Meta-ren aurpegi iluna: Datuak, isunak eta Interesak sarean

Aitor Errazkin 2025ko eka. 27a, 11:19

Gaurko irratsaioan Interneteko estolderiaren alde ilunera jaitsiko gara berriz ere, Meta enpresa izango baitugu hizpide. Sare sozialen erraldoi honek (Facebook, Instagram eta WhatsApp) erabiltzaileon datuekin nola jokatzen duen aztertuko dugu, eta zergatik ari den azken urteetan zeresan handia ematen. Datu-brokerrak, Europar Batasuneko legeak, isun ikaragarriak eta software librearen garrantziaz arituko gara, begirada zorrotz batekin

Meta, Datuen Negozio Iluna

Meta enpresa (Facebook, Instagram eta WhatsApp sare sozialen jabea) behin baino gehiagotan izan da salatua erabiltzaileen pribatutasuna urratzeagatik. Agian ezagunena Cambridge Analytica kasua da, zeinetan erabiltzaileen perfil psikologikoak sortu ziren publizitate politiko zehatz eta manipulatzailea egiteko. Joko eta galdera-testak erabiliz, erabiltzailearen lagunen datuak ere lortzen zituzten Facebook-en bitartez.

Kanpaina politikoetan eragina

Cambridge Analytica bezalako enpresek Brexit eta Donald Trumpen hauteskunde-kanpainan parte hartu zuten, emaitzak baldintzatuz. Hala frogatu da gero, dokumental eta ikerketa ugariren bidez. Honi esaten zaio data broker jarduera: datuak saldu eta erabili, askotan erabiltzaileen baimenik gabe.
Transparente ez diren enpresak
Datu horiek biltzen dituzten enpresak (Cambridge Analytica, Palantir, NSO Group...) askotan Israelen edo AEBetan daude, eta ez dute informazio askorik eskaintzen beren webguneetan. Beren jarduera ez da garden, eta ohikoa da herritar arruntek erantzunik ez jasotzea.

Europar Batasunaren erantzuna

EBk GDPR (Datuen Babeserako Araudia) ezarri zuen erabiltzaileen eskubideak babesteko. Horrek eskatzen du baimen espresua edo datuak EBtik kanpo ezin ateratzea. Baina horren eraginkortasuna eztabaidagarria da, kolektibo askok (esaterako Xnet elkarteak) salatzen baitute neurriak ez direla nahikoak.
Isunak jartzen badira ere, Meta bezalako erraldoientzat ez da zigorrik handia. Honakoak dira Europar Batasunean jarritako isun aipagarrienak:
    • 210 milioi € Facebooki eta 180 milioi € Instagrami, publizitate pertsonalizatua inposatzeagatik.
    • 265 milioi € Metari, datuen babes falta eta filtrazioengatik.
    • 1.200 milioi € Facebooki, EBko datuak AEBetara bidegabeki bidaltzeagatik.
    • 12.400 milioi € Metari, iragarki pertsonalizatuak inposatzeagatik.

Zergak eta irabaziak: Irlandako trikimailuak

Meta, beste teknologiko handi askoren moduan, Irlandan dauka egoitza fiskala, zerga gutxiago ordaintzeko. Praktika hori gero eta gehiago salatzen da.
Bestalde, 2024an Metak 164.501 milioi dolarreko fakturazioa izan zuen, aurreko urtean baino %22 gehiago. Horrelako irabaziekin, milioika euroko isunak ez dira mehatxu handia.

WhatsApp eta AI betaurrekoen mehatxua

Duela gutxi WhatsAppek publizitatea erakutsiko duela iragarri da. Aldi berean, AI betaurrekoak garatzen ari dira: kaletik pasatzen den guztia ikus, prozesatu eta biltegiratzeko gai direnak. Jendeak 3 ordu baino gehiago pasatzen ditu sare sozialetan; orain, kalean ere, Metaren prismatik ikusiko dugu mundua.
Gainera, Meta salatua izan da Snapchat edo TikTok-en komunikazioak espiatzeagatik, nahiz eta hauek enkriptatuta egon. Nola? Gailuaren barruan komunikazioak enkriptatu aurretik irakurriz eta bere zerbitzarietara bidaliz.

Alternatibak: software librea eta sare irekiak

Egoera honen aurrean, software librea eta sare deszentralizatuak (Mastodon, Matrix...) dira alternatiba etiko eta gardena. Europar Batasunak aukera paregabea du horien aldeko apustua egiteko, baina software sinatua nahiago du, hau da, konpainia batek "sinatuta" egiaztatzen duen softwarea. Baina horrek ez du bermatzen kodearen gardentasuna, eta software librearen kontra doa.
Adibidez, Mastodonen baldintzek hauxe diote:
    • Debekatu egiten dute datuak automatikoki biltzea LLM entrenamendurako.
    • Erabiltzaileek euren edukien eskubideak mantentzen dituzte.
    • Gutxieneko adina 16 urtera igo dute.
    • DMCA eta bestelako lege-oharrei buruzko informazio zehatza eskaintzen dute.
Alderatu hau Instagram edo Facebook bezalako zerbitzuekin, eta argi dago nork babesten duen benetan erabiltzailea eta nork ez.

Erreferentziak eta iturriak: