Beran egon ondotik, Irunerantz abiatu da “Ibaitik itsasora” Palestinaren aldeko ibilaldia

Ekhiñe Zapiain 2025ko ira. 19a, 10:45

"Ibaitik itsasora" ibilaldiko kideek atzo Doneztebetik Berara egin zuten, eta gaur goizean abiatu dira Beratik Irunerantz. Atzo egindako ekitaldietan, baita gaur goizean abiatutako martxan ere, jende andana bildu da Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko. Azken aitzineko etapa izanen da gaur egiten ari direna, eta bihar bukatuko da ibilaladia, Hendaian.

Atzo eguerdian ailegatu zen “Ibaitik itsasora” Palestinaren aldeko ibilaladia Bortzirietara. Doneztebetik abiatu ziren goizean, eta eguerdian sartu ziren Beran. Hainbat ekitaldi antolatu zituzten herrian martxari harrera egiteko, tartean bazkaria, dokumentalaren emanaldia eta ekitaldia, ilunabarrean. Harrera beroa egin zieten hilaren 10ean Tuteratik abiatutako martxan dabiltzanei, eta herritar ugari bildu zen antolatutako ekintzetara.

Irunerantz doaz aldarriak

Goizeko 9:00ean abiatu da “Ibaitik itsasora” Palestinaren aldeko ibilaldia gaur Beratik. Iruneranzko bidea hartu dute, eta herriko ikastetxeetako 500 ikasle baino gehiago bildu ditu martxak. Herritar ugari ere batu dira, eta beraz, jende andana ari da oraintxe bertan Palestinaren aldeko aldarriak Endarlatzan barrena zabaltzen.

Aurreikusi dute 12:30ak aldera Behobiara ailegatuko direla, eta San Juan Plazan ongietorria eginen diete 13:30ean. Ekitaldia eta bazkaria ere bertan eginen dituzte. Arratsaldean, 17:00ean abiatuko da manifestazioa San Juan Plazatik CAFek Irunen duen lantegira, eta 18:00ean Genozidekin negoziorik ez lelopean elkarretaratzea eginen dute bertan. Ostean, kultur ekitaldia izanen dute Lakaxita Gaztetxean.

Ibilaldiari bukaera emateko, bihar Hendaiara

Bihar eginen dute irailaren 10ean Tuteratik abiatutako martxaren azken etapa, Irundik Hendaiara igaroz. Goizeko 09:00ean San Juan Plazatik abiatuko da elkartasun martxa, eta 09:30ean Santiago zubian eginen zaie harrera. 10:45ean Hendaiako Carrefour saltokiaren aitzinean salaketa eginen dute. 11:30ean berriz, Hendaiako Herriko Etxeko plaza - Gaztelu zahar - M. Leclerc bulebarra - Mimosa karrika ibilbidea eginen dute eta 12:30erako Sokoburuko merkatura ailegatzea aurreikusi dute. 13:00etan Izarraren plazan, Sokoburu aparkalekuan, hitzartzea eginen dute eta jatekoa eta edatekoa ere izanen da bertan. 17:30etik aitzinera, berriz, 117 Itsasoaren bulebarrean, Terre Promise ikusgarriaz gain, Maddalen Arzallus eta Aitor Sevier bertsolariak ariko dira kantuan eta Xiberoots taldeak kontzertua emanen du.

Beraz, bihar izanen du “Ibaitik itsasora” martxak azkenengo etapa, baina Euskal Herritik Palestinari elkartasuna adierazteko bideak ez du etenik izanen.