Irungo Kateako bizilagunek hilabete daramate egunero Palestinaren aldeko kazeroladak egiten

Koldo Nausia 2025ko ira. 15a, 11:42

"Palestina Aurrera" lelopean Nafarroa zeharkatu ondoren, Ibaitik Itsasora martxa irailaren 20an Hendaian amaituko da egun osoko ekitaldi batekin. Landetxa-Katea auzoan, aldiz, hilabete daramate egunero kazeroladak antolatzen. 80 bat bizilagun biltzen dira astelehenetik ostiralera 20:00etan, lapiko-jotze eta burrumba eginez Gazako genozidioa salatzeko. Irungo auzoak mobilizatu daitezen animatu nahi dituzte. 

Bihar helduko da gure eskualdera Palestinaren aldeko Ibaitik Itsasora martxa. Irailaren 10ean Tuteran hasi zenetik elkartasun olatuak Gazako genozidioa geldiaraztea exijitzearekin batera, Israelekin harremanak dituzten tokian tokiko enpresa eta administrazioak salatu dituzte ibilbidean zehar, herriz herri, haien «konplizitatea azaleratuz». Irailaren 16an Donezteben geldialdia egingo du martxak eta, Malerreka-Baztan-Bortziriak, eta bertatik Bidasoaldera egingo du Hendaian bukatzeko. Azken lau etapak, zehazki, Doneztebe-Elizondo, Elizondo-Bera, Bera-Irun, eta Irun-Hendaia izango dira. 

Martxaren azken egunean Avenida zubia zeharkatuko dutela aprobetxatuko dute, egun osoko mobilizazio eta elkartasun eguna antolatzeko. Martxari ongi etorria eta mugari buruzko hitzartzea egingo dute Avenida zubian bertan 9:30ean. Ondoren, Carrefour supermerkatu multinazional frantsesak Israelgo militarren elikadura hornitzaile izatea salatuko dute, Hendaiako saltokiaren aurrean elkarretaratze batekin (10:45ean), eta 13:00etan, Zokoburun helduko da martxa itsasora ekitaldi batekin. Arratsaldean, "Palestina 50 potretetan" Sabri Girouden liburuaren aurkezpena egingo dute, eta ondoren "Terre Promise" ikusgarri tragiko komikoa aurkeztu ondotik, bertsolariak eta Xiberoots taldearen kontzertua ere antolatu dute. 

Landetxa-Katea auzoaren erresistentzia

Dena dela, Euskal Herrian bezala, aipatutako martxak gure eskualdean oihartzun handia izango badu ere, joan den irailaren 5ean Euskal Herriko 150 udaletxe baino gehiagoren aurrean Gernika-Palestina Herri Ekimenak egindako deialdiak ere, bidasotarrak mobilizatzera eraman zituen. Baita uztailaren 12an Etxara elkarteak Kasino Zaharrean antolatutako 200 lagunentzako bazkari solidarioan ere. 

Hala ere, palestinar herriaren aldeko aldarri nekaezina erakutsi dute Irunen ere, Katea auzoko bizilagunek azken asteetan. Joan den abuztuan Hondarribiko Etxara eta Emeki elkarteek norbere etxeko balkoitik lapiko-jotzeak egiteko deialdia luzatu zutenetik, Hondarribian hainbat lagun dira asteazkenetan San Pedro kalean elkartzen direnak burrunba egiteko.

Irunen, aldiz, deialdia ez da orokortu, baina Landetxa-Katea auzoan arrakasta gehiago lortu du oihartzuna baino. Izan ere, abuztu erditsutik, astelehenetik ostiralera arratsaldeko 20:00etan 60-80 lagun artean elkartzen dira auzoaren sarreran, Porcelanaseko biribilgunearen autobus geltokian. Burrunba egiten dute bizilagunek, eta aldarria Irungo gainerako auzoetara zabaltzeko beharra ikusten dute. Ekimenaren hazia jarri zuen bizilagunetako batek kontatu digunez, Auzo elkarteen federazioarekin harremanetan sartu dira, baina mementoz ez da beste auzorik hirian Palestinako genozidioa salatzeko antolatu. Agintarien partetik, aldiz, tokian tokikoetatik hasi eta Europaraino, «hoztasun handiz» jokatzen ari direla salatzen dute Landetxa-Kateako auzokideek.

Auzoan bertan, argitu dutenez «biltzen den jende gehiena adinekoa da», eta beraz, deialdia luzatu dute, auzoko elkarretaratzeak oraindik eta jendetsuagoak izan daitezkeelakoan baitaude. «Bilobak eta seme-alabak ditugu denok, eta sekulako tristuraz ikusten dugu Gazan haurrak erailtzen eta gosez akatzen ari dituztela ikusteak», dio ekimenaren sustatzaileetako batek, «tamalez, zer nolako baloreak ditu jendeak, bi urte eta gero normalizatu egin duela gizarteak gertatzen ari dena, nola da posible inork deus ez egitea?», gaineratu du, mobilizatu ezean isiltasuna konplize dela gogoratuz. 

Joan den ostiraleko elkarretaratzean egon ginen.