Karlos Santiagoren omenez ekitaldia antolatu dute Agiñan larunbata honetan

Antxeta Irratia 2025ko ira. 12a, 12:18

Hainbat elkartek, Lesakako Udalarekin elkarlanean Karlos Santiago Etxeberriari omenaldia eginen diote irailaren 13an, larunbatean 11:00etan Agiñako kaskoan. Abuztuaren 21ean hil zen Pirinioetan, Carlit mendian, 67 urte zituela.

Irungo Mendizaleak elkarteak jakinarazi duenez, Karlos Santiago Etxeberria omentzeko ekitaldia antolatu dute irailaren 13an, Agiñako kaskoan. Ekitaldia Lesakako Udalarekin elkarlanean antolatu dute hainbat eragilek, eta udalak ibilgailuak aparkatzeko gune egoki bat jarriko du bertaratzeko, jende anitz espero delako.

Irunen sortua, Irungo Mendizaleak elkarteko kidea zen Karlos Santiago. Kontxi Erro lesakarrarekin elkartu zenean Lesakara joan zen bizitzera eta guztiz integratu zen Lesakako kultura, hezkuntza eta politika bizitzan. Izan ere, Tantirumairu ikastolako irakaslea izan zen, Arrano elkarteko bazkide eta udaleko zinegotzia. Era berean, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan taldeko kide aktiboa zen, eta Pedagogian doktore zela, Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea izan zen Donostian erretiroa hartu arte. Azken urteetan Hondarribira bizitzera joan zen, bere konpromiso sozial eta kulturalak alde batera utzi gabe.

«Karlos gure mendizale familiako parte zen, arrastoa uzteko oihurik behar ez duten horietakoa. Bere xamurtasuna, jakinduria eta konpromisoa gurekin izango dira ibilbide bakoitzean, gailur bakoitzean, oroitzapen bakoitzean», adierazi dute Irungo Mendizaleak elkartetik.