Gipuzkoako adinekoen erresidentzia eta eguneko zentroetako langileak greban

Koldo Nausia 2025eko irailaren 25a

Irungo Ama Xantalen erresidentzian ere mobilizatu dira gaur, Gipuzkoako langile publikoen eta azpikontratatuen artean 10.000 euro baino gehiagoko soldata arrakala dagoela salatzeko.

Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek iraileko bigarren greba eguna dute gaurkoa. Hori dela eta, elkarretaratzeak egin dituzte Irungo eta Errenteriko adinekoen egoitzetan, enpresa esleidunei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari langileen artean dagoen soldata arrakalarekin amaitzeko exijitzeko. Lanaldi osoko kontratuak ere eskatzen dituzte. 

ELA sindikatuak aztertutako datuek agerian utzi dute egun sektorean langile gehien biltzen dituen erizain laguntzaileen kasuan, "%25eko soldata arrakala dagoela lan berdina egiten duten erizain laguntzaile publiko edo azpikontratatuen artean". Urtean 10.000 euro baino gehiagoko aldea suposatzen du horrek. Eta arrakala hori are handiagoa da langileen ia erdien kasuan, kontratu partziala izateagatik diferentzia nabarmenagoa baita. "Arrakala bikoitza" jasaten dutela salatzen du ELAk. 

Izan ere, sektore honek biltzen dituen 5.000 langileen artean partzialtasuna %45ekoa da, eta administrazio publikoak eskaintzen duen zerbitzua bada ere, azpikontratazioa %93koa da. ELAk gogoratu du, "langile gehienak emakumeak direla, genero arrakalan txapeldun da sektorea, langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak izaki". Sindikatuak auzi horiek behin eta berriz mahai gainean jarri baditu ere, ez aldundiak, ez enpresek, ez dute urratsik egin konponbiderako. Horregatik, langileek hitzarmen berriaren negoziazioa aktibatu dezaten aldarrikatzen dute.