Biook elkarteak "Bioaniztasunari buruzko datu irekiak" proiektua abian jarri du Gipuzkoako ikastetxeei zuzenduta. Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, lurraldeko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 20 ikastetxek haien inguruko biodibertsitatea mapeatu eta monitorizatzeko aukera izango dute. Ricardo Mutuberria, Biook elkarteko zuzendariaren ustez, 2030 Agendari lotutako helburuetan lan egiten duten eskolentzat aberasgarria izan daiteke. «Erronka polita da eta oso sistema erraza bideratzen dugu ikastetxe bakoitzak bere proiektua gauzatzeko, eta ingurumen kontzientzia sustatzeaz gain, zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika ere lantzen dute», nabarmendu du.
Zientzia eta teknologia berriak
Bilboko Udalaren laguntzarekin dagoeneko bertako zenbait ikastetxetan aurrera eraman dute proiektua. Eta aurten Gipuzkoara zabaldu dute hiritar-zientzia egiteko aukera. «Ikasleak dira protagonistak, ikastetxea ikerketa zentro bat balitz bezala, ikasleek smartphoneekin argazkiak ateriaz datuak biltzen baitituzte», azaltzen du Mutuberriak. «Norbere inguruko naturagunean edo basoan izaki bizidun basatiak bilatu, identifikatu eta argazkiak besterik ez ditu egin behar», dio. Horretarako,"Obsidentify" plataformaren aplikazioa erabiltzen dute, eta tresna digital horien edukiak euskarara itzuli dituzte ikastetxeek erabil ditzaten.
Horrela, teknologia berriei esker, gazteek natura esploratu eta zientzialari lanak egiteko aukera dute. Izan ere, proiektua ez da ikasgelara mugatuko. «Bildutako informazioa ikerlariek edo herritarrek erabiltzeko aukera izango dute gero», argitzen du Biook elkarteko zuzendariak, «ikastetxe bakoitzak egindako behaketak adituek egiaztatu ondoren, Global Biodiversity Information Facility (GBIF) datu basean sartuko dira, hau da, bioaniztasunari buruzko munduko datu baserik handienean». Hortaz, norbere udalerriaren edo parte baten biodibertsitatearen mapa osatuko du, eta informazio hori betiko egongo da erabilgarri.
"Obsidentify" aplikazioa erabiliko dute datuak Global Biodiversity Information Facility datu-basea elikatzeko.
Urriaren 20an itxiko dute parte hartu nahi duten ikastetxeentzako izena emateko epea. Eta iragarri dutenez, programa abenduan amaituko da, emaitzen txosten bat egin eta aurkeztuta. Bildutako informazio guztia, aldiz, identifikatutako espezieetatik geolokalizazioraino, eskuragarri eta irekita egongo da "Observation" plataforman, "Gipuzkoako bioaniztasunari buruzko datu irekiak 2025" erronkaren barruan.
Informazio guztia www.biook.org ataria eskura dago, eta haiekin zuzenean harremanetan sartzeko posta elektroniko honetara idatzi ahal da: hello@biook.org
Zientzia ireki eta parte-hartzailea
Oraingo honetan, Irungo eta Hondarribiko ikastetxeei zuzendutako ekimena da honakoa. Baina azken urteetan hiritar-zientzia sustatzen duten antzeko proiektuak ugaritu egin dira, teknologia berriek zientzia ere demokratizatu dutelako. Urrutira joan gabe, Urruñako Biodibertsitatearen Mapa proiektua gauzatzen ari da bertako herriko etxea biztanleekin batera. Eta zientzia erakunde ezberdinek ere, hiritar-zientziaren bitartez informazio iturri baliagarria eskuratu dute hainbat proiektutan. Aranzadi Zientzi Elkarteak, adibidez, “Sugebizi” proiektua abiatu zuen 2020 urtean, sare sozialetan bitartez, «zientzia eta kontzientzia sortzeko». Eñaut Agirre Goia eta Iñaki Sanz Azkue aritu dira proiektuan, eta ibilian-ibilian, Euskal Herriko narrastien mapa liburua ere aurkeztu zuten iaz.
Era berean, AZTI erakundeak LEMA izeneko proiektuan Irungo eta Hondarribiko ikasleen laguntza jaso zuen ere. Hiritar-zientzia egiteko helburuarekin, eskolartekoekin eta Albaolarekin lankidetzan abian jarri zuten 2020 urtean. Albaolak sortu eta haurrek apaindutako egurrezko mila itsasontzi txiki itsasoratu zituzten, eta ur-korronteen menpe utzita, hondakinek egiten duten ibilbidea identifikatzeko helburuarekin. Askatu zituzten ontzien %40 berreskuratu dituzte orain artean, itsas-hondakinek egiten duten nondik norakoari buruzko informazio aberatsa eskainiz.
Oraingo honetan, Biook elkarteak proposatzen duen proiektu xumeak, ikasleek zientzia egitea bilatzen du baina «beren proiektua gidatzea eta koordinatzea, naturarekin konektatzea eta bioaniztasunaren garrantziaz jabetzeaz gain, benetako aplikazioa izango duen datu-bilketa batean parte hartzea» suposatuko duela nabarmentzen du Ricardo Mutuberriak. Azken batean, norbere herriko biodibertsitatea ezagutu eta mapeatzeko aukera emango baitu.