Jaurlaritzak bertan behera utzi du angularen arrantza, espeziearen egoera kritikoaren aurrean

Aitor Errazkin 2025ko urr. 7a, 12:21

Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du 2025-2026 urteetarako angularen arrantza-kanpaina, espeziearen egoera kritikoaren aurrean. Eguzki talde ekologistak eta Mutriku Natur Taldeak erabakia albiste oso ontzat hartu dute, urte luzez eskatzen ari ziren neurri bat delako. Bi taldeek azpimarratu dute Jaurlaritzak, azkenean, ebidentzia zientifikoak eta Arartekoaren gomendioak kontuan hartu dituela.

Eguzki talde ekologistak eta Mutriku Natur Taldeak pozik hartu dute Eusko Jaurlaritzak angularen (aingira gaztea) arrantza-kanpaina bertan behera uzteko erabakia. Ekologiston arabera, espeziearen egoera oso larria da eta urteak daramatzate zientzialariek arrantza gelditzeko eskatzen.

Jaurlaritzak adierazi du azken txosten zientifikoetan oinarritu dela, eta horiek baieztatzen dute aingira europarra “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo” dagoela. Arartekoak ere ohartarazi zuen aurretik onartutako dekretuak angularen arrantza profesionalizatzea helburu zuenak  ez zuela oinarri zientifikorik eta Europar Batasunaren araudiaren aurka zihoala.

Talde ekologistek gogorarazi dute urte luzez kritikatu dutela profesionalizazio-dekretua, eta uste dute Arartekoaren azken ebazpena funtsezkoa izan dela Jaurlaritzak jarrera aldatzeko. “Azkenik, zientziaren eta biodibertsitatearen aldeko urratsa egin da”, adierazi dute Eguzki eta Mutriku Natur Taldeko kideek.

Hala ere, ohartarazi dute erabaki hau berandu datorrela, eta aingira europarra dagoeneko egoera larrian dagoela. “Hurrengo urratsa espeziearen berreskurapena bermatzeko neurri eraginkorrak ezartzea izango da”, gaineratu dute.