«Polbora usaia dakar goizeko lehen sugarrak» dio Iker Lauroba, Jon Martin eta Ana Narbartek bertsionatutako Ilunabarrak abestiak. Luis Eduardo Auteren Al alba abestiaren bertsioa da; frankismoak Txiki eta Otaegi FRAPeko hiru kiderekin batera fusilatu aitzineko egunean idatzi zuen abestia kantautoreak. Gaizka Ormaza Haizea eta sustraiak fundazioko kideak gogoan du 1975eko irailaren 27 hura, fusilamenduen eguna: «Ni gaztea nintzen oraindik, baina nahiz eta 18 urte izan gu jada kalean ginen garai horretan. Giroa Euskal Herrian oso-oso beroa zen. Nik oroitzen dut Txiki eta Otaegiren ekintza izan zela barruan genuen emoziorik gogor eta mintsuena. Eta sufrimendu asko egon zen hemen. Oroitzen naiz zelako grebak egin ziren; kalera irten ginen. Oso-oso gogorra izan zen. Francok eta inguruko politikak sortzen ziguten frustrazioa oso handia zen», azaldu du. Ahotsean ere nabari zaizkio sentipen horiek.
Txiki eta Otaegi: Haizea eta sustraiak
Haizea eta sustraiak kultur elkartea Txiki eta Otaegiren memoria gordetzeko xedez sortu zen orain dela urte batzuk. Ormaza bertako kidea da, eta azpimarratu du behar bati tiraka erabaki zutela elkartea eratzea: «Momentu batean ikusi genuen denbora pasatuz, Euskal Herrian oroimen asko galtzen ari ginela. Pentsatu genuen zerbait egin behar zela, eta hortik sortu genuen mugimendua», erran digu.
Izena bera ere, Txiki eta Otaegiri erreferentzia egiteko asmoz aukeratu zuten: «Txiki zen haizea. Extremaduratik etorri zen eta behar handiak zituen familia bateko kidea. Zarautzen hasi zen haien ama lanean, eta aita oso gazte hil zenez Txikiri tokatu zitzaion 7 senideen artean lan asko egitea. Anjel Otaegi sustraia zen. Gipuzkoar jator bat, oso mutil herrikoia».
Fundazioan lan ugari egin dituzte urte hauek guztietan; tartean, liburu bat osatu dute, baita ikus-entzunezko bat ere.
Pena handiko historia bat
Ormazak behin baino gehiago errepikatu du «pena handiko historia bat» dela gure herriarena. Gogoan du 1975eko irailaren 27ko fusilamenduen ostean lehendik handia zen mugimendua are gehiago nahasi zela: «Frantziatik, Europatik, Aita Santuak berak… egin zituzten aldarrikapenak», azaldu du. «Ez zen juiziorik egon. Sumarisimoa zen, eta militar sumarisimoan ez dago juiziorik. Hori beste sistema bat da, euren legea egitekoa».
Ormaza bereziki hunkitu da Txikiren azken orduei buruz solas egitean: «Magdak (Txikiren abokatuak) eta Mikelek (haren anaiak) aukera izan zuten Txikiren azken eguna berarekin pasatzeko, eta kontatzen zuten zelako sentimendu frustratua zuen Txikik bere azken bizitza-orduetan», dio. «Askatasun haizea» zela agurtu zituen Txikik biak, eta Eusko gudariak abesten zuen bitartean geldiarazi zizkioten bihotz-taupadak, tiroz.
Azpimarratu du ez dela ahaztu behar zein parametrotan gertatu zen guztia: «Franco golpista bat zen. Eta egun, norbaitek Espainiatik borroka armatua aipatzen duenean eta abar, ez du historia errekonozitu nahi. 1936tik bizi da Euskal Herrian borroka armatua, defentsa bezala» erran du. Izan ere, berak etxean ere zuzen-zuzenean bizi izan du Frankismoaren errepresioa: «Nire aita adibidez brigada zen, eta aprobetxatzen dut Ezpeletako herriari besarkada bat emateko, garai hartan bertan bizi baitzen nire aita».
Oroitu, aitortu, kontatu, omendu
Urtero Txiki fusilatu zuten lekura joaten dira fundazioko eta inguruko kideak. Bihar ere haranzko bidea hartuko dute, eta datozen egunetan ekintza kultural eta politikoak eginen dituzte bertan: «Gu Cerdanyolan izanen gara urtero bezala, arbola triste haren aurrean. Esan behar dugu oso hunkigarria eta polita izaten dela. Katalunian bizi den jende euskaldun asko etortzen da, eta batez ere, esan behar dut, gazte asko etortzen dela», azaldu du.
Transmisioaz eta oroitzeaz aritu gara Txiki eta Otaegiren erailketaren 50. urteurrena datorren honetan, eta egun hauetan horretarako tartea hartzen dutela erran digu Ormazak: «Denbora izaten dugu gazteekin mintzatzeko, eta inportantea da. Gaurko egoera politiko nahasia ere aipatzen dugu», erran digu.
Aitortzaren eta erreparazioaren beharra azpimarratu du, erranez «hemen ezin dela aurrera egin politika arloan ez bada aintzat hartzen nondik gatozen, zer garen eta zer nahi dugun». Azken mezu bat eman nahi izan die arduradun politikoei: «Batzuk ematen du ez dutela nahi jakin herri honen historia. Herri honen sufrimendua. Herri honen aldarrikapena. Guk, herri bat izan nahi dugu, ezer gehiago. Eta demokrazia baldin badago, erabaki dezagun. Utzi diezagutela erabakitzen».
Argazkia: Naiz.eus