«Desertua soilik ezagutzen duen haur batentzat, jaso dezakeen oparirik onena da». Hitz horiekin deskribatu zuen Fatma Labiadek Oporrak Bakean egitasmoa joan den urtarrilean Donostiako Aiete jauregian egindako aurkezpenean. Mendebaldeko Saharako haurrak udan Euskal Herriko familiengana bidaltzeko programa da honakoa. Labiad Fronte Polisarioaren ordezkaria da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta Oporrak Bakean-en aurtengo kanpainarekin «uda honetan errefuxiatu sahararren bizileku diren Aljeriako kanpalekuetatik ahalik eta haur gehien ateratzea oso garrantzitsua» dela nabarmendu du.
Izan ere, basamortuko beroaldietatik ihes egin, eta bi hilabetez ondo elikatu, ur garbia edan eta berebizikoak dituzten osasun frogak egiteko aukera dute. Eusko Jaurlaritza eta Mendebaldeko Saharar Delegazioaren arteko hitzarmenari esker, Osakidetzak hortzetako PADI sisteman sartzeaz gain, osasun frogak ere pasatzen dituzte haur hauek, besteak beste. Gogoan hartu behar da, laguntza humanitarioaren elikagai saskia %30 murriztu egin diete 2022tik, eta 2020an Marokorekin gerla berpiztu zenetik haien egoerak okerrera egin duela.
Marokoren Martxa Berdeak Mendebaldeko Sahara okupatu eta 175.000 saharar Aljeriako Hamada basamortuan erbesteratu ondoren, 1979an Espainiako Alderdi Komunistak bultzatuta (PCE) estatu mailan 100 haurrentzako udako arnasaldia suposatzen duen Oporrak Bakean programak gorabehera handiak izan ditu urteotan guztiotan. Estatu mailan 10.000 haur errefuxiatu jasotzeko harrera familia animatu izan ziren urterik oparoenetan. Aurten, aldiz, 3.000 haur inguruk parte hartuko dute programan estatu mailan. Euskal Herrian, azken 15 urteetan 4.597 haur saharar etorri ahal izan dira programa honi esker, eta aurten 300 bat izango dira, 213 EAEn eta 86 Nafarroan. Baina bi hilabeteko arnasaldia beharko lukeena, sei aste eskasetara mugatuko da aurten.
Arazo burokratikoak
Tamalez, aurten inoiz baino uda laburragoa gozatu ahal izango baitute gure artean. Izan ere, Fronte Polisarioak eta (CEAC) Sahararen Lagunen elkarteen koordinakundeak atzo baieztatu zutenez, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako harrera familiek uztailaren 17an jasoko dituzte haien udalerrietan, eta Nafarroara uztailaren 18an iritsiko dira. Aurten Espainiako Gobernuko ministroen kontseiluak ekainaren 17an izenpetu zuen haur hauen denboraldi baterako asilo baimena. Ohiko baino beranduago. Eta Fronte Polisarioak espainiar estatuan duen ordezkariak, Abdulah Arabik joan den ostegunean jakinarazi zuenez, «arazo burokratikoak izan direla medio» Aljeriako Gobernuak ez ditu programatutako hegaldiak baimendu. Bidasoaldera datozen dozena bat haurren kasuan, ekainaren 30ean heltzekoak ziren, baina gainerako kasuetan bezala, haien hegaldia bertan behera geratu zen azken mementoan.
Espainiak Argelen duen kontsulatuak pasaporte kolektiboak baimendu zituen, azkenik, joan den uztailaren 4an, eta Oporrak Bakean programa aurrera eraman ahal izango dute. Baina atzerapen handiz. Izan ere, hegaldi guztiak birprogramatu behar izan dituzte Air Algerie konpainia eta Aljeriako Gobernuaren bitartez. Bien bitartean, egunotan 50 gradutik gorako tenperaturak pairatu dituzte kanpalekuetan eta urtetan jasandako hondar ekaitzarik bortitzenetakoa sufritu dute, bereziki Smara kanpalekuan.