Aroztegiko auzipetuek ez dute kartzela zigorrik jasoko, baina isun ekonomikoak ordaindu beharko dituzte

Paola Oskoz 2025ko ira. 19a, 15:32

Nafarroako Justizia Auzitegiak Aroztegiko epaia jakinarazi du gaur goizean. Bertan, auzipetutako zazpi baztandarrek kartzela zigorrik ez dutela jasoko biltzen da, epaileak ez baituelako frogatu talde kriminala izatearen akusazioa. Hala ere, isun ekonomikoak ordaindu beharko dituzte, obrak geldiaraztea egotzi zaielako herritar horiei. 5.850 eta 9.990 euro arteko isunak ordaindu beharko dituzte, protestetan identifikatutako aldien arabera.   

Nafarroako Justizia Auzitegiak Aroztegiko epaia jakinarazi du gaur goizean. Epaileak ez du "talde kriminal" akusazioa onartu eta beraz, auzi honetan auzipetutako zazpi baztandarrek ez dute kartzela zigorrik jasoko, baina guztiek isun ekonomikoak ordaindu beharko dituzte, 5.850 eta 9.900 euroen artekoak izanen direnak. Protestetan identifikatutako aldien araberakoa izanen da ordaindu beharreko zifra. Zazpi horietako batek 9.900 euroko isuna ordaindu beharko du 22 hilabeteko epean; bertze hiruk 9.450 euroko isuna izanen dute, 21 hilabetez ordaindu beharrekoa; bertze bik hogei hilabetez 5.580 euro ordaindu beharko dizute guztira; eta zazpigarrenak 5.580 euro ordaindu beharko ditu hamahiru hilabetez. Diru kopuru hau Aroztegiko obren ardura zuten bi enpresentzat izanen da, kalte ordainak konpontzeko. 

2021eko apirilean egin zituzten Aroztegiko protestak, Lekarozen, Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aitzin egiteko. Enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituen bertan, 350 biztanleko Lekaroz herrian. Bada, horregatik guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatzen zituzten zazpi baztandarrendako.

Maiatzaren 19tik 23ra egin zuten Iruñean Aroztegiko auzipetuen kontrako epaiketa, eta bortz egunez luzatu zen. «Bortxa eta derrigortze» delituez gain, «talde kriminal antolatu baten parte izatea» leporatu zieten zazpi auzipetuei. Ordurako, 56.000 euroko isuna ordaindua zuten dagoeneko. Gainera, 20 urteko kartzela zigorra eskatu zuten auzipetuentzat, hori baitzen enpresak Nafarroako eta Espainiako gobernutik 43 milioi euroko kale ordaina jasotzeko modu bakarra. Epaiketa bukatu berritan, auzipetuek hartu zuten hitza, eta bertan nabarmendu zuten «arras posiblea zela talde kriminal gisa hartzea». Epaitegiak ohar bidez azaldu duenez, frogak aztertu ondotik, eta testigantza guztiak adituta, ez dago froga nahikorik zazpi auzipetuek «talde kriminal» bat osatzen zutela ondorioztatzeko.

Epaiketaren azken egunean auzipetuek salatu zuten enpresak eta fiskaltzak «gezurretan oinarritutako kontakizun misogino, patriarkal eta klasista bat» asmatu zutela. Haien kontrako «kontakizunaren» arabera, akusatuetako bat zen «taldeko buru», eta denek haren erranetara indarkeriaz jarduten zuten. Kontrara solastatu da epailea, eta adierazi du ez dagoela froga nahikorik hori horrela denik ondorioztatzeko. «Bideoetan mintzatzen agertzea eta hari elkarrizketak egitea ez da froga nahikoa ekintza biolentoak antolatzen zituela ondorioztatzeko», adierazi du.

Akusazio horiek guztiak bertan behera utzi baditu ere, epaileak erabaki du zazpi auzipetuek langileei lan egitea «eragotzi» zietela 2021ean egindako protestetan, eta beti ere ez zutela «jarrera baketsua» eduki. «Horrenbestez, auzipetuak hor egote hutsak, aintzat harturik inguruabarrak nolakoak ziren eta horrek zenbateko arriskua zekarren, larderiazko giro bat sortzen zuen, eta bide ematen zuen derrigortze delitua egiteko; hain zuzen ere, delitu horregatik akusatu dituzte», dio epaiak. 

Kartzela zigorra sahiestu badute ere, baztandarrek badute oraindik zer borrokatu. Orain dela hamar urte Nafarroako Gobernuak Aroztegiko proiektua UGEP (Udalez Gaindiko Eragina duen Plana) gisa izendatu zuen, eta izendapen hori indarrean dago oraindik, 2039ra bitarteko epearekin, nahiz eta 2016an Baztanen egindako herri galdeketak garbi utzi, herritarren nahien kontrako proiektua dela.