Haur eta gazteen Psikiatria Zerbitzua bere onera ekarri du Osakidetzak

Antxeta Irratia 2025ko ira. 23a, 11:11

Bidasoan lan egiten zuen psikiatrak lantokiz leku aldaketa eskatu zuenetik, eskualdean dauden 500 espedienteak Donostiako Alde Zaharreko Osasun Zentrora bideratu eta han eskaini diete eskualdeko adingabeei arreta. Hilabeteetako aldarrikapenen ondotik, orain, EPE baten bidez lortu du Osakidetzak plaza beste profesional batekin estaltzea, eta irailaren 22an hasi da zerbitzu ematen.

Irailaren 22an Bidasoa eskualdeko 500 bat familik arnasa hartzeko arrazoiak eskuratu dituzte. Baita haien argudioetan zuzen zebiltzatela egiaztatu ere. Izan ere, haur eta gazteen osasun mentalaren alde behar baliabideak exijitzeko manifestazioa egin zuten martxoan Hondarribian "Osasun mentalik gabe ez dago etorkizunik" lelopean. Eta Osasun Bidasoa plataformaren babes osoarekin. Joan den maiatzaren 31n 10.000 lagun baino gehiago bildu zituen manifestazioan, hain justu, Bidasoko ospitaleko Larrialdi Pediatrikoak eta Psikiatria Infanto-Jubenil Zerbitzua kendu izana salatu zuten ozenki Irungo kaleetan. 

Bidasoa ospitalean halako zerbitzuak ezinbestekoak direla azpimarratu izan dute haien aldarrikapenetan plataformatik. Eta osasun mentalari behar arreta eman behar zaiola. Soilik elikadura nahasmenduengatik Osakidetzak jasotako kontsulta kopuruak 2021ean %62,8 emendatu eta gero, 2022an %72,6ra igo baitziren. Eta horri gehitu behar zaizkio psikiatriari lotutako bestelako koadro eta diagnostikoak. Bereziki pandemia ondorengo urteotan gorakda nabarmena jaso baitute. 

Azken hilabeteetan zerbitzu hau berreskuratzeko mobilizatu dira familiak. F Salud Mental Irun taldeko hunkitutako familien bozeramaileak, Igor Medranok azaldu duenez, «2025eko martxoan egun batetik bestera kendu zuten psikiatria zerbitzua, eta Eusko Jaurlaritzak esan zigun haur-psikiatria espezialitatea sortu berria dela, eta lehen profesionalak 2028an graduatu eta lanean hasiko direla, baina gure seme-alabek ezin dute hainbeste itxaron». Aitzakia hutsa dela leporatu izan diete agintariei, izan ere, edozein psikiatra gai baita haur eta gazteekin lan egin edo espezializatzeko, orain arte egin izan den bezala.

Argudioak egiaztatu dituzte orain, Eusko Jaurlaritzak aditzera eman duenez, Irungo Osasun Mentaleko Zentroan haur eta gazteentzako zerbitzua berreskuratu baitu. Iaz bertan plaza zuen psikiatrak lantokiz leku aldaketa eskatu ondoren, zerbitzua eten egin behar izan zuten. Eta 2028 urtera itxaron gabe, estaldura zaileko Enplegu Publikorako Eskaintza (EPE) baten bidez lortu dute plaza estaltzea. EAE mailan halako sei plaza esleitu dituzte, eta horietariko bat Irunen egingo du lan. Osakidetzak aditzera eman duenez, «haur eta nerabeen osasun mentala funtsezko lehentasun bat» da. 

Irunen eskaintzen zen zerbitzu honetan zeuden 500 bat espedienteak 2024ko martxoan Donostira lekuz aldatu zituzten, eta han eman dute zerbitzu. Baina zenbait hilabetez psikiatrarik gabe egon ondoren, EPE bati esker sei plaza esleitu berri ditu Osakidetzak. Eta horietariko bat Irungo Osasun Mentaleko Zentroan zerbitzu ematen hasi da atzo, irailak 22an. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitu du, bien bitartean, Donostiako Alde Zaharreko Osasun Zentroan eskaini diela adingabeei arreta, «modu jarraituan eta bolumen asistentzialari eutsiz, itxaronaldiak murriztuz».