Birziklatze datuen hobekuntzan sakondu nahi du Txinzerrek Anzaran eta San Miguelen ere

Koldo Nausia 2025ko ira. 25a, 16:56

Bidasos2030 kanpainari esker hondakin organikoa bereizten zuten Irungo eta Hondarribiko 17.600 etxeetatik (%50) 21.000ra (%64ra) emendatu da. Lucas de Berroa kalean jarri dute bulego ibiltaria, azaroaren 4a arte San Miguel, Anzaran eta Pinudian kanpaina egiteko.

Txingudiko zerbitzuek 2023 urtean hondakin organikoen bereizketa hobetu asmoz abiatu zuten Bidasos2030 kanpaina San Miguel, Anzaran eta Pinudi auzunetara iritsi da. Azaroaren 4a arte ingurumen hezitzaileak etxez-etxe informatzen ariko dira, eta kanpainaren bulego ibiltaria Lucas de Berroa kalean egongo da, herritarrek bilketa organikoan izena eman dezaten.
 
'Birziklatu, etorkizuna zaindu' lelopean, kanpainak "norbere egunoroko ekintza txikiek aldaketa handiak ekartzen ahal dituztela" kontzientzia har dezagun bilatzen duela nabarmendu du Cristina Laborda Irungo alkateak. Eta orain arteko emaitzek baieztatu egin dute honakoa, bidasotarren ohituretan eragina izan baitu. Azken urteetan eskualdeko birziklatze-tasak %52 inguruan jasan zuen "geldialdiaren seinaleak" gainditu ditu Txinzerreko kudeatzaile Leire Zubiturren arabera.
 
Organikoan hobekuntza nabaria
 
Bizpahiru urte hauetan sentsibilizazio kanpaina aurrera eraman duten Irungo eta Hondarribiko auzoetan, oro har, %50etik %70era emendatu baita hondakin organikoan alta emandako erabiltzaile kopurua. Gaur egun 36.000 etxebizitza abonatu daude eskualdean, eta horietatik 2023 urtean 17.600 bat ziren organikoa bereizten zutenak. Eta gaur egun 21.000 dira kontainer marroia erabiltzeak Txinzerreko hondakinen tarifan dakarren hobaria aprobetxatzen duten etxebizitza aktiboak.
 
Bilakaera positiboa izan du Bidasos2030 kanpainak. Hala ere, Zubiturrek aitortu du "oraindik asko dagoela hobetzeko, eta partaidetza handitzeko eta erabiltzaileek erabilera efektiboa egiteko lanean jarraitu beharra dago". Alde horretatik, orain artean, eskualdeko 36.000 abonatu partikularren %64 organikoa bereizteko konpromisoa hartu badu ere, horietatik egitan %80ak altxa ohi du kontainer marroiaren tapa bere poltsa jaurtitzeko. 
 
Horrekin guztiarekin, kanpaina honi esker, birziklatze-tasa urtero %1-%1,5 igotzea lortu dute, eta 2030 urterako Europak agintzen duen gutxieneko %60ko tasaren erronka hurbil du Irun-Hondarribiak. "Une honetan %58an gaude, legea betetzetik bi puntura besterik ez, baina Eusko Jaurlaritzaren irizpideak jarraituz hemen asmo handiagoak ditugu, eta %70era heltzeko erronka onartu dugu", adierazi du Txinzerreko kudeatzaileak.
 
Errefusaren %67 birziklagarria da
 
Horretarako, Bidasos bulego ibiltaria eskualdeko auzo guztien itzulia amaitzeko falta zaizkien Irungo (3) eta Hondarribiko (2) auzoetan organikoa bereizi beharraren mezuan sakonduko dute 2026an. Eta behin kanpaina amaituta, organikoarekin ez ezik, gainerako hondakinen birziklatzean hobetzen jarraitzeko kanpainak egingo dituzte. Izan ere, errefusaren (edukiontzi grisa) analisia eginez, bertan biltzen den zaborraren %67 ez luke hor bukatu behar.
 
Txinzerrek bildutako datuen arabera, horren %34 organikoa da. "Tona kopuruan pisu gehien duena da, herritar bakoitzak urtean 80 kilo sortzen baititu, eta hobetzeko marjina gehien eskaintzen duena", dio Zubiturrek. Baina errefusaren %13 ontzi arinak diren bitartean, %7 papera/kartoia da, eta beste %6 oraindik birziklatzen ez den beira. Eta beraz, beren etxeetan birziklatzen ez dutenak animatzeaz gain, dagoeneko hondakinak bereizteko ohitura duten bidasotarrek hobetu dezaten bilatuko dute kontzientziazioaren bidez. Birziklatzen duenak ere, ez duelako %100a sailkatzen