Irailaren 10ean, Tuteratik, Ebro ibaitik abiatu zen Palestinaren aldeko martxa, eta Israeli boikot egiteko deialdi zabal batekin amaitu zen larunbatean Kantauri itsasoaren bazterrean, Zokoburun. Mila pertsona inguruk egin zuten azken etaparen ibilaldia Hendaian barrena, eta uretatik. Izan ere, Endaitz arraun elkarteak trainerua eta hainbat ontzirekin ibili zen Bidasoa ibaian ere, 'Genozidioari Stop!' kartelekin ekimena babesten.
Goizeko bederatziak pasatxoan Santiagoko muga-zubia iragan zuten manifestariek, eta tarte batez mugako pasabidea itxi egin zuten, Israelen kontrako oihuen artean.
Iragarri zuten bezala, Hendaiako Carrefour saltegiaren aurrean kontzentrazioa egin zuten, multinazional frantses honek Israelekin dituen harreman komertzialak salatzeko. Zehazki, haien filial bat israeldar soldaduen elikadura hornitzailea baita, besteak beste. Elkarretaratzean egin zuten eguneko lehen hitzartzea.
Mirentxu Arbeletxe bozeramaileak nabarmendu zuen boikota egitea eraginkorra dela egiaztatu ahal izan dela nazioarte mailan. Emandako presioari esker, hainbat multinazional handiei haien estrategia komertziala eraldatzera behartu zaielako. Adibideak jarri ditu Arbeletxek, Puma kirol-arropa edota AXA aseguru-etxearenak, adibidez. Hendaian, Carrefour hautatzeko arrazoiak ere argiki eman dizkigu, eta "herritarrek kontzientzia hartuz gero, saltoki honetan ez gehiago erosteko hautua" har dezaten espero du.
Ondoren, poliziaren begiradapean Palestinaren aldeko manifestariak Hendaiako herriko etxe aitzinean egin zuten bigarren geldialdia, administrazio publikoei ere, neurriak har ditzaten galdeginez. Eta segidan hondartzako Zokoburuko gunean egin zuten eguneko azken geldialdia. Arratsaldean, Xiberoots taldearen kontzertuarekin eman zioten azken agurra martxari.
Irungo CAFera manifestaldia
Aurretik, aldiz, ostiralean eguerdian martxari Irungo San Juan plazan 'Ongi Etorria' egin ondoren, arratsaldean 600 lagun inguruk manifestazioa egin zuten Irungo CAF tren-ekoizlearen lantegiraino. Eusko Jaurlaritzak enpresa honi ematen dizkion laguntza ekonomikoak "berehala eten" ditzala exijitu diote. Haatik, asteburuan bertan, Mikel Jauregui, Industria Sailburuak argi utzi du Lakuaren agintarien jarrera zein den. "CAFek trenak ekoizten ditu, ez bonbak. Ez dira gauzak nahasi behar", aditzera eman du.
Irungo manifestaldian, aldiz, CAFeko langileen komiteko kideak pankartaburu, enpresaren "negozio zikinak eta jokamoldea" salatu zuten. "Langile asko gara mobilizatzen ari garenak aspaldi, eta Jerusalem hiriko tren azkarraren lanak oso aurreratuak dauden arren, gogoratu beharra dago esleitutako kontratuak 20 urteko kudeaketa ere barne hartzen duela", deitoratu zuten. Eta enpresa "garbiketa etniko baten konplize" dela salatu zuten.
Elkartasun uholdea
Palestinaren aldeko martxa amaitu da, baina elkartasun keinuek ez dute etenik. Gogoan hartu behar baita, Irunen adibidez, Landetxako bizilagunek astelehenetik ostiralera, egunero 20:00etan kazerolada egiten dutela auzoaren sarreran dagoen biribilgunean, Porcelanas zenekoaren parean.
Bien bitartean, Ibaitik Itsasora martxak izan duen oihartzunari dagokionez, Tuteratik Hendaiarako bide osoa egin duten aktibisten kasuan, herria mobilizatzeko balio izan duela uste dute. Martxa osoa egin duenetako bat da, Txuri Ollo. "Komunikabideetan ez dakit hainbesteko oihartzunik izan duen", kexu da, "baina herriz herri ikusgarria eta hunkigarria izan da ikustea hainbeste jende gazte bat egiten". Tuteran hasi zirenean ez zuten pentsatu ere egin, "Ibaitik Itsasora elkartasun martxa hau uholde bilakatuko zenik", aitortu digu.
Baina herritarrek ozen hitz egin duten bitartean, agintarien jarrera ere salatu nahi izan dute aktibistek. "Epelkeri hutsa azaldu dute, bada garaia hitzetatik ekintzetara pasa daitezen", dio Ollok.