Recicla Birziklatu elkarteak "Zero Zabor Bidasoa Ibaian" lelopean auzolanean Bidasoa garbitzeko beste deialdi bat luzatu du. Enegarrena dute, baina Laida Rodriguez elkarteko kideak dioenez, tamalez, beti topatzen dira hondakinak. Enegarren garbiketa saioa izango dute ekainaren 15ekoa, «udarari ongi etorria emateko». Biriatuko Ontxistan hitzartu dituzte boluntario guztiak 9:00etan, eta bertatik furgonetetan Irungo Bidasoa auzoko San Migelgo bihurgunetik hasiko dira garbiketa egiten Biriatuko Ontxistara 12:30ak aldera iritsi arte.
Iragarri dutenez, bustitzeko moduko oinetakoak eta arropa erosoa besterik ez da eraman behar, baina lekua erreserbatu behar da materiala prestatu behar dutelako. Laida Rodriguezek azaldu digunez, ibai bazterrak ez ezik, kayak eta sup taulatan ere egingo dute garbiketa ibaian, eta horretan Kayak Basque Country taldeak lagunduko die. Garbiketa amaitutakoan hamaiketakoa egingo dute, eta esperientziari partekatu.
Ekimenean parte hartu nahi duen orok Instagramen bidez @recicla_birziklatu kontuan jakinarazi beharko du aurretik.
Bidasoa ibaia garbi
2023ko ekainean mila boluntario inguru biltzeko deia luzatu zuen Recicla-Birziklatu elkarteak "Bidasoa Ibaia Garbi" ekimenean parte hartzeko. Bidasoa ibaia goitik behera eta ezker eskuin garbitu zuten, ertzetik eta uretan paddle surf taula, kayaken bidez ere. Oihartzun handia izan zuen ekimenak, izan ere, Lesakatik Hendaiara, eta Beratik Hondarribira, Bidasoa ibaiaren urek bustitzen dituzten Bortziriak eta Behe Bidasoko herrietako udaletxeak inplikatzea lortu zuten, baita eragile ugari ere.
Ekimenak ez du jarraipenik izan, baina ez beharrik ez dagoelako, inplikatutako udalerri guztien arteko koordinazioa eta borondatea ez duelako ahalbidetu baizik. Hala ere, Julen Urtxegi bideogile gazte irundarra "Balance" (Oreka) dokumentalaren egilea da, eta 2023ko Bidasoa ibaiaren garbiketa probestu zuen Recicla-Birziklatu elkarteko ekimen handi hura irudikatzeko. Hemen ikus dezakezue dokumentala.