Joan den martxo bukaeran bi egunez Force Frontières dispositibo berriarekin 350 agente mobilizatu ondotik, apirilaren 11n Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroa Biriatuko muga postura egindako bisitan iragarri zuen bezala, «presio migratorioa kontrolatzeko» neurriak zorroztu ditu Frantziak azken hilabeteotan. Gogor mintzatu zen orduan migratzaileekiko elkartasunean jarduten dutenen aurka, eta urriaren 31ra arte mugetako kontrolen luzapena iragarri zuen Retailleauk.
Lehen aldia zen mugak kontrolpean atxikitzeko presio migratorioaren argudioa aipatzen zela ofizialki, oroitarazi behar bada ere, 2015etik Frantziak Europar Batasuneko beste herrialdeekin dituen mugetan polizia kontrolak egiteko sei hilabetero baimenaren luzapena galdegin duela. Orain artean beti, «terrorismo islamistaren mehatxuagatik» egin izan du eskaera Parisek. Barne ministroak, aldiz, argi utzi zuen apirilean Biriatuko mugan diskurtsoa zorroztu egin duela: «mehatxu terrorista bat duguno, eta presio migratorio hau ikusirik, atentatu mehatxuak ikusirik, uste dut bi hesi behar direla. Bat Europar Batasunaren kanpo mugetan, eta barne hesi bat ere, hitzarmenek aurreikusten baitute, eta krisi edo mehatxu zehatz bat dagoenean aktibatzeko aukera dugulako».
Migrazioaren kontrako neurri zehatzak
Haatik, hilabeteotan bizpahiru alditan baino ez dute Force Frontières dispositiboa Irun-Hendaia eta Behobia-Pausu arteko zubietan efektibo polizialen presentziarekin irudikatu. Orain, aldiz, Pirinio Atlantikoetako prefekturak jakinarazi du, uztailaren 2tik goiti «legez kanpoko migrazioaren kontrako borrokaren indartze bat» martxan jarri dutela, eta Pirinio Atlantikoetako Prefektura eta Estatu Nagusiko arduradun, Anne-Sophie Marcon, Polizia Nazionaleko zuzendari interdepartamentala, David Book, zuzendutako inteligentzia trukerako egitura bat plantan eman dutela.
Hain justu, Mathieu Duhamel prefeta berria karguaz jabetu da joan den ekainaren 30ean Baionan. Eta argitu dutenez, bere agintepean, mugetako poliziaren zerbitzu interdepartamentalak koordinatuko du egitura berria. Bere helburua «tokiko sareen, migrazio-trafikatzaileen ibilbideen eta metodoen informazioa partekatzea eta indartzea» izango dela azpimarratu dute.
Retailleau Barne ministroak apirilean jakinarazi zuen, Certim agentzia Ipar Euskal Herrian plantatuko zela, hain justu, «legez kanpoko migratzaile sare» deitzen dituztenen inguruan polizia ezberdinek duten inteligentzia partekatzeko agentzia. Oltim Polizia Nazionalaren sekzioaren menpekoa izango da agentzia berria, hain zuzen ere 2024ko Korrikako ekintzagatik ikerketa egin zuen polizia taldearen menpekoa. Joan den otsailean bertan sortu zen Certim Parisen, eta bistan denez, aurreneko hegala izango du orain Ipar Euskal Herrian.
Era berean, Barne Ministerioaren zenbait datu plazaratu berri dituzte bidegabeko migrazioaren kontrako polizien lanari dagokionez. 2025eko urtarrilaren 1etik ekainaren 29ra 17 trafikatzaile (pasante) atxilotu dituzte Bidasoaldeko mugan, 2024 urte osoan 49 atxilotu zituzten bitartean. Frantziako agintarien arabera, datu hauek joan den otsailaren 7an Barne Ministerioak aurkeztu zuen migrazio sare ilegalen aurkako plangintza berria eraginkorra dela egiaztatzen dute.