Israelgo armadak 'Gazarako Flotilla' eraso duela salatzeko elkarretaratzera deitu dute Bidasoaldean eta Bortzirietan

Antxeta Irratia 2025ko urr. 2a, 11:46

Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria kolektiboak eta Palestinarekin Elkartasuna elkarteak elkarretaratzera deitu dute Euskal Herriko hiriburuetan ez ezik, herriz herri ere. Gure eskualdean Urruña eta Hendaiako herriko etxeen aitzinean kontzentrazioak deitu dituzte gaur, urriak 2, 18:00etan "Flotilla erasotu dute! Denok Kalera" lelopean, eta Irunen eta Hondarribian ere udaletxe aurrean 19:00etan “Gazako Setioa Hautsi! Israel desegin!”. Bortzirietan, aldiz, Berako udaletxe aurrean egingo dute, 19:00etan. 

Elkartasun Flotillak Gazarantz jarraitzen badu ere, hau osatzen zuten 540 ekintzaileetatik 200 atxilotu dituzte Israelgo militarrek gau honetan. Flotillak salatu du, atzo 19:30ak aldera nazioarteko uretan ari zirela, abian jarri zuela Isralego armadak operazioa, eta Gazako zerrendatik 130 kilometro baino gutxiagora zeudenean (70 bat itsas-miliara) 44 ontzietatik gutxienez sei geldiarazi zituztela 23:00etarako. Goizeko 5:00etan Palestinako kostaldetik 48 itsas-miliatara zeuden. Eta ur-kainoiekin erasotu dituztela jakinarazi dute. Gertakari hauek salatzeko, gaur mobilizazio deialdi andana bat egin dute Palestinaren aldeko herri eragileek Euskal Herri luze-zabalean.

Gure eskualdean, arratsaldeko 18:00etan Urruña eta Hendaiako herriko etxeen aurrean elkarretaratzera deitu dute "Flotilla erasotu dute! Denok Kalera" lemapean. Irunen eta Hondarribian, aldiz, 19:00etan egin dute elkarretaratzeko deialdia, udaletxeen aurrean, “Gazako Setioa Hautsi! Israel desegin!”. Bortzirietan, aldiz, deialdi komuna egin dute, eta Berako udaletxe aurrean mobilizatuko dira 19:00etan. Era berean, euskal hiriburuetan deitutako mobilizazioei dagokienez, Donostian, 19:00etan manifestazioa egingo dute Bulebarretik abiatuta. 

Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria kolektiboak kaleratutako oharrean, irmoki salatu du Israelgo okupazio indarrek nazioarteko uretan Global Sumud Flotillaren aurka egindako erasoa. «Nazioarteko itsas zuzenbidea urratu baitu dute, eta inoizko hondamendi humanitariorik larriena gertatzen ari den honetan, erregimenaren inpunitatea» nabarmendu du. Kolektiboak grebara deitu du gaur arratsalderako, eta Palestinarekin duen konpromiso «hautsezina» berretsi du. Laguntza humanitarioa «berehala eta segurtasunez» irits dadila exijitu du.