Hiru herri. Hamarnaka eskola. Milaka ikasle. Bi hezkuntza sistema. Bi curriculum, bi programa, bi metodo. Muga, adin apalenetik, agerikoa da Bidasoaldeko eskoletan. Elkar gutxi ezagutzen dute ikasleek, baita irakasleek ere. Euskara nagusi da ibaiaren hegoaldeko ikastetxeetan, anekdotikoa iparraldeko gehienetan. Frantsesaren eta gazteleraren irakaskuntzan zentratzen dira diskurtso batzuk, baina horiek ere, eskasegiak dira. Mugaz gaindiko harremanak dituen eskualde batentzat prestatua ez den hezkuntza sistema dugu. Parisetik, Madrildik eta Gasteiztik diseinatua, hemengo errealitateari behar beste so egin gabe.
Horren aitzinean, zer? Beste esparru batzuetan, beste ekimen batzuen bidez bilatu behar da hezkuntza formalak ematen ez duenaren oreka. Herri mugimenduek, tokiko erakundeek, ikastetxe batzuek, hedabideek, eta abarrek sustatzen dugu herritarrek elkar ezagutu eta eskualdea saretzea. Hezkuntza formala eta ez formala izanen ditugu hizpide, bakoitzak egiten duen ekarpena, eta egin beharko luketena. Ikusiko dugu zenbat dakigun bataren eta bertzearen hezkuntza sistemaz. Itsasadarraren alde batekoaz eta bertzekoaz. Ongi etorri Itsasadarrera.