Eusko Jaurlaritzak alkohol eta droga kontrolak areagotuko ditu udako hilabeteetan

Aitor Errazkin 2025ko eka. 16a, 09:03

Udako hilabeteetan, alkohola eta drogak kontsumituta gidatzeak dakartzan arriskuak are gehiago azpimarratuko dituzte euskal errepideetan. Ertzaintzak eta udaltzaingoek kontreol prebentiboak areagotuko dituzte, istripuak saihestu eta segurtasuna bermatzeko. Gidari guztiek egin beharko dituzte probak, eta uko eginez gero, ondorio legal larriak jasan ditzakete. Kontsumoaren arabera, isunak eta puntuen galera nabarmenak izan daitezke.

Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, alkohol- eta droga-kontrolen presentzia indartuko du euskal errepideetan uda honetan. Neurriak prebentziozkoak dira eta helburu argia dute: bide-segurtasuna indartzea eta istripu larriak saihestea. Ekainaren 16tik 22ra, uztailean eta abuztuko asteburu jakin batzuetan burutuko dira kontrolak.

Legearen arabera, agintaritzak eskatzen badu, gidariak derrigorrez egin behar du alkoholemia edo droga-proba. Uko eginez gero, 1.000 euroko isuna eta delitu penal bat egozteko aukera dago. Alkoholemia-kontrola bi probarekin egiten da, eta emaitza 0,60 mg/l baino altuagoa bada, bide-segurtasunaren aurkako delitua dela ulertzen da. Emaitza apalagoekin, 500 eta 1.000 euro arteko isunak eta 4 eta 6 puntu arteko galera ezarri daitezke.

Droga-probek, berriz, listu-lagina erabiltzen dute eta emaitza positiboak laborategian berretsi behar dira. Berrespena jasotzen bada, arau-hauste oso larria dela kontsideratzen da, eta ondorioz, 1.000 euroko isuna eta 6 puntu galtzea dakarte.

Kontrol hauek Trafikoa Zaintzeko eta Kontrolatzeko 32 kanpainetako parte dira eta urte osoko egutegiaren barruan daude. Agintariek gogorarazi dute segurtasun-neurri hauek ez direla zigortzeko bakarrik, baizik eta bizitzak salbatzeko tresnak direla.