabete batez Cap de Creuserainoko bidea osatuko dute partehartzaileek, 700 kilometro guztira, eta uztailaren 15ean ailegatuko dira Cadaquesera. Tartean Euskal Herrian eginen dituzte zenbait etapa, baita eskualdetik ere. Izan ere, Beran eta Elizondon geldialdiak eginen dituzte lehen egunetan. 

Ortzirale arratsaldean abiatuko da taldea Higer lurmuturretik eta Hondarribian eginen du lehen geldialdia, bertako kiroldegian arratsa pasatzeko. Patxi San Juan ekimeneko arduradunak kontatu duenez, “Klink elkarteak eginen digu afaria, betiko moduan, sekulako harrera egiten baikaituzte”. Pilota ere probatzeko aukera izanen dute bertan. Biharamunean, larunbatean (ekainaren 14an), Berara joanen dira tren txikitoaren bidetik eta bazkalondoan ailegatuko dira bertara, Alzateko bestak direla aprobetxatuz giro ederrean ospatzeko bigarren etaparen bukaera. San Juanek jakinarazi duenez, “Ricardo Baroja eskolako ikasleekin ere harremana izanen dugu bertan”. Berako kultur etxean lo egin ondotik, GR-11 hartu eta Elizondora joanen dira. “Handik Urkiagara, Sorogainera, Orreagara, Iriberrira, Otsagabiara eta Isabara joanen da taldea, Nafarroa eta Euskal Herria utzi arte”, aipatu du antolatzaileak. Hala ere, 700 kilometroei aitzin egin aurretik, Getxora joanen da aurten taldea bezperan: “Getxoko elkarte batekin elkartuko gara lehenik, bertako gazteak hartzeko. Kantauriko ura ere hartuko dugu bertan, Meditarraneora eramateko. Lehen urteetako gure leloa `tanta bakoitzak kontatzen du´ zen eta ura hartu genuen orduan. Geroztik, ohiturari eutsi diogu eta aurten ere sarrera emanen diogu bideari horrela”. 

Hamabi urte daramatzate ekimen honekin lanean eta beti ere helburu berak izan dituzte: inklusioa eta sentsibilizazioa. San Juanek adierazi duenez, “inklusioa bi aldeetatik eman behar da, hartzen duen aldetik eta eman duenaren aldetik. Sentsibilizazioa berriz, jendeak ikusteko gurekin heldu diren pertsonak onak, zintzoak eta balore ugarikoak direla”. Gehitu duenez, “pertsonengan sinesten dugu, nongoak diren kontuan hartu gabe. Gero, natura, hezkuntza eta talde pertenentzia lantzen ditugu”. Urteak pasa ahala, antolatzaileek nabaritu dute geroz eta carrera goxoagoa egiten dietela pasatzen diren herrietatik eta Bera ere azpimarratu du San Juanek: “Tradizionalki Beran gelditzen gara. Alzateko bestak izan dira normalean eta besta aitzaki ona da horretarako. Hondarribian ere beti traineruak edo pilota izaten ditugu eta beti Klink elkartearen eta Udalarekin eskutik sekulako harrera izaten dugu. Gure partaideentzat berezia da hau garrantzitsuak sentitzen direlako eta guk uste dugu merezi dutela, pertsonak direlako”. 

Mendiak eta errepideetan ibiltzeaz gain, hezitzaileen eta koordinatzaileen eskutik egunero gai desberdinen bat lantzen dute. Aurten gatazka eta bizikidetzaren bueltan arituko dira egunero eta honekin “asko ikasten” dela onartu du arduradunak. Aurreko edizioetan ere horrelako gai potoloen inguruan mintzatu dira partehartzaileekin, tartean Behobiatik pasatuta “mugaren zentzugabekeria” aipatu dute. Izan ere, partaideetako anitzek muga zeharkatu behar izan dituzten noizbait eta hurbiletik ukitzen dituen gaia da beraientzat. 

Guztira, 25 eta 30 gazteekin elkartuko dira Transpirenaica Social Solidaria ekimenaren baitan. Ez dute guztiek 700 kilometroak eginen, sartu eta irten ariko baitira partehartzaileak. Hasiera batean ere GR guztia segitzen zuten ibilbidean zehar, baina azken aldian, etapa lausoagoak egiten dituzte: “Gazte batek erran zigun behin lehen aldia zela mendiak zegoela, bere herrian ez baitzegoen horrelakorik. Beraz, ezin dugu makina bortxatu, guretzatzen inportatea da denak ailegatzea, inklusioa baita hori. Ubuntu filosofia daramagu aitzinera horrela: ezin naiz ongi egon zu gaizki bazaude”. 

Patxi San Juanek azken 7-8 edizioetan parte hartu du eta beti ere bukaeran sentsazio on bera izaten du: “Ailegatzen garenean beti sentsazio on bat gelditzen zaigu. Ongi tratatu gaituztela eta gazteak ongi egon direla”. Gainera, “euren biziaz solasteko aukera izaten dute gazteek eta euren bizi proiektua zein den azaltzeko. Horregatik, bizi proiektua egin ahal izateko abiapuntua izaten da hau. Urte hauetan ikusi dugu bizi arrunta egin dutela gure partaideek eta hori da gure helburua”. 

Aurtengo edizioan ere helburu horiexek izanen ditu taldeak, eta zeharkatuko dituzte herrietako biztanleak ere animatu nahi izan dituzte, bederen kilometro batzuk eurekin egiteko, proiektuaren parte sentitzeko.