Hondarribiko Udaleko Gizarte Kohesiorako arloak indar bat egin du maite dugun pertsona baten galeraren mina bizi duten pertsonei laguntza psikologikoa emateko. Joan den martxoan profesionalen eskutik, laguntza bakarka zein taldean emateko Doluan Laguntzeko Zerbitzua jarri zuten martxan aurreneko aldiz.
Zerbitzu honek doluaren alderdi emozionalak eta psikologikoak jorratzen ditu, eta orain artean isilean eraman den mina azaleratu, partekatu eta bideratzen lagundu nahi du. Oihane Garamendi psikologoak ematen du zerbitzua Kasino Zaharrean, eta aldez aurretik hitzordua eskatu behar da. Garamendik dioenez, «sufrimendua kanpora ateratzea beharrezkoa da, eta profesional batekin hobe».
Suizidioa humanizatzeko beharra
Testuinguru honetan helduko da Iratxe Etxenike psikologoa ere irailaren 24an Hondarribira. AGIFES elkarteak Kultur Etxean (18:00etan) suizidioa prebenitzeko eta pertsonei babesa emateko laguntza sareen garrantziaz solastatzeko saioa antolatu du. Eta Etxenike gaztea izanagatik ere, aditua eta aritua da, oraindik ere isilarazten den suizidioaren errealitatean. Izan ere, 2020 urtean Psikologia ikasten ari zela, bere aitaren heriotzak kolpatu zuen bere bizitza suizidioaren bidetik. Iratxek sufritzen ari diren pertsonengana hurbildu eta laguntza eskaini nahi du profesional bezala, baina suizidioak mindutako pertsonen BIZIRAUN elkar laguntza taldeko koordinatzailea da ere, eta prebentzioaren gakoak ez ezik, suizidioaren aurrean, senideak eta dolu-prozesuak ere laguntzen ditu.
Etxenikek aitortu digunez, suizidioa oraindik ere «tabua» da gure gizartean, baina «suizidioa humanizatu» beharra dagoela pentsatzen du. Gizarteak ez ikusiarena egiten duen heinean, hunkitutako senideak ere ikusezinak bilakatzen dira, eta dioenez, instituzioek ez dituzte baliabide nahikorik eskaintzen. «Hondarribiko Udalak doluan laguntzeko martxan jarritako zerbitzua da gabezia bat dagoenaren seinale», dio Etxenikek.
Alde horretatik, suizidioa gure gizartean ikusezina izanagatik ere, uste baino ohikoagoa dela azpimarratzen du Etxenikek. «Datu ofizialek ez dute arazoaren benetako dimentsioa irudikatzen, infraestimazio bat ematen da», dio. Izan ere, datu ofizialen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bi egunetik behin buruaz beste egiten du pertsona batek. «Baina saiatu eta lortzen ez dutenak kontuan hartuko bagenu, 20 bider izango lirateke», argitzen du. Nolanahi ere, edonori gerta dakiokeen zerbait dela ohartarazten du psikologoak. «Jendeak pentsatzen du nire etxean ez da hau sartuko, nire familia normala da, baina hor daude zenbait mito itsutu egiten dutenak errealitate hau uste baino hurbilago egon daitekeela», azaldu digu Iratxe Etxenikek.
Bere hitzaldian mito horiek deseraikitzen saiatuko da, eta norbaitek buruaz beste egiten duenean, bere ingurukoentzat ulertezina egiten bada ere, seinaleei adi egotearen garrantzia azpimarratuko du. Argitu duenez, BIZIRAUN elkar laguntza taldeko koordinatzaile gisa ere, sarritan ikusten du gertukoei heriotza-doluari errudun sentimendua batu ohi zaiela, eta mina partekatzea eta eremu seguru batean hitz egin ahal izateak on egiten diela. «Minak beti hor jarraituko du, baina bideratu beharra dago, eta zure egoera bertsuan dauden beste berdinekin partekatzea ezinbestekoa da», gomendatzen du.
Hartara, irailaren 24an, Bidasoaldean suizidioaren errealitateak mindutako pertsona orori edota laguntza behar dutenei, lotsa galdu eta Hondarribiko Kultur Etxera hurbiltzea animatu ditu Iratxe Etxenikek.