Aroztegia Elkartasun Komitea

«Lurra garrasika ari zaigu. Hau ez da zazpi lagunen kontrako zerbait, herri bat zigortzeko bidea baizik»

Paola Oskoz 2025ko urt. 22a, 10:17

Otsailaren 1ean manifestazio nazionala antolatu du Aroztegia Elkartasun Komiteak. Lekarozko zazpi herritarrek 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko isuna jaso dute 2021ean aroztegiko proiektua momentu batez gelditzeagatik. Lurraren kontrako erasoa salatu nahi du komiteak epaiketaren atarian eta dagoeneko Euskal Herri osoko 140 eragile desberdinek bat egin dute euren borrakarekin. 

Aroztegia Elkartasun Komiteak otsailaren 1ean antolatutako manifestazioa nazionalak babes handia lortu du. Gaur gero, Euskal Herri osoko 140 eragile desberdinek babestu dute ekintza eta komiteak prentsaurrekoa eman zuen atzo (urtarrilaren 21ean) Iruñeako epaitegien aitzinean, hori “harrotasunez” adierazteko, Gorka Laurnaga Aroztegia Elkartasun Komiteko kideak aipatu duen moduan. 

2021ean egin zen akanpadaren ondotik, Euskal Herriko afera bat bihurtu zen aroztegiaren proiektuaren kontrako borroka. Ordu arte “tokiko arazo bat” zela onartu du Gorka Laurgana Aroztegia Elkartasun Komiteko kideak, baina azken urteetan ikusi da “ez dela zazpi pertsona zehatzi egindako zerbait, badela inposatu nahi den modelo bat lurraren kontra eta negozioaren alde, beraien interesak bultzatzen dituen modelo bat eta horren espresio desberdinak badirela Euskal Herrian zehar”. 

Otsailaren 1eko manifestazio nazionala ahalik eta jendetsuena izan dadin nahi dute komitekoak eta dagoeneko, 140 eragile desberdinen babesa lortu dute, azken asteetan herriz herri egin dituzten solasaldi eta mahai-inguruei esker. Honekin “gaia sozializatzea bilatu” dutela erran du Laurnagak eta lortu ere. Helburu berarekin egin zuten atzoko prentsaurrekoa. Iruñeako epaitegien atarian bildu ziren aroztegiko zazpi auziperatuen kontua azaltzeko eta gaineratzeko “hau Euskal Herrian eta munduko hainbat tokitan etengabe gertatzen ari den zebait” dela. Laurnagak gaineratu duenez, “lurra garrasika ari zaigu bera defenditzera ateratzeko. Hau ez da zazpi pertsona zehatzen kontrako zerbait, baizik eta herri bat zigortzeko bidea. Azkenean hor desobedientzia ariketa bat egon zen, bide instituzional eta demokratiko guztiak bertan behera gelditu ziren eta makinak sartu zituzten. Hori egitea bakarrik gelditu zitzaigun, desobedientzia zibila. Errepresioarekin erantzun zuten eta kriminalak gara orain pertsona horiek eta ez hau guztia egiten ari direnak, interes pribatu eta egoistagatik lurra xehatzen ari direnak alegia”.

Pozik daude Aroztegia Elkartasun Komitekoak azken asteetan lortu duten babesarekin. Laurnagak azpimarratu du “jendearen haserrea” ikusi dutela eta “babes hori sentitzea dena” dela, eta onartu du "hau ongi ateratzen bada, bistan da herri mobilizazioaren eta oposizio sozialaren ondorioz lortuko dela”. Hala ere, oraindik indarra egiten segitu beharko dute. Izan ere, hasiera batean otsailaren 3tik 7ra ospatu behar zen epaiketa maiatzera gibeleratu dute. Maiatzaren 19tik 23ra ospatuko da orain eta beraz, udaberri aldera “hautsak berriz ere harrotu” beharko dituztela garbi dute: “Esperotako zerbait izaten ahal zen. Bagenekien gauza hauek horrela izaten direla. Prozesu luze bat izanen da, astebetekoa, testigu andana bat pasatuko dira eta horregatik dataz aldatzea zaila izanen zela uste genuen, baina bertze arrazoi batzuengatik maiatzera gibeleratu dute. Hala ere manifestazioa deitua genuen eta ez diegu utziko gure proposamenak zangotrabatzen eta aitzinera segitzea erabaki genuen. Manifestazio indartsua eginen dugu eta ondotik ere gauza aunitz eginen ditugu”.

Gorka Laurnaga komiteko kideak dio “hau gelditzen bada asots aunitz egiten dugulako izanen da”. Otsailaren 1eko mobilizazioa “gaia agenda publikoan jartzeko” aukera paregabea dela iritzi dute, honek pizten duen haserre sozialaren arabera “epaiketa alde batera edo bertzera joatea baldintzatuko” duelako. Hain zuzen ere, auziaren emaitza aurrekari bat izanen da Euskal Herriko bertze borroka batzuetarako: “Jokoan ez dago soilik zazpi pertsona horien etorkizuna, baizik eta baita herri mugimenduaren eta desobedientzia zibilaren etorkizuna. Aurrekari bat da etortzen denerako. Boterea duten elite ekonomiko eta politiko batzuek nahi dute hor aurrekari bat paratu eta kriminalizatzea lortzen badute, pentsatzekoa da etorkizunean ere gertatuko dela”. Horregatik beragatik, otsailaren lehenean karrikak hartzea garrantzitsua izanen da, baita ondotik gauza bera egiten segitzea ere.