Joan den irailaren 2an Irungo Ernai gazte antolakundeko Haitz Garaialde eta Martxel Elosegik Antxeta Irratian iragarri zuten bezala, Ernaik irailaren 14an Donostian egingo den manifestazio batekin amaituko du bere udako kanpaina. Herriz herriko jai eta plazetan oso kanpaina aktiboa burutu dute, eta “Ekin eta bultza askatasunera” lelopean, Hondarribiko jaietan ere presente izan dira Bentako txosnagunean pankartak ezarriz, eta hainbat ekimenen bitartez.
Udako kanpaina borobiltzeko, Ernai gazte antolakundeak deituta eta Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren baitan mobilizatuko dira gazteak. Era berean, borrokan jardun duten belaunaldi guztiei aitortza egin nahi diete heldu den igandeko ekitaldietan. «Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatu eta gazte olatu independentistara batzeko» deia zabalduko dute.
Bidasoko gazteak ere deialdia zabaltzeko "ekin eta bultza" ibili dira uda osoan zehar. Orain, mobilizaziora begira, azken txanpan sartuta dauden honetan manifestaziora joateko hitzordu ezberdinak antolatu ditu Ernaik eskualdean. Izan ere, hiru herrietatik abiatuko dira manifestaziora joateko taldeak. Hendaiarrak Euskotren topo geltokian elkartuko dira, eta aurrenekoak izango dira abiatzen 11:55ean. Irundarrak, berriz, 12:00etan elkartuko dira erdiguneko Colon Euskotren topo geltokian. Hondarribiarrak, aldiz, autobusez joango dira Donostiara, eta Sabin Aranako geltokian elkartuko dira 12:10ean.
Iragarri dutenez, Donostiara heltzerakoan, Pasaia, Oiartzun eta Oreretako gazteekin batera topa antolatu dute 13:00an Herria tabernan. Ondoren, denak elkarrekin Boulebarrera joango dira 13:30ean abiatuko den mobilizazioan parte hartzera. Alde horretatik, «ez begira geratu, eta aktiboki mobilizatzeko» dei egin diote gazte independentista orori.